Historia, hormetan itsatsita

Historia, hormetan itsatsita

Amaia Igartua Aristondo

Euskal Herriko hormak bete zituzten duela hamarkada batzuk, eta, formatua aldatuta ere, ugariak dira oraindik kartelak, baina arrasto idatzi gutxi utzi dute, hala ere: 1997an, Txalaparta argitaletxeak Euskal Herriko kartelak. Askatasunaren irudiak liburuan bildu zuen andana bat, hiru aletan; horrez gain, ordea, apenas idatzi den euskal kartelgintzaren inguruan, Kike Infame komikilariak (Bilbo, 1975) eta Alex Oviedo idazleak (Bilbo, 1968) egiaztatu dutenez. Haiek lortu dute liburu bat egitea: Hormetan.

Bizkaiko kartelen inguruko liburu bat egitea zuten burutan, baina urriak ziren heldulekuak; hori hala, protagonistengana jo zuten zuzenean. “Gehienak bizirik daude, eta euren historia ezagutarazteko gogoz”, Infameren arabera. Emankorra izan zaie miaketa: ugaritzen hasi ziren kartelak, eta pilatzen autoreen berbak. Hormetan obran bildu dute hori dena, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eman du argitara: 160 orrialdeko lana izan behar zuena 360 ingurukoa da azkenean, eta argitalpen data lau bat hilabete atzeratzea eskatu zuten, materiala ezarian-ezarian topatzen hasi zirelako. Guztira, mila kartel ingururekin jantzi dute liburua.

1975etik gaur egunera arteko irudietako asko daude ikusgai: besteak beste, kultura, kirola, eta gai soziopolitikoak dituzte hizpide, eta merkataritzakoak ere badaude. Hala, Hormetan gizarte baten bilakaeraren isla ere bada, egileek aldarrikatu dutenez. “1980ko eta 1990eko urteetako historia ezin da ulertu kartelik gabe; oinarrizkoak dira”, Oviedoren arabera. Bide beretik mintzatu da Infame. “Kartelen izaera efimeroa gorabehera, gure memoriaren parte dira. Efimeroa izateak ez du esan nahi baliorik ez duenik, baina ez gara ondare hori zaintzen ari”.

Badira memoria, badira informazioa erakusteko euskarria, eta badira, orobat, artea. Hasieratik, gainera, Oviedok azaldu duenez: “XIX. mendean, kartelak informazioa helarazteko sortu ziren, baina artearekin harreman estua zuen”. Alfons Mucha Austriako irudigilea aitatu du, esaterako, zeinek Sarah Bernhardt antzerki aktore ospetsuaren ekitaldiak sustatzen zituen, besteak beste. Lanean jaso dute horietako bat: Bernhardt dotore ageri da marrazkian, detailez jositako jantzi batekin. Halaber, Henri Toulouse-Lautrec Okzitaniako artista ere ekarri du hizpidera komikilariak, kartelgintza oso artistikoa baitzen harena. “Hasierako kartelak oso-oso artistikoak ziren, eta gero eboluzionatu zuten. Gerrak piztu zirenean, ideologizatu egin ziren, ikusleengana heltzea eta ideiak transmititzea baitzuten xede”.

1980ko kartel politikoak

Bizkaiko irudiak ere antzaldatu egin dira hamarkadaz hamarkada. 1970eko urteetan, Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza edota Eduardo Txillida ahalegindu ziren euskal irudizko nortasuna bilatzen arte modernoaren bitartez, baita haren izaera soziala ere, Infameren arabera. “Pegatinekin eta kartelekin, arte modernoa gizarteratzen saiatu ziren, eta bilakatu dira euskal ikonografia garaikidearen erreferenteak”.

Bidea urratu zuten, hein batean. Hortik aurrera, 1980ko hamarkadan, ezker abertzalea eta EMK Euskadiko Mugimendu Komunista kartelez baliatu ziren, era berean, aldarriak hedatzeko. “Besteek ere erabiltzen zituzten, baina haiek zuten kaleetan mobilizatzeko ahalmenik handiena”. EMK-ko Bittor Allendek kontatu dienez, 1×1,40 metroko kartelak ontzen zituzten. “Hiriaren erdian kokatutako iragarki panelak ziren; atentzioa ematea lortu nahi zuten”, zehaztu du komikilariak.

Garai hartan, Bizkaiko paretetan itsatsitako irudiak oso ideologizatuak zeuden, testuinguruak baldintzatuta. 1990eko hamarkada bukaeran, izaera ideologikoa galtzen hasi ziren, Oviedok esan duenez. “Autore berriak heldu ziren, emakume asko, eta beste gauza batzuk bilatu zituzten. Kartelak aldatu egin ziren”. Garai berean, kaleetan presentzia urriagoa izaten hasi ziren, idazleak nabarmendu duenez. “Alde horretatik, oroitzapena galdu da: ez dugu gogoratzen XXI. mende hasierako kartelgintza, baina bai XX. mende bukaerakoa, presenteago zegoelako”.

