Arraunean adin mugarik ez dagoela erakutsiko dute bihar, Bermeon

Arraunean adin mugarik ez dagoela erakutsiko dute bihar, Bermeon

Mikel Garcia Martikorena

Arraunean pentsatzerakoan, gizon eta emakume gazteak datoz burura. Hala ere, horiek ez dira arraunak hartu eta itsasoratzen diren bakarrak. Arraunean aritzeko adin mugarik ez dago; horregatik, Arraunlari Beteranoen IV. Topaketa ospatuko dute bihar Bermeon. ABE Arraunlari Beteranoen Elkarteak antolatu du jardunaldia. Hirurehun arraunlari beterano inguru ibiliko dira norgehiagokan, gizonez zein emakumez osatutako traineruetan. Josean Zubizarreta izango da horietako bat; Getxoko traineruan egiten du arraun, eta, 67 urte dituen arren, “gorputzak uzten” dion artean ibiliko da arraunean.

ABEko presidentea da Zubizarreta, eta, jardunaldiaren aurkezpenean adierazi duenez, “senidetasun topagunea” izango da beteranoentzat biharko eguna. Bermeora itzuliko da topaketa, bigarren eta hirugarren aldiak Santurtzin eta Mundakan ospatu ostean.

Ekitaldiak antolatu dituzte egun osorako; sokatira erakustaldia, tiratzaileen eta arraunlarien arteko desafioa, eta kontzertua, besteak beste. Baina proba nagusiak arraunari lotutakoak izango dira: goizeko jaitsiera eta arratsaldeko esprinta. 11 taldek hartuko dute parte horietan: Bilbao Arraunlari Beteranoak, Aizburua, Zumaia, Mundaka, Plentzia, Sestao, Iberia, Badok13, Itsasoko Ama, Getxo eta Alacant.

Arraunlari Beteranoen III. Topaketan —iaz urriaren 22an egin zen—, Tiran (Moaña, Galizia) izan zen irabazle, baina bihar ez du parte hartuko. Bilbao Arraunlari Beteranoen trainerua geratu zen bigarren, galiziarrengandik segundo batera. Hirugarren, Esteirana gelditu zen (Esteiro, Galizia), eta laugarren, Mundaka.

Zubizarretak ez du argi nork irabaziko duen biharko bandera. Haren ustez, “gogor” dabiltza Badok13 eta Fortuna, baina iragarri du Arraunlari Beteranoen topaketako lehia “oso ezberdina” izan daitekeela: “Taldeok beste klubetako arraunlariak eramango ditugu; hortaz, zaila da aurreikustea nork irabaziko duen”.

Topaketa beteranoen mailan ekitaldi “finkoa” bihurtu dela uste du Zubizarretak: “Hain gurea den kirol bat, arrauna, praktikatzeko gune bat da; eta, aldi berean, arraunlarien arteko harremanak jostekoa”.

Arrauna DNAn

Lehia egongo den arren, ez da hori antolatzaileen helburu nagusia, “arraunaren balioak herritar guztiei ikusaraztea” baizik. Izan ere, Lorea Bilbao Bizkaiko Kirol diputatuak aurkezpenean esan du arrauna euskal herritarrak “batzen” dituen kirola dela: “Arraunak herri gisa definitzen gaitu, gure DNAren parte da. Horregatik, zaindu eta mantendu egin behar dugu”.Getxoko arraunlari eta ABEko zuzendariak bide beretik jo du: “Itsasoa euskaldunok berezkoa dugun zerbait da”.

Zubizarretak dioenez, ez du beharrezkoa egunero hondartzara joatea itsasoaz gozatzeko, “haren lurrinak jada eragina baitu” beregan.

Apustua, hasiera

Hogei urte baino gehiago daramatzate Bizkaiko arraunlari beteranoek norgehiagokan. Gaur egun, La Salve liga eta beste hainbat jardunaldi dituzte, baina Zubizarretak dio dena “euskaldunen erara” hasi zela: “Plentziako eta Getxoko arraunlari ohi batzuek palan jokatzen zuten elkarrekin. Behin apustu egin zuten jakiteko ea nork irabaziko zuen arraunean. Haiekin ibilitakooi deitzen hasi ziren”. Horrela sortu zen lehia. Aurreneko estropada hura Getxok irabazi zuen. Ondoren, beste klubetako arraunlari ohi batzuk parte hartzen hasi ziren.