Independenteek ezin hautagaitzak osatu

Independenteek ezin hautagaitzak osatu

Ibai Maruri Bilbao

Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Alderdi politikoak aspaldi hasi ziren zerrendak osatzen. Aldiz, Abadiñoko eta Gorlizko talde independenteak larri ibili dira, eta ez dute lortu. Are gehiago: egoera ikusita, taldeak desegitea erabaki dute. “Hiru zinegotziok bakarrik geratu gara. Prest gaude herriaren alde lanean jarraitzeko, baina jendea behar dugu”, ohartarazi du GTI Gorlizko Talde Independenteko Iban Perezek. Joseba Santamariarekin eta Inmaculada Arcorekin batera osatzen du GTIkoen udal taldea. Gorlizko hamahiru zinegotzietatik, hiru lortu zituzten 2019an.

Otsailaren 17an BERRIAk argitaratutako Zerrendak osatzea, buruhauste bat erreportajean, alderdi nagusiek aitortzen zuten haiei ere kostatzen zaiela zerrendak osatzea. “Guri gehiago”, esan du Perezek. “Ez dugu alderdi politikoek duten makineria eta indarra. Hautagaitza independente batek konpromiso handia eskatzen du”. Mingostasun apur batekin egin du berba: “Duela berrogei urte, bestelako kemena zuen jendeak. Orain, animo asko ematen dizkizute, baina tabernan protesta egitera mugatzen dute jarduera politikoa”.

Abadiñon, hauteskunde zerrenda osatzeko baino gehiago, plataformaren gidaritza eroango dutenak topatzeko izan dituzte arazoak, AI Abadiñoko Independenteak taldeko kide eta Abadiñoko alkateorde Javier Cresporen arabera: “Jendeak esaten dizu behar ditugunerako hor daudela, baina bakoitzak bere bizitza du, bere egitekoak, eta zaila izaten da konpromisoari eustea”. Luzdivina del Carmen Abad, Francisco Antonio Campo eta Rosa Maria Miguelekin batera osatzen du AIkoen udal taldea. Abadiñoko hamahiru zinegotzietatik lau lortu zituzten 2019an.

Talde biek esperientzia luzea dute, eta biak egon dira udal gobernuan. GTI 1983an sortu zen; Perezen esanetan, “EAJ eta HB bakarrik ez uzteko”: “Taldea sustatu zutenek pentsatu zuten Gorlizko udalbatzan beste talde politiko bat falta zela”. Abadiñon, Traña-Matienako bizilagunek bultzatu zuten AI, 1999an. “Iruditzen zitzaien orduko udal gobernuak albo batera utzita zeukala euren auzoa. Nolabaiteko haserre hartatik sortu zen: ‘Udalean daudenek egiten ez badute, goazen gu udalera, guk geuk egitera'”, azaldu ditu hastapenak Crespok.

Gorlizko Talde Independentea

Gobernuan eta oposizioan

Biek izan dute herritarren babesa. Gorlizkoek alkatetza lortu zuten 2007-2011ko agintaldian. Agintean egon diren aldi bakarra izan zen hura. Izan ere, gobernura sartu ziren 2019an, EAJrekin eta EH Bildurekin, baina, desadostasunengatik, gutxi iraun zuten. “Bien artean adosten dute dena, eta osoko bilkuretan antzerkia egiten dute”, salatu du Perezek. Abadiñon, ostera, hamasei urte egin dituzte udal gobernuan: hiru aldiz izan dute aginte makila—2007tik 2019ra—, Jose Luis Navarro alkate izanik. Ordutik EAJrekin daude gobernuan.

Perezek eta Crespok uste dute udal talde independenteen politika egiteko modua eta ohiko alderdiena ezberdinak direla. “Gu ez gaude alderdiko egituran gorago daudenen menpe. Herriarentzat egiten dugu lan, eta herriari baino ez dizkiogu zor azalpenak”, esan du Perezek. Hori jarduteko moduan nabaritzen dela iruditzen zaie. “Herriaren interesak lehenesten ditugu, gertutasunez egiten dugu lan… Esango nuke ohiko alderdiek ere ezinbestean ikasi behar izan dutela gure lan egiteko modutik, eta hori ona da denontzat”, nabarmendu du Crespok.

Bien ustez, abantaila da talde independentea izatea. Baina baditu zailtasunak. Batetik, egitura sendo bat falta zaie: “Dena egin behar dugu militanteok”, adierazi du Crespok. Bestetik, gainontzeko erakundeetan ez dute “aliaturik”, Perezen arabera: “Talde independente batek gobernatutako udalarentzat zailagoa da foru aldundira edo Eusko Jaurlaritzara laguntza eske joan eta lortzea”.

Crespok esan du Abadiñoko herritarrek penaz hartu dutela erabakia. “Ez zuten espero, hainbeste urteren ondoren”. Baina ez du uste erabakiak atzera-bueltarik duenik. Are gehiago: atzo jakinarazi zuen PSE-EEren alkategaia izango dela, eta harekin batera joan dira beste independente batzuk. Perezek badu itxaropena desegitearen berriak jendea “mugiarazi” eta herrian beste talde independente bat sortzeko.