“Bizi izan nuen txirrindularitzak ez du zerikusirik egungoarekin”

“Bizi izan nuen txirrindularitzak ez du zerikusirik egungoarekin”

Zihara Jainaga Larrinaga

Elkarrizketa amaitzen ari dela mezu elektroniko bat jaso du sakelakoan Eneritz Iturriagaetxebarria (Abadiño, 1980) txirrindulari ohiak. Abadiñoko kirol zinegotziarena da; udalerriak bizikletentzako aparkaleku segurua izango duela urte amaierarako. Iturriagaetxebarriak izan du zerikusirik lorpen horretan. Txirrindularitza utzi zuenetik bizikleta eta kirol zaletasuna zabaltzea izan da haren xedea. Historian Bilbotik atera zen lehen Frantziako Tourra korritu zuen. Aitortu du emakume izanagatik pairatutako injustizien ondorioz nazkatuta bukatu zuela ibilbide profesionala duela hamar urte. Hala, irakasletza ikasketak burutu, eta egun Durangaldeko eskoletan aritzen da haurrekin. Kritiko azaldu da, esan baitu iruditzen zaiola egun balio asko eta kirolaren garrantzia galdu direla. Talde profesional bateko zuzendaria da, eta bere herrian 23 urtez azpiko nesken txirrindularitza taldea osatu berri du.

Zenbait urte daramatzazu UCI mailako Eneicat RBH Global taldeko zuzendari. Orain, Abadiño Cycling Academia txirrindulari taldea osatu berri duzu zure herrian; nolatan?

Erroetatik dator erabakia. Eneicat RBH Global gure talde profesionalak, oraingoz, egoitza Leonen [Espainia] izango du. Hemen, oinarriarekin lan egitea falta dela nabari genuen. Egun, talde profesional asko dago, baina ez dago txirrindularirik, eta gaztetxoek aukera izatea nahi dut. Kirol ibilbidean momentu latzak izan ditudanetan, gurasoen laguntzaz gain, herriaren babesa sentitu dut beti. Lehen aldiz Olinpiar Jokoetara joan nintzenean, diru laguntza bat behar nuen, eta Abadiñoko Udalean egin nuen eskaera. Momentu on eta txarretan ikusi nau herriak, eta beti babestu nau. Halako zerbait zor nion txirrindularitzari eta herriari.

Nagusiki, Euskal Herritik kanpoko txirrindulariekin osatu duzu taldea. Ez dago hemen profesionalik?

Abadiñon, adibidez, ez dago inor, Euskal Herrian Iurretako Leire [Azpitarte] eta Laudioko Olatz [Camino] daude soilik. Gaztaroan momentu kritiko bat iristen da, 16-17 urterekin, unibertsitatera joan aurretik: ikasketen edota kirolaren artean aukeratzen dute gehienek, eta emakumezko txirrindularietan asko galtzen da.

Zenbait daturen arabera, gaur egun emakume txirrindularien %17k ez dute kobratzen, eta %50ek beste lan bat behar dute bizi ahal izateko. Exijentzia, aldiz, gizonezkoena bera da.

Gizonezkoen lasterketa berberak korritzen dituzte emakumezkoek. Aldiz, gizonezko denek kobratu egiten dute, eta, egoera hori izanik, emakume askori exijentzia handiegia iruditzen zaie soldatarik ez kobratzeko. Ondorioz, gehienek utzi egiten dute. Demostratu nuen arte, nik ere ez nuen soldatarik izan. Kirol guztietan gertatzen den zerbait da.

Zertan aldatu da egoera txirrindulari zinen garaietatik?

Alderatuz gero, egungo egoera oso ona da. Duela hogei urte Euskal Herritik kanpo joan behar izan nuen talde batekin lasterketetan parte hartu ahal izateko. Egun, Espainiako Estatuan UCI mailako bederatzi talde daude. Diru gehiago dago, eta taldeek urte osoan hainbat lasterketetan parte hartzeko aukera izaten dute. Halaber, txirrindulari askok soldatak dituzte. Egia da bi pauso eman ditugula, baina oraindik ere bost aurretik doaz gizonezkoak.

