“Ikusgarritasuna lortzen saiatu gara hamar urteok ospatzeko”

“Ikusgarritasuna lortzen saiatu gara hamar urteok ospatzeko”

Amaia Igartua Aristondo

Bertokoentzat propio antolatutako festibal bat, joera komertzialagoei muzin egiten ahalegintzen dena. Formula hori du Gernika-Lumoko Lekuek musika jaialdiak, eta hala lortu du hamarkada batez behintzat irautea. Autogestioa ere gakoa da, Paul Asua antolatzaileak (Gernika-Lumo, 1979) nabarmendu duenez: “Urte hauetan ez dugu diru laguntzarik izan, eta ez dugu nahi izan. Uste dugu kudeaketa kultural on bat egin daitekeela inori dirurik eskatu gabe”. Gaurtik martxoaren 25era arte egingo dute 10. jaialdia.

Zergatik sortu zenuten Lekuek festibala, orain dela hamar urte?

Gernikan, hainbat lokal jaio ziren: Trinketea, Iparragirre kaleko entsegu lokala eta Astra. Naturaltasunez, hango jendea festibal baten inguruan hasi zen berbetan, eta antolatzen hasi ginen.

Kultur loraldi bat egon zen, nolabait?

Bai, baina uste dut ziklikoa dela; orain ere egoten dira halako loraldiak. Garai hartan, Bide Huts diskoetxeak lauzpabost urte zeramatzan Gernikako taldeekin lan egiten, bertoko Forbidden Colours diskoetxea sortu zen…

Orduko hartan, nolakoa zen musika panorama?

Desberdintasunak badaude. Giro rockeroagoa zegoen, reggaetonak eta sare sozialek ez zuten hainbesteko eraginik. Guk ez dugu bide horretatik jo, ez dugu mainstream izan nahi. Kultura musikala hartzen dugu kontutan: kalitatearen bila goaz; ez diogu ezeri ezetz esaten, baina kontu handiz joaten gara. Gaur egun, ikusten da rocka ez dela oso mainstream, ez dela jende asko joaten rock kontzertuetara; bai, ordea, reggaetona jarriko duen DJ bat dagoen edozein lekutara. Ez dugu belaunaldi aldaketarik ikusi: gazteak ez ditugu erakarri.

Jaialdiaren ikusleak aldatu dira, beraz?

Lekuek da festibal bat urte osoan kultura kontsumitzen dutenentzat. Jendea gauza jakin batzuk ikusten dator. Antolatzaileak garen heinean, beste festibaletara eta kontzertuetara joaten gara, eta hortik dator festibala antolatzeko nahia. Kultur kontsumitzaileak gara geu ere.

Esan duzu saiatzen zaretela mainstream musikara ez jotzen. Hala ere, aldaketa giro horrek eraginik izan al du jaialdian?

Ez gara joan mainstream festibal bat egitera, eta horrek txiki utzi gaitu. Eduki ditugu aukera batzuk handiagoak bilakatzeko, baina jarraitu dugu herritik egindako eta herri txiki batentzako jaialdia izaten. Kudeaketa aproposa egiten dugu, ez dugu pentsatzen zer dagoen modan. Badakigu jendeari zer gusta dakiokeen. Adibidez, Kiko Veneno, bere garaian, mainstream izan zitekeen, baina badakigu gure publikoarentzat aproposa dela: sarrera guztiak salduta zeuden orain dela hogei egun pasatxo. Urtero ez da Lizeoa betetzen kontzertu batekin. Zer da kudeaketa ona? Funtzionatzea, eta jendea etor dadin kontzertuetara. Hamar urtetan, lortu dugu.

Ikusle jakinak eta tokikoak dituzue, baina, azken urteetan, Gernikatik eta are Urdaibaitik kanpoko ikusleak ere joan dira. Lekuek hedatzen ari da?

Lehenengo urteetan, inguruko herrietako jendea erakartzen ahalegindu ginen. Hasieran, kanpora begira antolatzen genuen, baina azken aldietan barrura begira egin dugu, Gernikako eta Urdaibaiko jendea kontuan hartuta, pentsatuta ez genuela Bilboko jendea erakarriko. Gernikan urte osoan kontzertu zirkuitu bat egiten da, adibidez. Hori da filosofia: badaude urte osoan funtzionatzen duten herriko elkarteak, eta dinamizatu egiten ditugu. Gure lana da elkarte horiek zirikatzea ere, gauza bat gehiago egin dezaten. Gainera, urtero egon da nazioarteko talderen bat Lekuek jaialdian, eta oraingoan, hamargarren urteurrena denez, esfortzua egin dugu urrutiagoko jendea ekartzeko.

Aldatu egin dira egitaraua antolatzeko irizpideak?

Hasieran, talde handiak ekartzen saiatzen ginen, ez baikenekien zenbat gehiago iraungo zuen festibalak. Hamar urte bete ditugu. Pandemiaren ondoren, diru gutxiago eduki dugu, eta aurten diru guztia gastatu dugu, ikusgarritasuna lortzen saiatu gara-eta urteurrena ospatzeko. Kiko Veneno etorriko da; Dennis Alcapone, Jamaikako 74 urteko musikari bat; Wormerd, metal talde oso nazioartekoa; Lady Banana entzutetsua… Urtero egoten diren lagunak ere etorriko dira; adibidez, Los Sara Fontan. Eta Joseba Irazokik ere joko du. Horrelako kasuak ere baditugu; nahiz eta guk ezin diegun ordainsaria pagatu, musikari batzuek jaialdian jo nahi izaten dute, eta eurek erabakitzen dute nola, zer formatutan…

Etorkizunera begira, zer-nola ikusten duzu festibala?

Gu indartsu sentitzen gara. Gustura gaude, talde handia eta osasuntsua gara. Ez da erraza horrelako gauza bat egitea boluntarioekin bakarrik; esfortzu handia da. Jende asko joan egin da antolakuntzatik, edo profesionalizatu egin dira eta beren konpainiak zabaldu dituzte lan bera egiteko, kontzertuak antolatzeko. Ez da erraza mantentzea. Ni lehenengo urteetan egon nintzen, eta azken bi-hiru urteetan bueltatu naiz antolakuntzara.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

Gernikakolekuek.com