Bilboko metropoliaren lurralde plana ez dela baliagarria dio EH Bilduk

Bilboko metropoliaren lurralde plana ez dela baliagarria dio EH Bilduk

Mikel Garcia Martikorena

“Aldundiak dagoeneko baliagarria ez den eredu bati jarraipena ematen dio”. Hori da EH Bilduk Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren inguruan plazaratu duen ondorioa. Bizkaiko Foru Aldundia ontzen ari den planak Bilbo eta haren inguruko beste 34 udalerri hartzen ditu, 900.000 pertsona inguru bizi diren eremua. Haien ustez, planaren eragin eremua “zabalegia” da. EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkidearen ustez, eremu horrek “errealitate ezberdinak nahasten” ditu. Hori dela eta, aproposagoa iruditzen zaio eremu txikiagoetara murriztea lurralde planak, eta “ezaugarri propio eta partekatuak” dituzten hiri esparruen artean banatzea.

Lurraldea egituratuko duen plana ehuntzeko prozesua 2016an hasi zen. Garai hartatik asko aldatu da gizartea, eta “horiei erantzuteko” alegazioak aurkeztu dizkio EH Bilduk urte horietan. Guztira laurogei alegazio aurkeztu ditu; aldundiak “gehienak” baztertu dituela salatu du Jone Goirizelaia EH Bilduren Bilboko udal bozeramaileak. Goirizelaiaren ustez, planak egun defendatzen duen ereduak ez du gaitasunik egungo erronka handiei erantzuteko: “Onartu baino lehen iraungi da”.

Goirizelaiaren iritziz, Bizkaiak eta bereziki Bilbok eta inguruak datozen urteetan izango dituen erronka nagusien artean daude mugikortasuna, eredu ekonomikoa eta krisi demografikoa, besteak beste. Halere, ez du uste gai horiei erantzuteko gaitasunik eza denik planaren arazo handiena, baizik eta Bilboko Udalak jada onartutako planarekin egiten duen “talka”: “Bilbon plan orokorra eztabaidatuta dago, eta horren arabera eraikiko da hiria. Aldundiak ez ditu kontuan hartu erabaki horiek; hortaz, ez datoz bat”. Goirizelaia Bilboko zinegotziaren esanetan, konponbiderik errazena da bi planek “bat egitea”.

Etorkizuneko Bizkaia

Bilboko metropoliaren planak “eredu agortua sendotu nahi duela” dio EH Bilduk. Taldeak adierazitakoaren arabera, planak industriari “bizkarra ematen” dio, hirugarren sektorearen alde ageri da, gero eta errepide gehiago eraikiko ditu, eta herritarrak galtzen duen lurralde batean etxeak eraikitzea bultzatzen du. “Iraganeko irizpideak” alde batera utzi eta “etorkizuneko Bizkaiaren zutabeak eraikitzeko garaia” dela dio Casanovak.

EH Bilduren Bizkaiko ahaldungai nagusia izango da Casanova bera, eta, haren arabera, aipatutako ardatz horiek Bizkaia buruan jartzeko balioko lukete: “Bizkaia adierazle ekonomikoen buruan ikusi nahi dugu, baina baita berdintasunaren, jasangarritasunaren eta justizia sozialaren adierazleen buruan ere”. Hori lortzeko, aldundiari eskatu dio hiru zutabetan oinarritzeko lurralde plana: industria aurreratuan eta ezagutzan ardaztutako jarduera ekonomikoan, mugikortasunaren paradigma berria indartzean, eta etxebizitzak eraikitzeko era birformulatzean.

Aurreneko eta hirugarren zutabeek lotura estua dute legebiltzarkidearentzat: “Zonan desagertu zen eredu ekonomiko bati, industrializazioari, erantzuna emateko eraiki zen, horrek ekarri zuen hazkunde demografikoa zela eta. Oraingo erronka egungo eredu sozioekonomikoari erantzuna topatzea da”. Izan ere, Casanovak dio ez dagoela eremuko herritarren behar ekonomikoei erantzuteko behar adina ehun ekonomiko. Industria aurreratu hori gauzatzeko hamaika proposamen egin dituztela baieztatu du EH Bilduk. Haien artean dago Zorrotzaurreko uhartean parke teknologiko bat eraikitzea, lurraldea “orekatze” alderako eredu bat egituratzeko.