Uda honetan gizonezkoen Tourra Euskal Herritik igaroko da. Oihartzun handiko ekitaldia izango da. Emakumeen kasuan, aldiz, ikusgaitasuna ez da bera; iragarleak ez dira hain erraz lortzen.

Tourra Euskal Herrira ekartzeak oihartzun handia izan du. Gobernuak badu zerikusia horretan, baina, bereziki, komunikabideek areagotu dute egoera hori. Joan den urtean eman zen lehen aldiz emakumezkoen Tourra telebistan, eta oihartzun itzela eduki zuen. Emakumeen txirrindularitza oso polita da ikusteko; ez da gizonezkoena bezain matematikoa. Ekonomikoki, baina, ez dira milioi berak inbertitzen batean eta bestean.

Emakumeen Itzulia itzuli zen joan den urtean. Zure garaian Emakumeen Bira zegoen. Zer suposatzen du halako lasterketa batek emakumeentzat?

Jende mandoak ikusi zuen. Telebista sartzean, oihartzun handia egiten du. Zenbat eta gehiago, hobea emakumeen txirrindularientzat. Apustu egitea da gakoa.

Hamar urte igaro dira txirrindularitza profesionala utzi zenuenetik. Jarraitzen al duzu pedalei kolpeka?

Bai. Hala ere, txirrindularitza utzi, eta bost urte eman nituen ezer egin gabe. Oso nazkatuta bukatu nuen, ez nuen bizikletarik ikusi nahi. Baina handik denbora batera hasi nintzen. Bizitza osoa kirola egiten igaro ostean, gorputzak eskatzen dit, eta, gutxienez, gimnasiora joaten naiz. Ama izan ostean ere, argaltzeko bizikletan aritzen nintzen.

Lasterketak auto barrutik ikusten dituzu orain. Gehiago sufritzen da?

Uste nuen ezetz, baina bai. Bizikleta gainean zoazenean ez duzu arriskua ikusten, eta orain, kotxetik ikusita, taldekideei esaten diet ea nolatan doazen abiadura horretan. Arrisku gehiago ikusten dira. Ohartu nintzenean, zirrara eragiten zidan. Era berean, profesional garaian zuzendariarekin asko haserretzen nintzen eta orain ikusi dut oso zaila dela kotxe bat gidatzea lasterketan.

Nazkatuta zeundelako utzi zenuela esan duzu. Zergatik?

Oso gutxitan hitz egin izan dut horretaz. Askotan esan didate unerik onenean nengoenean utzi nuela, baina bizi izan nuen txirrindularitzak ez du zerikusirik egungoarekin. Emakumea nintzen gizonezkoen munduan. Ez nengoen onartua, eta nik sentitzen dudan guztia esateko ohitura daukat, ez naiz isiltzekoa. Hainbeste injustizia pairatu behar izan nituen berdintasunari dagokionez, nekatuta bukatu nuen. Gorputza ondo neukan, baina motibaziorik gabe ematen nituen pedalkadak entrenatzean. Horma bat jotzea bezala zen, eta momentu batean ez nuen indarrik. Egun ikusi dut emakumeak espazio gehiago eta askatasun handiagoa dituztela, nahiz eta sakonean arazoak hor jarraitu.

Nolatan hasi zinen bizikletan?

Gorroto nuen hasieran. Txikitan gizena nintzen, eta argaltzeko jarri zidaten bizikleta. 80 kilo nituen, eta ez nuen aurrera egiten. Halaber, aita eta osaba txirrindulari profesionalak izan ziren, eta bizikleta denda bat daukagu gaur egun ere. Etxean betidanik egon da bizikleta presente, modu ezberdinetan. Nebak hasi ziren, eta ni ere bai. 70 ume ingurutik, neska bakarra nintzen.

Zer moduz moldatzen zinen mutil artean?

Oso ondo pasatzen nuen. Are gehiago, horrek harrapatu ninduen. Gaur egun, horixe lantzen dut eskoletan. Txirrindularitzan gelditzea erabakitzen duenak, giroagatik egiten du. Ez da dena fisikoki ona izatea.

