“Zentzurik gabeko” ohitura eragozteko

“Zentzurik gabeko” ohitura eragozteko

Olatz Silva Rodrigo

Hiru urte daramatza Djenatu Intchassok Bilbon. Ginea Bissaukoa da jaiotzez. Emakumeen mutilazio genitala debekatuta dago haren jaioterrian. Hala ere, Intchassok argi du “egunero praktikatzen” dela. Ginea Bissaun bizi zenean, praktika horren aurka egin zuen lan. Eta Bilbora heldu zenean, ablazioa prebenitzeko programa ezagutzeko aukera izan zuen. Bilboko Udalak 2013an sortu zuen programa hori, eta hamar urte bete ditu aurten. 10 urte balioetan bat eginik izenburupean gogoratu du urteurrena udalak. Otsailaren 6an Emakumeen Mutilazio Genitalaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela baliatu du horretarako. Intchassok argi du “emakumeen mutilazio genitala zentzurik gabeko ohitura” bat dela.

Ablazioa eragozteko beharra 2008an jarri zuten mahai gainean Bilbon; zehazki, Basurtuko ospitalean. “Erditzeko gela batean hasi zen dena”, gogoratu du Amelia Valladolid Basurtuko ospitaleko Erditzeen Unitateko buruak. Mutilazio genitala jasandako emakume bat alabaz erditu zen, eta osasun arloko profesional talde batek neska haren etorkizunaren inguruko kezka adierazi zuen. “Momentu horretan, praktikari buruzko informazioa bilatzen hasi ginen, eta ohartu ginen informazio eta formakuntza falta izugarria genuela”. Horrez gain, ohartu ziren ablazioa egiten duten herrialdeetako emakumeak gero eta gehiago zirela Euskal Herrian. Hori dela eta, taldea ospitaleko genero indarkeria batzordearekin harremanetan jarri zen, eta batzordea, Bilboko Osasuneko Lurralde Zuzendaritzarekin. Ablazioari aurre egiteko beharra ikusita, Bilboko Udalak prebentzio programa pilotua jarri zuen martxan 2013an.

189 osasun agente

2015ean erakunde arteko protokoloa onartu zuten. Hartaz geroztik, programaren erakunde arteko batzordeak 25 bilera egin ditu, eta udaleko, Osakidetzako, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Auzolan moduluko hemezortzi ordezkarik hartu dute parte. Aurten, gainera, mutilazio genital kasuei aurrea hartzeko dekalogo eguneratua aurkeztu dute.

Programaren barruan, praktika hori errotuta dagoen herrialdeetatik etorritako emakumeei prestakuntza eskaintzen diete. Osasun agente gisa prestatzen dituzte, sexu eta ugalketa osasunari buruzko edukiekin, baita genero-indarkeriari buruzko informazioarekin ere. Osasun agente horiek arduratzen dira gero beste emakume batzuekin hitz egiteaz eta praktikari buruzko informazioa helarazteaz. 2013tik 189 osasun agente trebatu ditu programak: praktika gertutik bizi izan duten 159 emakume eta ablazioa bertatik bertara ezagutzen duten 30 gizon.

Intchasso iaztik da osasun agente. “Praktika horrek ez dio mesederik egiten emakume eta neska gazteen osasunari, eta, gainera, sinesmen faltsuetan oinarritutako arrazoiak erabiltzen dituzte egiteko”, azaldu du. Esan duenez, kasu batzuetan, emakumearen sexualitatea kontrolatzeko erabiltzen da, edota etorkizunean ezkontza bat bermatzeko. Familiaren izen ona mantentzeko ere egiten dute. “Erlijio sinesmenetan ere oinarrituta dago, baina ez dago testurik hori egin behar dela esaten duenik”.

Intchassoren aitonak ez zituen inoiz bere alabak ebaki nahi izan. “Aitonak esaten zuen ez zuela inoiz Koranean irakurri hori egin behar zenik”. Baina bere familiako kide guztiek ez zuten berdin pentsatzen. “Momentu batean, aitonak esan zuen ez zela gehiago egingo, eta kito; neska bat salbatzea, belaunaldi bat salbatzea da”. Intchassok gogoratu du txikitan bost neska bere eskolatik atera zituztela ebakuntza egiteko, eta ez zirela itzuli. “Etxea eta familia zaintzen geratu ziren”.

Nahiz eta osasun agente gehienak emakumeak izan, gizonak ere badaude. Seydou Togola da horietako bat. Malikoa da, eta ia hogei urte daramatza Bilbon. 16 urteko alaba du, eta 14 urteko semea. “Biak hemen jaio ziren, eta biek dakite dena mutilazio genitalari buruz”. Gainerako familian, ordea, egoera desberdina da. Togolaren bi arrebek praktika pairatu behar izan zuten. Nahiz eta Togola garai hartan txikia zen, “dena” gogoratzen du. “Baina nire familian ez dugu inoiz horri buruz hitz egiten”.

