Nekaldiko irudiak, Aste Santuaren zain

Nekaldiko irudiak, Aste Santuaren zain

Ibai Maruri Bilbao

Biltegi eta erakustoki da, aldi berean, Bilboko Aste Santuko Pausuen Museoa. Urte osoan irudiak gordetzeko leku bat behar zuen Bilboko Penitentzia Kofradien Anaidiak, eta Bilboko Udalak Zazpikaleetako alondegi zaharra eskaini zien 1990eko hamarkadan. XVIII. mendeko eraikin neoklasiko bat da. Lekua txukundu, eta publikoaren eskura jartzea erabaki zuten: “Balio artistiko handiegia daukagu urte osoan ezkutuan gordeta edukitzeko”, esan du museoko zuzendari Javier Goitiak. Hala inauguratu zuten museoa, 2001ean.

Euskal Herriko irudigile garrantzitsuenen irudiak dituzte Bilboko kofradiek: Higinio Basterra, Jose Maria Garros, Juan Guraia, Ricardo Iñurria, Juan Larrea eta Quintin de Torre, besteak beste. Baita Andaluziako eta Gaztelako (Espainia) irudigile ezagunenek egindakoak ere. Bilboko Aste Santuaren lehen aipamen idatziak XVI. mendekoak dira: 1554an iritsi zen hiriburura, tradizio kristauaren arabera, Jesu Kristo gurutziltzatu zuten gurutzearen ezpal bat, eta haren kargu egiteko sortu zuten lehen kofradia, Egiazko Gurutze Santuarena.

Museora sartu eta ezkerretara, bitrina batzuetan, haren historia ezagutu daiteke, baita gaur egun Bilbon dauden gainontzeko zortzi kofradia eta anaidiena ere. Bederatzi erakundeei lotutako informazioaz gain, haiekin lotura duten elementuak ere ikus daitezke; besteak beste, prozesioetan erabiltzen dituzten abituak, intsentsu ontziak eta estandarteak.

Lehen solairuko eskumako aldean, hainbat pausoren andak daude. Izan ere, museoan ez daude Aste Santuan prozesioetan ateratzen dituzten irudi guztiak. Haietako batzuk tenpluetan egoten dira urtean zehar, fededunek gurtu ahal izateko. Horregatik, Goitiak aholkatu du bisita bukatzerakoan elizetara joatea, irudi horiek ere bertatik bertara ezagutzeko. Berbarako, egun ateratzen dituzten irudietan zaharrena, Juan Mesaren Hiribilduko Kristo (1615) handik gertu dagoen Joan Santuen elizan egon ohi da.

Bilboko Aste Santuko Pausuen Museoa

Artea eta debozioa

Goiko solairuan daude tenpluetan egoten ez diren irudiak. Haien bitartez, Jesu Kristoren nekaldi osoa ikus daiteke. Goitiak museoko irudi bi nabarmendu ditu, balio artistikoagatik: Jesus zaztatua eta Ecce Homo-a, biak Iñurriarenak. Herritarrek dioten “debozioagatik”, beste bi hautatu ditu: Astotxoa eta Aita Jesus Nazaretekoa. “Erramu domekan ateratzen zen Astotxoa. Duela urte batzuk Hosanna izenekoak ordezkatu du. Asteotxoa sinpleagoa da, baina denok umetan Bilbo erdiguneko kaleak zeharkatzen ikusi duguna da, eta balio sentimental itzela du bilbotarrontzat”. Aita Jesus Nazaretekoa, berriz, Astelehen Santuan ateratzen dute Bilbo Zaharretik eta San Frantziskotik; prozesiorik jendetsuenetakoa izaten da urtero. Madrilgo Medinaceliko Kristo ezagunaren erreplika da.

Jesu Kristoren bizitza kontatzen duten 30 dioramatik gora ere badituzte. Abenduan, gainera, jaiotzen erakusketa atontzen dute, Bizkaiko Belenzaleen Elkartekoekin. Goitiaren arabera, 18.000 eta 20.000 bisitari artean izaten dituzte urtero —asko atzerritarrak—; gehien joaten zaizkien sasoia jaiotzena izaten da.

Bihar zortzi, ateak zarratuko ditu museoak, eta itxita egongo da hiru astez: martxoaren 31tik apirilaren 9ra, prozesioan aterako dituzte irudiak, eta aurreko eta ondorengo asteetan txukuntze lanak egin beharko dituzte. Egun horietan Bilboko kaleetara hedatuko dira museoko aretoak.

Bilboko Aste Santuko Pausuen Museoa