Mikel Garcia Martikorena
Galdakaoko igeriketa inklusiboko I. Sari Nagusia lehiatuko dute bihar. Urreta igerilekuan jokatuko dute Euskal Herrian erabat inklusiboa izango den aurreneko igeriketa txapelketa. Master kategoriako eta igeriketa egokituko kirolariak norgehiagokan ibiliko dira, 17:00etatik aurrera. 27 probak osatzen dute txapelketa. Berrehun igerilari inguruk parte hartuko dute guztira bihar Galdakaon, eta sailkapen berean arituko dira denak.
Bi modalitateak uztartzearen atzean xede argi bat dagoela dio Richard Gomezek, sari nagusiaren antolatzaileetako batek: “Ikusgarritasuna eman nahi diogu kirol egokituari; bereziki, igeriketari”. Gomezek uste du txapelketa baliagarria dela galdakoztarren artean “sentsibilizazio handia” eragiteko. “Ea denon artean gai garen inklusibotasuna gero eta gertuago edukitzen eta geroz eta nabarmenago izaten; gure ezberdintasunekin, denok berdinak garelako”, adierazi zuen gaur zortzi txapelketa aurkeztu zutenean.
Zortzi kaleko 25 metroko igerilekuan arituko dira kirolariak, WPS Munduko Para Igeriketa elkarteak homologatutako txapelketan. Sari nagusi “inklusiboena” egin ahal izateko, ezintasun fisikoa, garuneko paralisia, ikusmenekoa edo intelektuala duten igerilariek eta ezintasunik ez dutenek hartuko dute parte. Gomezek azaldu du, hori dela-eta, bakoitzaren denbora ponderazio baten mende egongo dela. Izan ere, igeriketan hamabost desgaitasun daude jasota, eta mundu osoan erabiltzen den multidisability taulan datozen ponderazioen arabera neurtzen dituzte haien denborak.
Emakumezkoen probak, gizonezkoenak eta proba mistoak izango dira. Tximeleta estiloko berrehun metrokoan, estilo libreko 50 metrokoan, bular estiloko ehun metrokoan eta bular estiloko berrehun metroko serie azkarrenean lehiatuko dira; hori bai, parte hartzaile bakoitzak, gehienez, banakako hiru probatan eman dezake izena. Hori bai, errelebo inklusiboena da sari nagusiaren xedeari lotuen dagoen proba. Bi proba dira: emakumezkoak alde batetik eta gizonezkoak bestetik. Igerilari bakoitzak 50 metro egin beharko ditu estilo librean. Arau bakarra egongo da: talde bakoitzak igeriketa egokituko bi parte hartzailerekin lehiatzea.
Ekiteko garaia
Gomezek urtebete eman du igeriketa inklusiboko txapelketa osatzen. Egoera pertsonalek bultzatu zuten “hitzak alde batera utzi eta ekitera”. Gomezen semeak Downen sindromea du, eta igeriketa egokituan lehiatzen da. Antolatzaileak dioenez, Donostiako lehiaketa batean zeudela bizitako “egoera mingarri” batek piztu zuen txinparta: “Konturatu nintzen zelako egoera kaskarrean lehiatu behar zuten. Igeriketa egokituko proba heltzean, kronometroak eta epaileak kendu egin zituzten”.
Aldaketa baten beharra zegoela sumatu, eta hori konpontzeko bidea topatzen saiatu zen. Haren ustez, diskriminazio egoera horiek bukatzeko aukera bakarra kirol egokituari “ikusgarritasun handiagoa ematea” da. Baina ikusgarritasun hori ez da soilik hitzekin lortzen: “Asko hitz egiten da inklusioaren inguruan, baina hitz gutxiago eta ekintza gehiago behar ditugu. Herritarra naizen aldetik, denok ardura soziala dugu horrelako gaietan”.
Horregatik txalotu du Gomezek Galdakaoko Udala: “Pausoa ematen ausartu den aurrenekoa izan da. Argi utzi du garrantzitsua dela txapelketa antolatzea”. Aurtengo irabazleak —gizonezko bat eta emakumezko bat— ez dira bakarrik igaroko Galdakaoko igeriketa inklusiboko sari nagusiaren txapelduen historiara. Izan ere, datorren urtean bigarren aldi bat antolatzeko asmoa dute.