“Bizkaitarrak ez ginateke ezer izango itsasorik gabe”

“Bizkaitarrak ez ginateke ezer izango itsasorik gabe”

Mikel Garcia Martikorena

Joan den astean aurkeztu zuten Bilboko Itsasmuseumeko erakusketa berria: Salbamendua itsasoan: mirariaren eta teknikaren artean. Erakusketa iraunkorra izango da, eta Bizkaiko marinelen historian “berebiziko” garrantzia izan duten tresneriaz hornitu dute. Xabier Armendariz historialaria (Bilbo, 1969) da espazio berri horren komisarioa. Hark azaldu duenez, “sinesmenen eta zientziaren artean dagoen unibertso zabala” jorratzen da bertan. “Jendeak ulertu behar du itsasoak ez duela soilik marinelen teknika atzean; haien istorio, sinesmen eta beldurrak ere badu”, esan du, erakusketaren helburu nagusia zein den azaltzean.

Zer aurkitu daiteke Itsasmuseumeko erakusketa berrian?

Erakusketa hiru zatitan dago banatuta. Aurreneko espazioa, antzinako sineskeriei dago eskainita. Bertan, Antzinaroko jainkoen inguruko informazioa jaso dugu, eta nola horiek denborarekin kristautasunera igaro ziren. Bigarren zatian, botoak daude; hau da, marinelek Ama Birjinari edo santuei egiten zizkieten eskaintzak, koadroak, argazkiak edo itsasontzien erreplikak. Atal horrek sinesmenekin lotura duen arren, ez dira elementu guztiz erlijiosoak. Azkenik, itsas salbamendura zuzenean loturiko piezak topa daitezke; salbamendu jaka, esaterako.

Zer harreman izan du Bizkaiak itsasoarekin?

Bizkaitarrak ez ginateke ezer izango itsasorik gabe. Denborarekin, baina, hura ahaztuz joan gara. Azken ia ehun urteetan itsasoari bizkarra emanez bizi izan gara. XIX. eta XX. mendeetako ontziolek garrantzi eta inpaktu ekonomiko ikaragarria izan zuten Bizkaian. Hala ere, historian atzerago joz gero, itsasoak berebiziko garrantzia izan zuela ikusten dugu. Industrializazioaren aurretik —XVI. eta XVII. mendeen inguruan—, Bilbo isurialde atlantikoko porturik garrantzitsuenetarikoa izan zen.

Are gehiago, jakin badakigu erromatarren garaitik Bizkaian itsasoko merkataritza zegoela. Izan ere, Bizkaiko zein inguruko ondasunak horrela mugitzen ziren. Askotan, eguraldia zela eta, ezinezkoa zen galtzadak erabiltzea, idiek bultzatutako gurdia izan arren. Horrek guztiak itsasoarekin lotutako kultura bat sortu du ia 2.000 urtetan.

Noiz sortu zen itsas salbamendua?

Egun ezagutzen dugun salbamendua XIX. mendearen bukaeraren eta XX. mendearen hasieraren artean ezarri zen, era orokorrean. Titanic itsasontziaren ondoratzea inflexio puntu bat izan zen. Horren aurretik, milaka itsasontzi ondoratu dira historian, baina ez zuten hainbeste oihartzunik eragin. Momentu hartan nolabaiteko itsas salbamenduko komitea osatu zen. Nazioartean eragiteko arau batzuk ezartzen hasi ziren, ahalik eta jende gutxienak galdu zezan bizitza itsasoan. Egun, arau horiek Nazioarteko Itsas Batasunak ezartzen ditu. Horri esker, mundu osoan arau berdinak daude.

Nola garatu da Bizkaian?

Aurreneko itsas salbamenduko estazioa Algortan jarri zen. Geroago, Espainiako Estatuan itsas salbamenduko unitatea eratu zen, nazioarteko arau estandarrak baliatuta. Bertan, 24 orduz kosta miatzen dituzten profesionalak hezi eta lanean jarri ziren. Arau eta estandarizazio horren guztiaren aurretik, baina, itsasontziak laguntzea herritarren mende zegoen. Kostaldeko herritarrek itsasontzi bat arriskuan zegoela ikusiz gero, ontzi bat hartu eta haien bila joaten ziren. Gaur egun pentsa dezakeguna baino prestatuago zeuden. Orokorrean arraunlari gazteez osatutako taldeak ziren. Erakusketan dagoen Anselmo Ginearen koadroan ikus daiteke hori.

Zein sinesmen zeuden zabalduen?

Goizeko izarra gurtzea zen zabalduena. Egiaz goizeko izar hori Venus planeta da. Horrek, berriz, jainkotasunera eramaten gaitu: itsasoko Venus jainkosa. Gero, Stella Maris edo Itsasoko Ama Birjina bihurtu zen. Marinela beldur zenean, Ama Birjina etortzen zitzaion burura automatikoki. Hori dela eta, haiek itsasora ekarri zuten Itsasoko Ama Birjinaren ideia eratuta. Gainera, Venusek edo goizeko izarrak garrantzi berezia du itsasgizonentzat. Non dauden jakiteko baliatzen izan dute haren goizaldeko distira.

Begoñako Ama Birjinak loturarik du horrekin?

Denek dute sustrai bera. Antzina, Begoñako Ama Birjina ilargi erdi bat zuela irudikatzen zen; hau da, Isis itsasoko jainkosa egiptoarren ikurretako bat. Erromatarrek berea egin zuten, eta azkar zabaldu zen marinelen artean. Begoñako Ama Birjina edo goizeko izarra horren oinordekoak dira. Jende askok ez dakien arren, [Bilboko] Begoñako basilika itsas santutegitzat zeukaten marinelek. Are gehiago, erakusketako boto gehienak handik atera ditugu.

Zergatik erabaki zenuen sinesmen horiek ikertzen hastea?

Itsas munduarekin lotutako sinesmen eta gurtzak ikertzeko orduan, itsas kulturarekin lotutako hamaika ezaugarri ezagutu ahal ditugu. Botoek, esaterako, itsasontzia bera eta bertan ibilitako marinelen historia berreskuratzeko balio dute: non izan zuen istripua, ze ontziolak egin zuen, zer ibilbide zuen eta familiakorik geratzen den edo ez, besteak beste. Gertatu izan da askok ez jakitea elizako itsasontziak haien senitartekoak jarri zituela.