Xabier Monreal: “Arreta zuzena egunean bost ordukoa izan behar da”

Xabier Monreal: “Arreta zuzena egunean bost ordukoa izan behar da”

O. Silva Rodrigo

Zahar etxeetako egoiliarren eskubideak ez zirela bermatzen ikusita, senideek Babestu Bizkaia elkartea sortu zuten 2016an. Zuzendaritza taldean dago Xabier Monreal (Bilbo, 1976), eta Zaintza Babesten federazioaren parte ere bada. Ordutik, egoerak ez du hobera egin. Langileek, gainera, 29 greba egun egin dituzte iaztik.

Ratio duinak exijitzen dituzte langileek. Nolakoak dira?

Ez dira nahikoak. Ratioez baino, guk nahiago dugu arreta zuzena eskaintzen den minutuez hitz egin. ELAren arabera, Bizkaian, egunean 60 minutuko arreta zuzena dute egoiliarrek. Gure ustez, arreta zuzena bost ordukoa izan beharko litzateke: bi ordu goizez, bi arratsaldez eta ordu bat gauez.

Gaueko arreta nolakoa da?

Defizitarioa. Ratio baxuek arrisku larriak sor ditzakete. Ikerketa bat egin genuen eta ondorioztatu genuen 47 egoiliarrentzako geriatria laguntzaile bat besterik ez zegoela. Eta 423 egoiliarrentzat, erizain bakarra. Zer gertatuko da norbait lurrera erotzen bada? Eta bendaje bat egin behar bada eta erizainik ez badago? 25 egoiliarrentzako geriatria laguntzaile bat egon beharko litzatete eta ehun egoiliarrentzako erizain bat. Gauero. Ratioen kostua kuantifikatu dugu eta onargarria da.

Berdina al da egoera erresidentzia publikoan edo pribatuan?

Jakin behar dena da ea plazek kudeaketa publikoa edo pribatua duten. Bizkaian, plazen %80 baino gehiago pribatuak dira. Hegemonikoa da pribatua.

Nola esleitzen dituzte plazak?

Mendekotasunaren arabera. Eta kalkulua bakoitzaren ondarearen eta pentsioa arabera egiten da. Kontu korrontean soilik 3.000 euro izan arte, prezioa pribatua da. Egoiliarrak diru laguntza bat jasotzen du, pentsioarekin eta aurrezkiekin batera, plaza ordaindu ahal izateko. 3.000 euro dituztenean, prezio publiko batera igarotzen dira. Aldundiak pentsioa hartu eta hark ordaintzen du.

Prezioen gorakadarik nabaritu al duzue?

Ezkerraldeko egoitza batean, 1.950 eurotik 2.500era igo zituzten prezioak, bat-batean. Salatu genuen, baina inork ez zuen ezer egin. Orain ari gara iazko eta aurtengo igoerak ikertzen. Izan ere, 2019an dekretu berria egin eta ratioak aldatu zituzten. Aitzakia horrekin igo dituzte prezioak, baina aldundiak ematen duen diru laguntzak ez dituzte aldatu.

Ratioak egokitzeko igo dituzte prezioak, baina ratioen arazoak berdin jarraitzen du.

Hala da. Gainera, nahiz eta ratioak 2019an berritu, guk ez dugu inolako hobekuntzarik nabaritu.

Zer da zuek eskatzen duzuena?

Zaintza demokratizatzea. Gizarte zerbitzuen legeak oinarrizko printzipiotzat jotzen du parte hartzea, baina ez da bermatzen. Erresidentzietako foroak ez daude normalizatuta. Zaintza sistemak ez du eztabaidatzeko toki bat. Non daude langileak? Eta egoiliarrak eta familiak? Haiek parte hartu beharko lukete eztabaidan, haiek baitira zaintza sistema hobeen ezagutzen dutenak.

Langileek ez dute greba mugagabea baztertu. Hala balitz, zuen babesa izango lukete?

Noski. Egoitzetako langileak bidegabekeria sozialaren eraginpean daude. Legeak dio arreta eskubide bat izan behar dela. Ezin da negozio bat izan. Aldundiak ezin du beste toki batera begiratu.