Izengabeak gogoratzen Durangon

Izengabeak gogoratzen Durangon

Mikel Garcia Martikorena

Nor zara zu?’ galdetzen dute andre ahaztuen itzalek”. Hitzok Leire Vargasen ahotik atera diren arren, Joseba Sarrionandiak idatziak dira. Bertsoa Durangoko Nevers ikastetxearen parean kantatu du Vargasek. Izan ere, egun ikastetxea dagoen lekuan, duela ia mende bat frankistek emakumezkoentzako espetxe bat ezarri zuten. Aurten, 83 urte igaro dira Durangoko emakumeen espetxe frankista itxi zutenetik, eta joan den larunbatean, urtarrilaren 21ean, omenaldi bat egin zieten han hildako emakumeei eta haurrei. Udalak plaka bat jarri du han, gertatutakoa oroitu dadin.

Izengabeak izan dira urte luzez espetxe horretan hildako emakume eta haurrak. Baina, joan den larunbatetik, Dolores Castillok, Guadalupe Gargallok, Eugenia Inojosak, Nieves Martinek, Eustaquia Perezek, Manuel Aranak (6 urte), Antonio Caceresek (6 hilabete), Victoria Galvezek (2 urte), Alejandra Gimenezek (8 hilabete), Angeles Landak (urtebete) eta Victor Martinek (4 urte) izena berreskuratu dute Durangoko memorian. Plakak guztien izenak jaso ditu; udalaren arabera, “herrian gertatutakoa ez ahazteko”. Gerediaga elkarteak haritz bat landatu zuen 2010ean, egungo ikastetxean duela ia mende bat gertatu zena oroitzeko. Zuhaitz haren gerizpean daude orain errepresio frankistak Durangon hildako emakume eta ume horien izenak idatzita.

Bizkaian, 19 36ko gerra amaitu ostean, hiru espetxe ezarri zituzten frankistek emakumeak preso hartzeko: Durangokoa, Zornotzakoa eta Bermeokoa. Durangokoan 2.000 emakumetik gora zeuden, eta gela bakoitzean zazpiehun inguru biltzen zituzten frankistek. Bertan egondako Tomasa Cuevasek idatzi zuen Testimonios de mujeres en carceles franquistas [Kartzela frankistetan egondako emakumeen testigantzak] liburuan azaltzen duenez, Durangoko espetxean zeuden emakumeek bakoitzarentzat 50 zentimetroko espazioa zuten soilik: “Paretean marraztutako marrek adierazten zuten bakoitzak zuen espazioa”.

“Emakumeen biltegiak”

Baina kartzela al zen Durangon egon zena? Maria Gorosarri kazetariak azaldu duenez, praktikan espetxeak ziren arren, ez frankistek, ez emakume haiek ere ez zuten kartzela izena erabiltzen; emakumeen biltegiak ezizenez ziren ezagunak garai hartan. “Faxismoak ez zuen emakumea agente politiko bezala ikusten; hori dela eta, izaera politikoa ezabatzen saiatu ziren, eta, kartzeletan sartu beharrean, espetxe itxurarik ez zuten lekuetan sartzen zituzten”, dio Gorosarrik. Oro har, komentuak ziren leku horiek. Durangon ere komentu baten alde egin zuten. Frankismoaren aurreneko urteak pasatu ostean, komentua eraitsi zuten, “izaera politikoaren ezabatze lanen erakusgarri”, Gorosarriren aburuz.

Kazetariak lotura estua du emakumeentzako Durangoko biltegiarekin. Durango 1936 elkarteak bultzatutako ikerketa baten ondorioz, No lloreis, lo que teneis que hacer es no olvidar [Ez negarrik egin, egin behar duzuena oroitzea da] liburua argitaratu zuen 2010ean. Gainera, haren birramama espetxeratuta eduki zuten egun Nevers ikastetxea dagoen lekuan. Gorosarrik dioenez, hiru arrazoi zeuden biltegi horietan espetxeratuta bukatzeko: arrazoi politikoak, prostituzio autonomoa eta abortatu izana.

Kanpora begira espetxe irudia izan ez arren, han preso hartzeko arrazoiak eta bertan zeuden baldintzak espetxe baten oso antzekoak zirela dio Gorosarrik. Are gehiago, gizonezkoen kartzela batzuekin alderatuz gero, bizitzeko “gaitzagoak” izan ziren batzuetan. “Gizonezkoen kasuan ez bezala, andrezkoak umeekin ere bizi ziren”. Cuevasek bere liburuan jasotako testigantzen arabera, “denetarik” falta zuten leku haietan: “Zegoen bakarra, gosea eta mina ziren”.

Durangon memoria historikoa lantzeko egitasmo honek udala, Andradeak elkartea eta Durango 1936 elkartea ditu atzean. Plaka, halere, ez da Neversen egon den aurrenekoa; izan ere, duela hambost urte Ahaztuak elkarteak beste bat jarri zuen, bertan gertatutakoa oroitzeko.

Aurrenekoa ez bada ere, Gorosarrik txalotu egin du udalak horrelako egitasmo bat bultzatu izana: “[Espainiako] Estatuak oraindik ez du beregain hartu duintasun eta erreparazio lana; horregatik, garrantzistua da Durangoko Udalak memoria historikoaren aldeko ekintzak egiteatea”. Faxismoa “gurean oraindik tabu bat” dela dio kazetariak, eta horrekin hautsi eta egitasmoak egiteko adorea azpimarratu du.

Durangok erresistentzia antifaxistan izandako rola azpimarratu du hark: “Gizonen erailketa zela eta, erresistentzia antifaxista emakumeek osatu zuten”. Ima Garrastatxu Durangoko alkateak emakume haien “borrokarako grina” plazaratu du: “Kartzelan egon arren, protesta egin zuten zituzten baldintza kaskarrak salatzeko, eta nahi zutena lortu zuten: beste espazio bat ahalbidetu zieten umeekin egoteko”. Alkateak, hunkituta, memoria “iraganarekin lotura” dela azpimarratu zuen ekitaldian.