Musika egitea musikatik kanpo egon ohi diren elementuekin

Musika egitea musikatik kanpo egon ohi diren elementuekin

A. Igartua Aristondo

Itogin baten zarata dirudi. Tantak erortzen ari dira, azkar, metalezko ontzi batean. Erritmoa ezartzen dute. Eta, bat-batean, piano baten notak aditu dira. Eta aurrerago, batuko dira klarinetea, paperaren soinua, arroz aleen zarata beiraren kontra, Milango (Italia) tranbiaren tarrapata, eta hango institutu bateko bi atezainen berba xuxurlatuak, zutabe baten atzean hitz egiten. Doinu horiek denek osatzen dute Lorea Oar-Artetak ondutako Espora 18.11.2022 soinu pieza. Itsasoari so, kadmio gorria ez da etorri erakusketan, Bilboko Itsasmuseumen, aurikular pare bat ipini ditu egileak.

Doinuotako batzuk ohikoak dira musika piezetan, eta beste batzuk ezohikoak, baina Oar-Artetaren sorkuntzan denek balio dute. “Soinu batzuk berreskuratu nahi ditut nire piezarako: musikalak ez diren espazioetatik datoz nigana, baina gurekin bizi dira”. Egunero entzuten dira, baina nekez jartzen zaie arreta, artistaren irudiko. “Edo, arreta jartzekotan, ez dugu soinua interesez entzuten: itogin bat aditzean, seinale asaldagarritzat jotzen dugu (matxura bat), soinuaren beraren esentzia, tonua eta erritmoa ahaztuta, soinuak inguratzen zaituen kontuan hartu gabe…”.

Alabaina, bestelako esangura dute Oar-Artetarentzat, eta hala irudikatu ditu. “Ahalegintzen ari naiz corpus zentzudun bat sortzen zaratatxoak eta soinuak elkartuta, tonuari, erritmoari, testurei… erreparatuta, eta jatorria bazter utzita”.

Aurikularren parean, argazki bat jarri du: Le Larraskito Kluba 2016. “Bilboko lekurik undergroundena izan da. Haren bidez, beste era bateko soinuetara hurbildu nintzen. Ikastaro batean ikasi nuen badagoela mundua pentagramatik kanpo”.