2016an bihurtu zen Togola osasun agente. “Ezagutzen ez nituen hainbat gauzarekin ohartu nintzen. Jendeak uste du mutilazio genitala normala dela, emakumeen higienerako dela, emakumea kontrolatzeko, baina ez dute pentsatzen emakumeek paira ditzaketen ondorioetan”. Erlijioari buruz ere aritu da Togola. Izan ere, zehaztu du praktika hori etnia musulmanetan zein kristauetan egiten dutela. Beraz, ez da “islamaren kontua”. Txikitako momentu bat ere gogora ekarri du: “Nire lagun bati ez zioten mozketarik egin; guk, beraz, barre egiten genuen, zikina zelako. Orain, hori gogoratzen dut, eta ohartzen naiz zer-nolako informazio falta nuen. Batzuetan, ohiturak pentsatu gabe errepikatzen ditugu”.

Ginea Bissaun bezala, Malin ere debekatuta dago ablazioa, baina egiten da. “Garrantzitsua da legea aplikatzea, baina Maliko Gobernua ere beldur da, jende asko ablazioaren debekuaren aurka dagoelako”, adierazi du Togolak. Gaur egun, Malin mutilazio genitalaren kontrako ekintzak egiten dituzte; hala nola antzerkiak edota dokumentalak. “Sentsibilizazioak eragiten du aldaketa”. Intchassok gehitu duenez, legea izatea ez da nahikoa: “Hezkuntza behar da”.

‘Elur bola’ efektua

Auzolan moduluak prestatu ditu osasun agenteak, eta trebatutako 189 kideek 2.000 pertsonari baino gehiagori helarazi diete eurek jasotako informazioa. Horretarako, elur bola izeneko metodologia erabili dute. Hau da, efektu biderkatzailea sortu dute, euren komunitateko kideekin transmisio bide propioak ezarriz. “Zehazki, 2.096 pertsonarengana heldu dira. Datua ez da kalkulu huts bat, erregistro zehatz bat baizik”, azaldu du Goizane Mota Erakunde arteko Protokoloaren koordinatzaileak. Pertsona horiek guztiek ablazioak legean eta osasunean dituen ondorioei buruz hausnartzeko aukera izan dute.

Bi agenteek jendaurrean eskertu dute programan jasotako prestakuntza. “Prebentzio programak aukera eman zidan espazio seguru eta lasai batean parte hartzeko, emakume artean. Efektu biderkatzailea egitean, emakume batzuekin hitz egin dut, eta euren jarrera aldatu dute. Denbora, laguntza eta aukerak behar ditugu, programa honetan bezala, emakumeek elkarrekin informazioa banatzeko aukera izan dezagun, epaitua sentitu gabe, errespetuz eta askatasunez”, nabarmendu du Intchassok. Haren ustez, gauzak aldatzen ari dira, sentsibilizazioari esker: “Emakumea ez da objektu bat, pertsona bat da, eta bere eskubideak ditu; emakumeok gozamenerako eta gure gorputzen osotasunerako eskubidea dugu”. Intchassok argi du osasun agente izango dela aurrerantzean ere, mezua emakume gehiagoren zabaltzeko.

“Tabu bat da. Horregatik da hain garrantzitsua hezkuntza”, aldarrikatu du Togolak. Izan ere, aipatu du emakumeek presio sozial handia jasaten dutela, eta horregatik onartzen dutela mutilazio genitala. Horri buruz hitz egin dadila eskatu du, presioa “murrizteko”. Programak eskainitako aukera eskertu du. “Garrantzitsua da praktika hori jasan duten emakumeei ahotsa ematea eta haiek entzunak izatea, beste herrialde batzuetan aldaketa eragin dezaten”. Motaren hitzetan, Auzolanek lan “izugarria” egin du Afrikako emakumeak eta gizonak elkartzeko: “Pazientzian, errespetuan eta konfiantzan oinarritutako formakuntza eskaini diete”.

Eskoletara mezua

Osasun agenteak formatzeaz gain, beste hiru ardatz ditu Bilboko programak. “Hasieran, tailerrak ematen hasi ginen”, azaldu du Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak. Emakumeek euren zaintza pertsonalerako zein ingurukoen zaintzarako oinarrizko tresnak ezagutzea zen helburua. Orain, osasun agenteak trebatzeaz gain, hainbat esparrutako profesionalak trebatzen dituzte.

Osasun arloko profesionalengana eta gizarte hezitzaileengana zabaldu dute formakuntza. “Aurten hogei hezkuntza zentrotan formakuntza ekintzak egingo ditugu”, aurreratu du Bilboko zinegotziak. Horrez gainera, Urtasunen arabera, udalaren eginbeharra da prebentzio protokoloa koordinatzea eta erakunde arteko batzordea kudeatzea; emakumeen mutilazio genitala eragoztean, berdintasuna sustatzen dute, eta indarkeria matxista guztien aurkako prebentzioa ere bai.