Hiribilduko atea eta aduana

Hiribilduko atea eta aduana

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko lehen hiribildua izan zen Balmaseda: 1199an eman zion gutuna Lopez Sanchez Menakoa Bortedoko jaunak. “Pribilegio batzuk jaso zituen: hiribildua harresiz inguratu zuten, aduana bihurtu zen, eta sarrera garrantzitsu bat eraiki zioten: zubia. Eta han ipini zuten aduana”, azaldu du Jorge Gomez Enkarterriko Alboan zerbitzu turistikoetakoak. Hark egiten ditu gidari lanak bisitetan. XII. eta XIII. mendeen artean eraiki zuten, bada, Muzako zubia, Cadagua ibaiaren gainean, hiribildua babesten zuen harresiarekin batera. 1984an, Kultur Ondare izendapena eman zion zubiari Eusko Jaurlaritzak.

Balmasedan ikur garrantzitsua da, hiribilduak historian izan duen garrantziaren lekuko nagusiena delako: udalak sortutako logoa, berbarako, zubiaren formetan oinarritutako b letra bat da, eta halako handi bat zubi alboko plazan dago ipinita, lorez egina.

1841ean utzi zion aduana izateari Balmasedak. Ordura arte bete zuen funtzio hori zubiak? Gomezen arabera, ez dago argi. “Luzaroan pentsatu izan da, Horcasitas jauregiak hartu ziola lekukoa zeregin horretan, XVII. mendean eraiki zutenetik aurrera, baina, orain, hainbat historialarik auzitan ipini dute teoria hori”. Beraz, oraindik zehazteko dago zubiak noiz utzi zion aduana izateari: XVII. mendean edo XIX.ean. Gaur egun, balmasedarrek auzo batetik bestera joateko egunerokoan sarri erabiltzen duten oinezkoentzako zubia da: garai batean komunikazioa eteten zuenak, gaur egun erraztu egiten du.

Handik igarotzen zen produkturik garrantzitsuena artilea zen, Gaztelako ardiei moztu eta Europara salduko zutena. Gaztelatik Kantauri aldeko portuetara joateko, ezinbestean, Balmasedatik igaro behar izaten zuten. Hala ere, salgai guztiek ordaindu behar izaten zituzten zergak zubitik igarotzerakoan; baita barruan kontsumituko ziren jakiek eta edariek ere. Beraz, hiribildua merkataritza gune garrantzitsua bihurtu zen aduanari esker.

Hasieran, zubia bakarrik zegoen; XV. mendean gehitu zioten dorrea. Erromanikoa eta gotikoa dira, hurrenez hurren. Garai hartako formari eutsi dio, gainera. Gomezek esan du kaltetu diren harriak baino ez dituztela aldatu. Dena den, dorreak izan du aldaketarik itxurari dagokionean. Gomezek azaldu duenez, garai batzuetan teilatua izan du, gaur egun duen bezala. Beste garai batzuetan, ordea, almenaduna izan da. Aspalditik dorrea hutsik dago; garai bateko eskailerak baino ez daude ikusgai.

Balmasedako_zubia copia

Erasoak eta izurriak

Zubiari dorrea gehitu zioten, Balmasedako sarrera horri atea jarri ahal izateko eta guardiak egon zitezen leku bat behar zutelako. “Aduana funtzioa ez ezik, zaintza funtzioa ere egiten zuten, eta, esaterako, kanpotik hiribilduaren aurkako erasoren bat gertatuz gero, zubiko ateak zarratzen zituzten”, azaldu du Alboan zerbitzu turistikoetako kideak. Kontrola erabatekoa zen. Hiribildura sartzen ziren guztiak handik igarotzen zirenez, besteak beste, izurria barrura sartzea saihestea ere zubiko beharginen zeregina zen: “Ikusten bazuten bidaiariek edo merkatariek gaixotasunaren ageriko sintomaren bat zutela, ez zieten barrura sartzen uzten”.

Bada elezahar bat zubiaren eta Balmasedako gazteluaren inguruan asmatua. Gomezek argitu du ez dela egia. “Esaten dute gaztelutik zubira joateko pasabide sekretu bat zegoela eta ibaiaren azpitik igarotzen zela. Kontatzen dute [1936ko] gerran ere erabiltzen zutela. Jende askok sinesten du, baina gezurra da. Gaztelutik hiribildura pasabide bat egon bazegoen, baina ez zen iristen zubira”.