Hormetan 2

Gaur egungo kartelgintzan, lan bakoitzean pila bat aldagai nahasten da, eta artista bakoitzak detaile propioak txertatzen ditu, Hormetan-en egileen berbei erreparatuta. Autoreak desberdindu egiten dira: estiloak identifikagarriagoak dira. Funtsean, izen bat dago, nabarmen, obra bakoitzari lotuta. Lehen, ordea, sinadurarik ez zegoen. “Kartela diseinuaren eta ilustrazioaren mundutik dator; hau da, arte aplikatuetatik. Horiek beti hartu izan diren koskatzat”. Gaitz egin zaie hasierako kartelen autoreak topatzea, baina, berriagoetan, erraztu egin zaie lana. “Hasi ginen ikusten kartelen historiak izen propioak dituela: Higinia Garai, Ane Pikaza, Aurman agentzia…”.

Digitalarekin nahasita

Aldatu egin da kartelen lekua: hormak ziren lehen, nagusiki, eta orain markesinetan eta gisa horretako propio jarritako euskarrietan erakusten dira asko. Orobat, euskarri fisikoaz gain, azken urteetan indarra hartu du erakusleiho digitalak. Hori hala, autore berriei egindako elkarrizketetan, sarri agertu da faktore hori. “Higinia Garaik esan zigun: ‘Nik jada ez dut neurri jakin bateko kartelik egiten —A3 bat, esaterako—; baina irudi bat egiten dut Instagramen, eta horrek beste milaka irudiren artean nabarmendu behar du, mezu zehatz bat bidali eta ikusleak lotzeko'”, esan du Infamek, adibide bat ipini nahian.

Hormetan 3

Helburuak berberak dira oraindik, baina moduak eraldatu egin dira, Oviedok azpimarratu duenez. “Teknikak aldatu dira. Lehen, kartela paperean egiten zen, eskuz, baina gero ordenagailuak agertu ziren, 1990eko urteetako pieza oinarrizko bat”. Photoshop mugarria izan zen; areago, etengabean erabiltzen hasi ziren, Infamek gogoratu duenez. Teknologia digitalek baldintzatu egin zituzten irudiaren kapak eta koloreak, besteak beste. “Lehen, Labe Garaietarako asko egiten zen behar, eta, 1980ko hamarkadan, modan jarri zen aerografoa. Aerografoak geruzak gehitzen zituen ordenagailurik ez zegoen garaian”.

Baina astindu teknologikoaren ostean, diziplinak izan du eraldatzeko abagunea,”etengabeko eboluzioan” egon baita beti kartelgintza, Oviedoren esanetan. Hala, artistek ez dute erabat moztu iraganarekiko lotura. “Momentu batean, dena egiten zen ordenagailuarekin, jendea hasi zen baliabide digitalak baztertzen, eta aldarrikatzen hasi ziren artisautza. Gauzak eskuz egiten hasi ziren berriro”.

Hormetan 4

Zaharra eta berria uztartzen dira, kasurako, Bilboko Vudumedia diseinu grafikoko estudioaren jardunean: collageak egiten dituzte argazki zaharrekin eta teknika modernoekin. Hala taxutu zuten, esaterako, Markina Shots festibalaren iazko irudia: aspaldiko harri jasotzaile bat ageri da kartel bakoitzean —hiru ezberdin egin zituzten—, eta tipografiak aspaldikoaren antza du. Infame: “Aurrera egitea da, lehengoa ahaztu barik”.

Hormetan 5

Nazioartera begira ere badaude artista garaikideak, liburuaren egileen iritziz, zikloak baitaude eraginei dagokienez ere. “1980ko urteez mintzo denean, Bittor Allendek dio ikurrinari kolorea jarri zitzaiola: garai gatazkatsua zen, eta umorea txertatu zuten karteletan; ironiari esker, arreta erakarri nahi zuten”, esan du komikigileak. 1990ekoetan, ordea, kosmopolitismora jo zen. “Tokikotik ihes egin zuten, nolabaiteko freskotasuna lortzeko. Eta gaur eguneko autoreetan, elkarreraginak konstanteak dira”.

Hormetan 6

Argazkiak, ordenean:

1. Lehena. Korrikaren aurreneko aldiko karteletako bat, 1980koa. AEK
2. Festa. Liburuan, Bizkaiko udalerrietako jaietako kartel asko jaso dituzte. Irudian, 1987ko Bilboko Aste Nagusikoa. Juan Carlos Egillor
3. Musika. Kulturarekin zerikusia duten kartelak ere batu dituzte Infamek eta Oviedok; besteak beste, Itoiz taldearen hori. David Abajo
4. Emakumeen diziplina. 1990eko azken urteetatik aurrera, ugaritu egin da andre kartelgileen kopurua. Irudian, Getxo Folkeko 2022. aldiko kartela. Ane Pikaza
5. Aitzindariak. Agustin Ibarrolak CCOO sindikatuaren kartelak ere egin zituen. Agustin Ibarrola
6. Aldarria. Bilboko Euskalduna ontziolako protestetan hildako beharginaren irudiarekin egindako kartela. Bittor Allende