Muinoko sastraken azpiko gaztelua

Muinoko sastraken azpiko gaztelua

Mikel Garcia Martikorena

Balmasedako gazteluaren muinoak antzina eraikitako gazteluen hondarrak ezkutatzen ditu. Hainbat hamarkadaz garrantzi handirik eman ez zaion arren, bertan dauden harriek hitz egiteko ahalmena izango balute, Bizkaiko historia laburbiltzeko adina izango lukete esateko. Jakina zen bertan karlistaden garaiko gaztelu bat zegoela, eta horren aurretik Erdi Aroko beste bat, XIII. mendean eraikia —edo hala uste zen, behintzat—. Hala ere, inork ez zuen lan handirik hartu hura ikertzeko. Ez behintzat, 2018an Balmasedako bizilagun batek muinoa garbitzea erabaki zuen arte.

Aitor Ibarguen da bizilagun hura. “Hainbesteko sasitzaren azpian zer zegoen” jakin nahi zuen. Garbiketa lan horiek egiteko, Orexinal elkartea sortu zuen, hil honetan bost urte beteko dituena. Sastrakak kentzen zituzten bitartean, hainbat urtez lurperatutako arrastoak agertu ziren. Horrek EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen arreta piztu zuen, eta, 2020tik, indusketa lanetan dabil Unescoren Kultur Paisaiak eta Ondarea katedra.

Lan horien emaitzetan “aipagarriena” izan da jakitea gaztelua han zegoela uste zen baino “hirurehun urte lehenago”. Izan ere, indusketa lanetan hasi eta EHUko ikerlariek karbono-14 proba egin aurretik, gaztelua XIII. mendekoa zela uste izan da, garai hartan agertu baitzen aurrenekoz idatzita: 1218an Lopez Diaz Haro II.aren ezkontzan, hain zuzen. Ibarguenek onartu du denak “nahasi” zituela aurkikuntza horrek.

Ez da gutxiagorako. Jose Luis Solaun Unescoren katedrako teknikariak dioenez, aurkikuntza horren arabera, gaztelua Balmaseda herria bera baino 150 urte lehenago eraiki zen. Horrelako aurkikuntzengatik uste du garrantzitsua dela indusketan jarraitzea: “Balmaseda betidanik idatzita zegoenarekin ikertu da, baina horri ikerketa arkeologikoak gehitu behar zaizkio”.

Erdi Aroko aurkikuntza horrek ikerlariak ezustean harrapatu dituen arren, proiektua karlistadetara dago bideratuta, bereziki. Ibarguenen helburua da Balmasedako gazteluaren muinoa “Euskal Herriko karlistaden erreferentziazko” proiektu bihurtzea. Izan ere, Solaunek dioenez, hasieran uste zuten azken gazteluaren egituraren %90 liberalek eraiki zutela karlistadetan. Topatutako arrasto gehienak 1830eko hamarkadakoak diren arren, aurreikusi baino Erdi Aroko egitura gehiago topatu dituzte.

Gaztelu muinoko liberalen kuartela

Azken bi urteetan egindako lanari esker, gazteluak 1836an zuen egituraren hainbat gune lurpetik atera dituzte, hala nola zaintza postua, eskailerak eta hesi barruko egiturak.

Denboran bidaiatuz

Proiektuak alde didaktikoa du herriarentzat. Herritarrak Balmasedan —eta, bereziki, gazteluko muinoan— gertatutakora gerturatu eta irakastea da helburuetako bat. Hori ahalbidetzeko, udala Alboan Enkarterri enpresarekin dabil elkarlanean, herrian zehar bisita gidatuak eskainiz. Gidari horietako bat Jorge Gomez da. Balmasedaren historia eta kultura aztertzen duten elkarte “asko” daudela dio Gomezek; horri esker, eta haien ikerketa eta liburuak baliatuz, Balmasedaren garrantzi historikoa azaldu dezake: “Gaztelako erresumaren eta Bizkaiko jaurerriaren arteko atea zen Balmaseda”.

Oraindik erabilera frogatzen dabiltzan arren, urtean zehar teknologia berriak gehitu nahi dizkiete bisita gidatuei. Ibarguenek dioenez, errealitate areagotua erabiltzen hasiko dira betaurreko batzuk erabiliz: “Errealitate birtualari esker, bisitariak Erdi Aroan murgilduko dira, gaztelua garai hartan nola zegoen ikusiz”.

Balmasedako gaztelua