Plataforma bat sortu dute Ermuan, saihesbidea burutzea eskatzeko

Plataforma bat sortu dute Ermuan, saihesbidea burutzea eskatzeko

Amaia Igartua Aristondo

Urte askotako ibilbidea izan du Ermuko saihesbideak: Bizkaiko Foru Aldundiak 2012an finkatu zuen proiektu osoa, 2014an abiatu zituzten lanak, eta lau urte beranduago burutu zituzten lehen bi zatiak: 2018ko urtarril hasieran, N-634 errepidea eta AP-8 autobidea lotzen dituen Urrunagako tunela zabaldu zuten; eta, urte bereko irailean, hasierako zati hori Eibarko (Gipuzkoa) saihesbidearekin lotu zuten. Obrak bukatutzat eman zituzten, baina proiektua biribildu barik dago oraindik, udalerriko bizilagunen arabera. Hori horrela, Ermuko Saihesbidea plataforma sortu berri dute, obrak burutu daitezen eskatzeko. Martitzenean aurkeztu zuten plataforma, udalerriko Lobiondo kultur etxean.

Zehazki, bi zati falta dira eraikitzeko, Ziortza Agirregomezkorta plataformako kidearen arabera: trafikoa Zeharkaletik Urtia industrialdera eramango lukeen bidea, eta Seigarren Mendeurrena eta Zubiaurre kaleetatik Goitondo industrialdera joango dena. Horrenbestez, Ermuko erdigunetik “tona askotako” kamioiak pasatzen dira oraindik, eta egoera hori “arriskutsua” dela salatu dute plataformakoek.

Hala ere, aldundiak ez du falta diren obrak gauzatzeko dirurik jaso 2023. urterako aurrekontuan. Azaroaren 11n, Ermuko berrehun bizilagunek aurrekontuen zirriborroari alegazioa aurkeztu zioten, galdegiteko obren lizitazioa hasi eta hurrengo faseetarako diru partida bat bideratu dezatela. Abenduaren 19an, alegazioa Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordean eztabaidatu eta bozkatu zuten, eta atzera bota zuten EAJren eta PSE-EE-ren botoekin —Ermuko udal gobernua bi alderdi horien esku dago—. Abenduaren 28an behin betiko onartu ziren foru aurrekontuak, saihesbiderako partidarik gabe.

Hala, “bost urtean ez da euro bakar bat ere jaso obrak amaitzeko”, Agirregomezkortaren hitzetan. Eta, gainera, proiektuan falta diren zatien ingurune baimenak iraungi dira dagoeneko. Ondorioz, aldundiak Urtia industrialderako bidearen ingurumen azterlan berriak kontratatzeko asmoa du. “Orain, 593.000 euro publiko gastatzea proiektua soilik Urtiaraino eguneratzeko, herritarrei barre egitea da”.

Lehentasun kontua

Plataformako kideak nabarmendu duenez, aldundiak 245,8 milioi euroko inbertsioa jaso du aurtengo aurrekontuetan hainbat azpiegitura garatzeko. Horietako batzuk zerrendatu zituen: besteak beste, itsasadarraren azpiko saihesbide bat, Bilbo hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasearen amaiera, Markina-Xemeingo saihesbidea, Getxoren eta Bilboren arteko bulebarra, Erandioren eta Barakaldoren arteko zubi mugikorra edo Errekaldeko saihesbidearen hasierako lanak.

Proiektu horiek beharrezkotzat jotzen ditu Agirregomezkortak, baina baita Ermuko proiektua bukatzea ere. “Ezinbesteko kontua da udalerriko herritar guztien mugikortasun, segurtasun, ongizate eta osasunerako. Udalerri erdian egunero kamioi astunak ibiltzeak sortzen dituen eragozpenez gain, horrek dakarren arriskua ere konpondu beharra dago”.

Horretarako, plataformak arrazoiak eta eskaerak aurkeztuko ditu Ermuko Udaleko datorren osoko bilkuran. “Ermuko saihesbidea bukatzea ez da lehentasuna Bizkaiko EAJrentzat eta PSE-EE-rentzat. Eta Ermuko EAJ eta PSE-EE-rentzat? Horixe da herritar gisa geure buruari egiten diogun galdera”. Udaleko ordezkariei eskatuko diete izan dezatela aurrekontuetan “beharrezkoak” diren aldaketak egitearen aldeko jarrera argia.