Deustu eta Ingeniaritza Eskola arraunean lehiatuko dira gaur

Deustu eta Ingeniaritza Eskola arraunean lehiatuko dira gaur

Mikel Garcia Martikorena

Deustuko Unibertsitatearen eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolaren arteko lehiaren garaileak biltzen duen garaikurrak lerro berri bat gehituko du gaur. 19:00etan Bilboko itsasadarraren urek bi unibertsitateen arteko estropada hartuko dute. Aulki mugikorreko ontzian izango da lehia. Ontzi bakoitzean zortzi arraunlari eta lemazain bat egongo dira. Traineruek Erandioko Altzagatik irten, eta lau itsas miliako ibilbidea —7.408 metro— egingo dute, Bilboko udaletxearen parean amaitzeko. Aurtengoa 41. aldia da, eta Deustu da faboritoa, iaz eta duela aste gutxi egin zen proba birtualean galdu arren.

Iñigo Martinez de Alegria Ingeniaritza Eskolako entrenatzaileak nagusitasuna aitortu die Deustuko arraunlariei, eta, hark dioenez, aurtengo proba birtualak eta joan den urteko estropadak “ez dute hori aldatuko”. “Deustuk dena emango du irabazteko”, gaineratu du Martinez de Alegriak. EHUko entrenatzailearen usteak baieztatu ditu Azael Rodriguez Deustuko Unibertsitateko entrenatzaileak: “Minduta gaude iaz galdu genuelako. Hortzak erakutsiko ditugu, aurtengo estropada irabazi ahal izateko”.

Min hori da, Rodriguezen ustez, irabazteko aukerak emango dizkiena. Martinez de Alegriak, baina, Deustuk min hori “baino gehiago” duela uste du: “Maila oso altuko arraunlariak ditu”. EHUko entrenatzailearen arabera, Deustuk duen indargunerik garrantzitsuena taldearen sendotasuna da: “Sekulako fideltasuna lortzen du arraunlarien artean, eta urtez urte talde garrantzitsua mantentzen du”. Deustuko arraunlariak “goi mailakoak” diren arren, Ingeniaritzakoak ez dira atzean geratzen. Gaurko ontzietan Hondarribia, San Juan, Zierbena edo Isuntza arraun taldeetan dabiltzan kirolariak ibiliko dira itsasadarrean zehar arraunean, urtero legez.

Historiak Deustuko Unibertsitatearen alde egin du: egun arte jokatutako berrogei aldietatik 24 irabazi ditu jesuiten traineruak, 25 aldiz EHUko Ingeniarien aurretik udaletxera heldu diren arren. Izan ere, berrogei aldi jokatu dira, baina 39 irabazle egon dira: 1991. urteko proba baliogabetuta dago, eguraldi txarragatik hiru itsas miliatara laburtu zutelako estropada. Hala ere, aurtengo aldiari lotutako denak Ingeniaritzakoen alde egin du: proba birtuala irabazi dute, eta kalea aukeratzeko zozketan txanpona haien alde erori da.

Hori nahikoa izango da? Entrenatzaileek ez dute uste irabazlea zehazten duenik; dena den, ezin uka aurreneko pausoa dela. Rodriguezek dio Deustuk itsasadarraren “bazterrik txarrenean” arraun egiteak eragin dezakeela.

Arraunlari denak maila altukoak diren arren, Ingeniaritzakoek “zenbait galera” garrantzitsu dituztela azpimarratu du haien entrenatzaileak. Martinez de Alegriaren iritziz, ezingo dute jakin zehatz-mehatz nork egingo duen arraun lasterketa hasi baino ordu batzuk lehenago arte. Horregatik, euren indargunea “ilusioa” dela dio: “Nahiz eta ahalmen mugatua dugun, ilusioz beterik irtengo gara itsasadarrera, eta gogoak batzuetan mirariak egin ditzake uretan zaudela”.

Abantailak sortu

Martinez de Alegriak dio “asko ahalegindu” beharko direla Deustuk estropada irabazi nahi badu, “printzipioz maila bat beherago” dauden arren.”Arraunlari askorentzat aurreneko aldia da, eta gogotsu daude estropada ona egiteko”. Rodriguzek, bestalde, “umil” mantentzea nahiago du, “horrek ia beti ondo funtzionatu” diola baitio.

Deustuko entrenatzaileak ibilbidearen bi momentu “giltzarri” azpimarratu ditu: irteerako unea eta Elorrietako bihurgunea Bilbora sartzerakoan. Haren ustez, taldeek hor har dezakete abantaila. Joan den urtean, bi ontzien arteko aldea 42 segundorena izan zen. Tarte handia badirudi ere, EHUko entrenatzaileak esan du “lehia gogorra” izan zela. Izan ere, aurreneko bi kilometroetan parez pare zeuden.