Txotx egitea, oztopoak oztopo

Txotx egitea, oztopoak oztopo

Amaia Igartua Aristondo

Umoretsu hasi zuten joan den astean Gipuzkoako sagardotegietako txotx garaia, Astigarragako Sagardoetxean egindako ekitaldi batean, aktore eta bertsolari batzuekin batera, giro alaian. Oso bestelakoa da, ordea, Bizkaiko egoera: aurten erabaki dute ez egitea sagardo berriaren aurkezpen ekitaldi bateraturik. Uzta “eskasa” izan baita, Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko Sagardogileen elkarteko lehendakari eta Zornotzako Uxarte sagardotegiko jabearen esanetan. “Ez zegoen aurkezpen bat egiteko moduko jai girorik”.

Guztira, 89.000 litro sagardo inguru ekoitzi dituzte aurten Bizkaiko sagardogileek, iaz baino 20.000 gutxiago, eta eguraldia izan da horren erantzule zuzena, Zamalloak nabarmendu duenez: 2022ko uda beroa gogoratu du, eta udazkenean ere bero egin zuela. “Nahiz eta sikatea sarritan ezagutu izan dugun, beste urte batzuetan, udazken inguruan ur litro batzuk eginez gero denboraldia salbatzen zen”. Oraingoan ere hori gerta zedin zain egon dira, baina urtaro aldaketak ez ditu uxatu tenperatura altuak eta hego haizea. “Sagarrondoak handiak badira, ondo jasaten dute ohiko sikate bat, baina oraingoa, ez; sikate handia izan da”. Irail erditik aurrera abiatu zuten sagarrak jaso eta sagardoa egiteko kanpaina, baina sagar asko galduta zeuden ordurako, lurrera erorita eta ustelduta baitzeuden.

Sagar kopuruari ez ezik, fruituen ezaugarriei ere eragin die lehorteak, eta “nabarmen” gainera, Zamalloaren hitzetan. Orokorrean, sikate egoeretan ondutako sagarrek ur gutxiago edukitzen dute, eta, hortaz, muztio edo zuku gutxiago lortzen da, Bizkaiko elkarteko lehendakariak azaldu duenez. “Ateratzen den edaria kontzentratuagoa da, gradu alkoholiko eta azukre gehiago edukitzen du”. Gainera, aurtengo sagardoak tanino gehiago ei ditu, zapore mingotsagoa, oro har, eta fruta usain txikiagoa. “Ezaugarri horiekin, bodegan orekatuagoa izan daiteke; hau da, ez da aldatuko datozen hilabeteetan”. Zapore aldaketak eraginik izan dezake kontsumoan? Zamalloak ezetz uste du. “Batzuei edari arinagoak gustatzen zaizkie, erraz edatekoak, eta beste batzuek nahiago dituzte sendoagoak eta mingotsagoak”.

Sagardo gutxiagorekin ere, ordea, sagardotegiek berdin-berdin egingo dute txotxa, eta bere horretan itzuliko da pandemia aurreko urteen funtzionamendua. 2021eko uztak horretan lagunduko die, Zamalloaren berbei erreparatuta. “2021eko urtean sagar ugari bildu ziren, eta bodegetan behar zena baino sagardo gehiago egin genuen”. Oraindik epe horretako soberakinak dituzte, eta sagardotegi batzuek horiei esker jarraitu ahalko dute aurrera, elkarteko lehendakariaren irudiko. “Horrek apur bat salbatzen ditu bodega batzuk. Bestela, egoera askoz okerragoa izango zen”.

Sagardotegiak, prest

Nolanahi ere, sagardogileen elkarteko lehendakariari iruditzen zaio edari kopuruak ez duela eraginik izango sagardotegietako bezeroengan. Izan ere, jarioa urtero mantentzen ari da antzeko, nahiz eta ohitura aldaketa batzuk antzeman dituzten. “Lehen, afaltzera etortzen ziren asko, eta, gaur egun, afariak asko jaitsi dira”. Bazkalorduan pilatzen da orain jendea, batez ere. “Uste dut hobeto moldatzen dela gure lan egiteko erara; lasaiago ibiltzen gara”.

Uxarten ekoizten duten sagardoaren laurdena kontsumitzen da sagardotegian bertan, Zamalloak emandako datuen arabera. Gainerakoa, botiletan saltzen dute. Gaur emango diote hasiera Uxarteko txotx garaiari, 21:00etan; Oihana Bartra eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak arituko dira kantuan, Miren eta Roberto Etxebarria trikitilariek joko dute, eta txalaparta jotzaileek ere girotuko dute gaua.