Otxantegi Herri Lurra defendatzeko protesta egin dute Berangon

Otxantegi Herri Lurra defendatzeko protesta egin dute Berangon

Olatz Silva Rodrigo

Otxantegi dorretxea Berangoko eraikinik zaharrena da, eta, haren inguruan, nekazari lurrak izan daitezkeen hainbat hektarea daude. 2021eko udaberrian, Otxantegi Herri Lurra proiektua jarri zuten martxan hainbat lagunek, eta herri ortu bat egin zuten. Iazko apirilean, egitasmoaren aurkezpena egin zuten. “Lurra defendatzea da gure helburua”, azaldu du Maddalen Markaida proiektuko kideak. Adierazi duenez, proiektua arriskuan dago orain: bostehun etxebizitza baino gehiago egin nahi dituzte, eta hortik bota nahi dituzte. Hori dela eta, taldeak kontzentraziora deitu zuen asteartean, Berangoko udaletxearen aurrean.

Proiektuaren ardatza ekologista da. “Berangon eta, oro har, Uribe Kostan egiten ari diren hirigintza planen kontra borrokatzea da helburua”. Izan ere, Markaidak nabarmendu du eskualdean nekazari izatea “oso gaitza” dela: “Ez baduzu familiarengandik lurra jaso, oso garestia da lurra izatea; eta lurra izanda ere, ez dizkizute erraztasunak ematen nekazari izateko”. Gogoratu duenez, duela gutxi Agroasanbladako kide bati isuna jarri diote Itzubaltzetan bendeja egiteagatik.

Baratzea ez da bertan egin duten bakarra. Besteak beste, konpost tailerra egin dute, baita argazkigintza tailerra ere. “Hilean behin, gainera, auzolanak antolatzen ditugu, ortu lanak edota etxearen konponketak egiteko”. San Joan gaua eta Gau Beltza ospatu dituzte, eta proiektuaren urteurrena bihar egingo dute.

Berangoko lur gehienak “bi familia aberatsen” izenean daude. Eta Agirre familiarena da Otxantegi. “Bazekiten hor geundela, eta hasieran ez zuten arazorik jarri”. Aurkezpena egin zutenean, ordea, proiektuaren “oihartzunaz” jabetuta, udalak familiari “presioa” egin ziola uste du Markaidak. Izan ere, egitasmoa jorratzen hasi eta urtebetera, salaketa heldu zitzaien. “Urte amaieran izan genuen epaiketa, eta emaitza nahiko txarra izan genuen”. Nahiz eta helegitea jarri, bertatik botako dituztela esan diete. “Oraindik ez dugu datarik”. Dena den, Markaidak argi du “azken momentura arte borrokatuko” direla.

Beste aisialdi mota bat

“Etxebizitza kopurua urte gutxian bikoiztu nahi dute Berangon; hori gehiegikeria bat da”. Markaidak azaldu duenez, udalak argudio gisa erabiltzen du etxebizitza sozialak sortuko dituztela. “Baina ez du borondatez egiten, legeak eskatzen dion gutxiengoa betetzeko baizik”.

Basoa, erreka eta ingurua baloratu beharra azpimarratu du Otxantegi Herri Lurreko kideak. “Herria, taberna eta plaza beharrezkoak dira, baina bestea ere bizi kalitatearen parte da”. Beste aisialdi mota bat sustatu nahi dute, bizitza lanera eta kontsumora mugatuta egon ez dadin. “Ihesleku bat izan dadin nahi dugu, asfaltotik irteteko aukera bat. Jendea Berangora eta horrelako herrietara etortzen da hiritik ihesi, baina, horrela jarraituta, hirietan dugun bera izango dugu hemen”.