Profesional egitea erabaki zenuen. Erraza izan zen?

Ez. 15 urte ingururekin lasterketak irabazten hasi nintzenean, ez nituen bereziki prestatzen, baina mutilekin entrenatzeagatik egiten nuen esfortzua handiagoa zen. Munduko txapelketetan, aldiz, frustrazio handiak izaten nituen, eta ez nuen ulertzen zerk egiten zituen hobeak mutilak. Profesionaltasuna zen erantzuna, eta, horregatik, hainbat lorpenen ostean, erabaki nuen 20 urterekin Italiara joatea, serio entrenatzeko.

ENERITZ_ITURRIAGA_-_EMAKUMEEN_BIRA

Emakumeen Bira. 2012an Eneritz Iturriagaetxebarria izan zen Emakumeen Birako sailkapen nagusian lehen euskal txirrindularia. Artxiboko irudi batean, Iturriagaetxebarria Lekeition, garaikurra eskuetan. / Jon Hernaez

Zer moduz Italian?

Lehenengo hilabetea igaro ostean, hegazkin bat hartu, eta etxera itzuli nintzen. Oso gogorra egiten zitzaidan profesional izatea. Gurasoekin hitz egin, eta berriz joatea erabaki nuen. Esperientzia aberasgarria izan zen azkenean. Bi taldetan aritu nintzen Italian, bost urtez bakoitzean, eta hango bizimodura ondo egokitu nintzen.

Italian hamar urte egin ostean, zer aurkitu zenuen hemen?

Pena handia sentitu nuen. Hangoarekin alderatuz, hemen ez zegoen ezer emakumezkoen txirrindularitzan. Denboran atzera egin izanaren sentsazioa neukan. Horregatik, itzuli eta handik gutxira erabaki nuen uztea.

Zure ibilbideko zein une dituzu gogoan, bereziki?

Mundu guztiaren erantzun tipikoa da, baina Olinpiar Jokoak. Haietara joan nintzen lehen aldian, ordura arte telebistan ikusitakoa zuzenean ikustea oso txundigarria izan zen, eta baita noraino heltzea lortu nuen konturatzea ere. Ez zait sekula irudi hori ahaztuko.

Momentu txarrik?

Lesioak, erorikoak, ebakuntzak…, kirolari hobea egiten ninduten momentu gogorrak ziren denak. Sei ebakuntza ditut gorputzean, klabikula hiru aldiz hautsi nuen, eta koman ere egon nintzen. Gutxitan erortzen nintzen, baina erortzean kolpe handiak ziren.

Zer eman dizu txirrindularitzak?

Aberastasuna pertsona moduan. Hainbeste urtetan, hainbat herrialde eta pertsona ezagutu ditut… Bestalde, kolpeek ematen dituzten irakaspenak unibertsitatean edo lanean ere ez dira ikasten.

Zein dira zure helburuak etorkizun hurbilean sortu berri duzun taldearekin?

Leongo taldea Euskal Herrira ekarri nahiko nuke eta hemen harrobi bat sortu, maila guztiak izango dituena. 4 urtetik hasi eta, gutxienez, 40 urtera arte. Euskal Herrian Joane [Somarriba], Ane [Santesteban] eta hirurok izan gara lorpenik handienak eskuratu ditugunak. Egun Ziortza [Isasi] ari da. Zortzi-hamar urte behar izaten dira norbait irteteko; ea tarte hori murrizten dugun.

Euskal Herriak badu txirrindularitzazale sona. Eskoletan ari zara haur eta gazteekin txirrindularitza sustatzen. Badago etorkizunik?

Eskola kirolean ume ugari ari dira. Jolaserako eta gozatzeko tartea da haientzat, eta askotan gurasoek hori ez dute ulertzen. Entrenamenduak aurrerago datoz. Zaletasuna sustatu behar zaie, gustatzeko. Gustatuz gero, haurrek beraiek erabakiko dute jarraitu ala ez.