“Sistoren” euskal kapera

“Sistoren” euskal kapera

Ibai Maruri Bilbao

Vatikanoko Kapera Sistinoa zaharberritzeko lanak gidatu zituena da Gianluigi Colalucci. Ibarrangeluko San Andres eliza ikusi zuenean, esan zuen hau ‘euskal artearen Kapera Sistinoa’ dela”, gogoratu du Visiturdaibai agentziako Laura Perezek. Ibarrangeluko parrokiako bisitetan gidari lanak egiten ditu. Zer du, bada, tenplu horrek Colalucci hainbeste harritzeko? Zurez egindako sabai polikromatu “ikusgarria”. Eta garrantzitsua da zurezkoa dela azpimarratzea, sortzaileek begia engainatzea lortu dutelako margotzean erabilitako teknikari esker: harrizkoa dela dirudi, aspaldi egindako katedral handietako sabaien parekoa.

XVI. mendeko tenplua da, aurretik egondako beste baten lekuan eraikitakoa. Kanpandorrearen gainean Jesusen Bihortzaren eskultura handi bat du. “Kanpotik begiratuta, herri bateko eliza arrunta da: ezin daiteke igarri barruan duen altxorra”, ohartarazi du Perezek. Sartzerakoan, ordea, harridura sortzen du gora begiratze hutsak. Izan ere, egitura ez ezik, ikonografia nabarmentzekoa da. Tenperaz margotutako irudiak “kalitate handikoak” direla nabarmendu du Perezek. Azpimarratzekoa da, gainera, irudi erlijiosoak eta profanoak nahasten dituela. Ikus daitezke Ama Birjina, tenpluari izena ematen dion San Andres eta gainerako apostoluak. Baina ikus daitezke, aldi berean, hegaztiak, burezurrak, fruta, giza itxurako landareak, ispiluak, armak… Sabaiak sei bobeda ditu. Zurez egindako nerbioetan, gakoetan eta enparauetan irudi geometrikoak ere zizelkatu zituzten egileek. Gakoetan, besteak beste, IHS letrak —Iesus Hominum Salvator— eta San Andresen gurutzeak daude.

Perezen esanetan, “orduak eta orduak” pasa daitezke gora begira, etengabe detaile berriak topatuz. Hala ere, aholkua eman du: gidariaren laguntza ezinbestekoa da hainbeste irudiren eta sinboloren artean ez galtzeko. “Askok esaten didate ezagutzen dutela, egon izan direlako ezkontzaren batean edo hiletaren batera etorrita. Konforme, ikusi duzu. Baina gidatuta hobeto ezagutuko duzu”. Domeka goizetan zabalik egoten da, mezatarako, baina eskatu du orduan ez joateko bisitatzera, otoitzaldia ez oztopatzeko.

Ikusi nahi duenak badu horretarako aukerarik. Hilean behin egiten dituzten bisita gidatuetan, sabaiko irudien esangurak azaltzen dituzte, bitxikeriak kontatzen dizkiete bisitariei, eta hau edo beste topatzen ere laguntzen diete. Sarritan lehen begi kolpean topatu nahi dena aurkitzea ere ez da erraza izaten. Esaterako, irudikatuta dagoen tximino bakarra. “Bisitetara etorri direnek esan izan didate ez dutela ulertzen zelan ez dauden ilarak atarian sartzeko, Vatikanoko Kapera Sistinoa ikusten egoten diren moduan”. Martxoaren 31rako antolatu dute hurrengo bisita.

Horrez gain, elizari buruzkoak ere izaten dituzte berbagai. Berbarako, ederrak dira rokoko estiloko erretaulak, eta berezia organoa. “Arpa soinua ere badu, eta ez da ohikoa izaten. Urdaibaiko Organoak zikloan egiten diren kontzertuetan entzuteko aukera egoten da urtero”.

Ibarrangeluko San Andres eliza

Bakarra inguruan

Tamaina horretakoa eta halako ikonografiarekin Ibarrangelukoa bakarra da Euskal Herrian. Hainbatetan 1559 zenbakia dago idatzita; eraikitzen bukatu zuten urtea da. Perezek esan duenez, ez dakite nor izan zen egilea. Zerk bultzatu zituen Ibarrangelun sasoi hartan elizan horrelako sabai bat eraikitzera? Itsasgizonen herria zela gogoratu du Perezek. “Herbehereetan eta Frantzia iparraldean badaude horrelako zurezko sabaiak elizetan. Seguruenik katedral handietako harrizko sabai ikusgarrien moduko bat gurako zuten, eta, Europako haiek ikusita, sorterrian ere antzeko zerbait egin zezaketela pentsatuko zuten”. Zura erraz eta gertu topatu zuten: Busturialdeko hariztietan eta gaztainadietan.

Baina ederra eta berezia bezain delikatua da Ibarrangeluko elizako zurezko sabaia. Harentzat arriskurik handiena intsektu xilofagoak eta hezetasunak eragindako onddoak dira. Perezek kontatu duenez, 1984 eta 1986. urteen artean zaharberritze prozesu sakon bat egin zioten, Bizkaiko Foru Aldundiak gidatuta. Gaur egun egoera onean dago. Baina elizan %80ko hezetasuna dago, eta, ondorioz, zurezko egitura beti egongo da mehatxupean.