Baserritar berrien laborategia Berrizen

Baserritar berrien laborategia Berrizen

I. Maruri Bilbao

Beste sektore batzuetan egiten den legez, Durangaldean, lehen sektoreko proiektu berriak martxan jartzeko gune bat eskainiko diete ekintzaileei aurrerantzean. Joan den astean aurkeztu zuten Berrizen Haztegia izeneko gunea. “Helburua da pertsona berriak nekazaritzan sartzea; prozesu hori erraztea”, azaldu du Urkiola landa garapen elkarteko teknikari Ibon Goitiak. Eskualdeko gazte biri lursail bat utzi diete, Haztegia izeneko gune horretan dagoena, bakoitzak bere proiektua garatu dezan. Hiru urtez probatuko dute, ikus dezaten ogibidea gustukoa duten eta pentsatu duten proiektua bideragarria den. “Eskaintzen duguna da esperimentatzeko lursail bat, negutegia, baliabideak, prestakuntza, aholkularitza eta babes legal eta fiskala”, zehaztu du Goitiak.

Durangaldeko Elikadura Estrategiaren barruan sortu da Haztegia, haren esanetan. Bost ildo nagusi ditu estrategiak: kultura, merkaturatzea, ekoizpena, zikloa ixtea eta ezagutza. “Helburua da eskualdea erresiliente bihurtzea. Horrek dakar herritarrak, familiak, erakundeak… inguruarekin konprometitzea”. Elikaduraren ardatzean, ikerketa bat egin zuten 2019an: 55 eta 65 urte bitartean dituzten eskualdeko ekoizleak elkartu zituzten. Ohartu ziren Durangaldeko nekazaritza ustiategien %40 desagertuko direla datozen hamar urteetan, errelebo faltagatik. Horregatik erabaki dute Haztegia martxan jartzea.

Zer egin zezaketen pentsatzen zebiltzala ezagutu zuten halako haztegiak bultzatzen dituen Espainiako sarea: RETA Red de Espacios Test Agrarios. “Guk lortu nahi duguna da hiru urtean behin nekazari berri bi sartzea lehen sektorera Durangaldean”.

Baldintza bat bete behar dute parte hartzaileek: proiektua ortugintza ekologikoari lotuta egongo da ezinbestean. Dagoeneko aukeratuta dituzte lehen gazte biak: Jon Berasaluze durangarra eta Ander Zorrakin elorriarra. Zorrakinek oraindik ez daki zer egingo duen zehatz: “Denetarik probatu nahi dut. Ikusi merkatua zelan dagoen, jendeak zer eskatzen duen eta zelan hobetu daitekeen produkzioa”. Gogotsu dago, baina “errespetua” dio nekazaritzari, orain arte harreman “txikia” izan baitu sektorearekin.

“Sakrifikatua”

Ingurumen Zientziak ikasi zituen unibertsitatean, eta ikasketak bukatzean egin beharreko praktiketan “ortuarekin harremana” izan zuen Zorrakinek: “Interesa sortu zitzaidan, eta ikusi nuen izan zitekeela nik hartzeko bidea. Baserritar batekin jarri nintzen harremanetan; liburuak irakurri ditut, bideoak ikusi ditut eta informazioa jaso dut”. Ekoizle haren bitartez izan zuen Haztegiaren berri, eta Urkiola Landa Garapen elkartekoekin harremanetan jarri zen, parte hartzeko asmotan.

Badaki ofizio “gogorra” dela, “sakrifikatua”: “Ezagutzen ditudanak udaberritik aurrera lan eta lan ibiltzen dira, atsedenerako eta oporretarako asti barik. Zaila da zu kanpora joateko beste norbait uztea baserriaren kargu”. Hala ere, bere inguruan ikusten du gazteei, oro har, “lan polita” iruditzen zaiela. Horregatik proiektu honek ematen dien moduko babesak behar dituztela esan du Zorrakinek.

Berasaluzek eta biek etengabeko formakuntza jasoko dutela azaldu du Goitiak. Hazi arduratuko da horretaz. Gainera, bakoitzak tutore bat izango du: Durangaldeko ekoizle ekologiko bat izango dute bidelagun.

Besteentzako eredua

Oraingoz, probatu egingo dute Haztegia, eta, lortutako emaitzen arabera, erabakiko dute halako gune gehiago sor daitekeen Durangaldean. Gainera, gazteak erakartzeko zailtasuna ez da haieneko arazoa bakarrik, eta beste eskualde batzuetan ere baliagarri izan daitekeela deritzo Goitiak.

Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak esan du lehen sektoreak “berritzeko beharra” duela Bizkai osoan: “Sektorera gazteak gerturatuko direla bermatu behar dugu jarduerari eusteko. Ekintzailetza bultzatu behar dugu. Ustiategiak martxan jartzen lagunduko dieten baliabideak eta tresnak hornitu behar zaizkie, lagunduta eta aholkatuta sentitzeak ematen duen segurtasunarekin”. Antxustegiren arabera, Haztegiak bat egiten du belaunaldi arteko erreleboa bermatzeko foru estrategiarekin.