Zomorroak eta mozorroak

Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, bi ataletan banatzen zaizkit inauteriak. Batetik, behin Gabonetako denbora pasatuta, egunaren luzatzearekin batera lotzen diren egunak dira, bizitza berpiztearekin lotuta daudenak. Bestetik, Garizumaren inguruan antolatzen direnak, sufrimenduarekin eta eskasiarekin lotzen ditudanak, egutegiaren inguruan dantzan aritzen direnak, beti baitira neguko azken ilberrian.

Inaute/inauste eta zomorro/mozorro bikoteak sortzen dituen aro bat da lehenengoa. Horrek, adituen baimenarekin, hainbat lotura ekartzen dizkit. Karrantzako irakaslea izan nintzenean, ikasle batek idatzi zidan beraiek kantatzen zuten kantuaren letra; bertako kopla oparitu zidan. Modu berean, gogoratzen dut kurtso hartan autobusez joan ginela auzorik auzo Santa Ageda abestera. Emakume batek marzekin lotu zuen gure ibilbidea, gazteek puskak eskatu beharrean ikasketa bidaiarako dirua eskatzen zuten arren.

Azken urte hauetan Lanestosan ari dira egiten marzak berreskuratzeko saiakera. Ohiko janzkera eta ezaugarriak: ardi larruak, gerriaren bueltan zalapartaka aritzen diren zintzarriak, eta kolore biziko lakioak, alkandoraren mauketan. Lurra astintzeko, erritmoa markatzeko, gorostizko makila. Opariak biltzeko, zarea, bizkarrean eramateko saski berezia. Garai aproposa txarribodako kutixiren bat zein arrautza preziatuak jasotzeko. Txanponen bat ere aproposa zen, baita edaria ere, azunbre bat ardo eskatzen baitzen, etxetik gordeta daukadan paper horretan bederen.

Kolitzapetik bigarren ereduko inauteriak badira; batez ere, udaletxeetatik atera diren proposamenak, urteroko egitaraua betetzeko. Azken hamarkada hauetan sortzen ikusi ditugu, eredu okerrak jarraituz antolatuta askotan: parte-hartzaileak baino gehiago, ikuskizun bilakatu dira. Egitaraua betetzeko proposamenak zein irizpideak ez dira oso ezberdinak, diskurtsoa garatu beharrik gabe agertzen baitira.

Pekatuarekin batera penitentzia doala esango nuke. Xarma berezirik gabeko jaia, katalogo antzuetatik hartutako jantziak nonahi barreiatzen dituena. Piratak, astronautak, mexikarrak, indioak; azken pelikuletako, serietako edo telebistako erreferenteak. Dena ondo neurtuta, badaezpada, ez sortzeko anabasarik, ezta desordenik ere. Ez dira gehiegi ezberdintzen haien artean, ñabardurarik gabeak baitira. Kasurik hoberenean, ekintzaileak baina ez eraldatzaileak.

Horregatik guztiagatik agertzen dira asteburuan txertatuta, lanaren ordutegietan arazorik ez sortzeko, produktibitatearen izenean. Ez dago ezer hankaz gora jartzerik. Ondorioz, ez daukate ez hanka ez buru, dena ondo neurtuta baitago, botere ezberdinetako zutabeak tinko mantentzeko. Buruz behera jar daitezkeen gauzak ez dira agertzen gidoian. Horrela ezin da hanka sartu. Orain baimentzen dena, gero pekatua izango da. Nabarmentzeko nork agintzen duen.