Bilbo faraonikoaren porrota

Bilbo faraonikoaren porrota

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko mapa administratiboa nabarmen aldatu zen 1983ko urtarrilaren 1ean: egun batzuk lehenago, Erandio, Sondika, Loiu, Derio eta Zamudio Bilbotik bereiztea eta berriro udalerri bihurtzea onartu zuten Batzar Nagusiek, eta urte berriarekin sartu zen neurria indarrean. Urtarrilean eratu zituzten udal berriak. “Orduan ezinbestekotzat jo genuen desanexioa, herriok bizirautea nahi bagenuen. Orain, argi dugu oso-osoan asmatu genuela”, gogoratu du Jose Luis Padurak. 1979tik Bilboko zinegotzi eta alkateorde izan zen Padura, eta, desanexioaren ondoren, Zamudioko alkate, bi agintalditan: lehenengoan (1983-1987) eta laugarrenean (1999-2003).

Frankismoak herrion borondatearen aurka hartutako erabakia izan zen. Erandio 1940an anexionatu zuen Bilbok. Asua eskualdea osatzen duten lau herriak, berriz, 1966an. “Helburua zen Bilbo berri bat sortzea”, azaldu du Luis Bilbao Larrondo arkitekto eta historialariak: “Kutsatuta zegoen, eta ez zuen hazteko lekurik. Hiri berria eraikitzeko beharra 1920ko hamarkadan ipini zuen mahai gainean Ricardo Bastida udal arkitektoak. Azkenean, agintari frankistek heldu zioten, eta nazioarteko lehiaketa bat egin zuten proiektua aukeratzeko”. Madrilgo talde batek irabazi zuen.

Hiriburuak zituen arazoak konpontzeko aukera ematen zien Txorierri aldeak: leku haizetsua da, eta erraz egurasten da, eguzkitsua da, paisaia ederrekoa, eta eremu zabalak ditu. Erandio, Loiu eta Sondika artean, poligono formako hiri handi bat eraiki nahi izan zuten. Orduan ohikoa zen hiriak horrela haztea: modu horretan sortu zen Otxarkoaga, esaterako. Asuan egongo ziren, bada, bilbotarren etxeak, eskolak, kirol azpiegiturak eta unibertsitatea. Ostera, Bilbon, finantza erakundeen egoitzak, industria, portua eta administrazioa geratuko ziren. “Artxandan tunel bat zulatuko zuten, bi bailarak errepidez eta gero trenez ere lotzeko”.

Bilbo anexioak

Agintari frankistentzat “negozio borobila” zela azpimarratu du Bilbaok: “Lurrak desjabetu zituzten, eta ia doan lortutako orube haiek enpresa eraikitzaileei salduko zizkieten”. Baina, azkenean, porrot egin zuen proiektuak. Alde batetik, Bilbaok gogoratu duenez, lur jabe haiek auzitara jo zuten Espainiako gobernu frankistaren kontra. “Harrigarria bada ere, epaileak arrazoia eman zien, eta desjabetze haiek baliogabetu zituen”. Gainera, Padurak nabarmendu duenez, orduan Sondikan zegoen aireportuaren pista handitzeko proiektuak ere bete-betean egin zuten talka eraiki nahi zen hiri berri harekin. Horri esker, bertan behera geratu zen anexio gehiago egiteko prozesua. Izan ere, Bilbaok gogoratu duenez, Bilbo Handia sortzeko proiektu horren parte bat baino ez zen izan Asuako herriak Bilbori batzekoa. Ondoren, itsasadarraren Ezkerraldea ere anexionatzea zen asmoa.

“Erabateko utzikeria”

Agintari frankistek anexioak sinatu zituztenean, herriontzako laguntzak hitzeman zituen Bilboko Udalak: argiteria sistema, ur horniduraren sarea eta saneamendua hobetu, eskola berriak eta merkatuak eraiki, ordura arteko udalek zeuzkaten hirigintza planak bultzatu… “Ez zuen ezer bete”, esan du Bilbaok. “Anexioak ekarri zuen onura bakarra izan zen Bilboren parte bihurtzean Bilboko autobusak gurera etortzen hasi zirela”, gogoratu du Padurak. “Orduko Zamudio baserri sakabanatu batzuk ziren. Desanexioaren ondoren hasi ginen egiten gaur egun herrigunea dena”.

Bilbo anexioak

Sortzez Bilbokoa den arren, 1968an joan zen Padura Zamudiora. Beraz, anexio urte gehienak ezagutu zituen. “Ordura arte, udala eta bake epaitegia genituen. 1966tik 1983ra arte, ostera, auzo alkate moduko bat ipini ziguten, baina gure eta Bilboko udaletxearen arteko bitartekari lanak baino ez zituen egiten. Askotan joaten ginen auzo udaletxera, eta, idazkariak egun hartan zuen aldartearen arabera, bidaltzen zuen gure eskaera Bilboko udaletxera aguazilarekin, edo guk joan behar genuela esaten zigun”. Bilboko Udalaren “utzikeria erabatekoa” izan zela gogoratu du. “Populazioa hazi egin zen, baina ez zen inbertsiorik egiten. Esaterako, anexioaren aurretik baserriak urez hornitzeko erabiltzen zuten sareari eutsi zioten, eta, normala den moduan, ez zuen gaitasunik eskaera guztiari erantzuteko. Ni sarri joan izan naiz kuboekin ur bila”.

Aitziber Oliban Erandioko alkatea da 2019tik. Desanexio garaian umea zen, eta ez du orduko oroitzapenik. Baina prozesu hura bultzatu zuen bere herriko batzordeko kideek kontatu diotenez, kale gehienak oraindik lurrezkoak ziren 1980ko hamarkadan: udal berriak egin zuen lehen lanetako bat izan zen asfaltatzea. Erandiok, Sondikak, Loiuk, Deriok eta Zamudiok ez zeuzkaten bermatuta gutxieneko zerbitzuak. “Erandion orduan eraiki ziren lehen kultur etxea eta kiroldegiak”, ohartarazi du Olibanek.

“Utzikeria” hark eraginda, desanexioaren aldeko mugimendua sortu zen. Padura izan zen Zamudiokoaren bultzatzaileetako bat. Lehen erakunde demokratikoen babesa ere lortu zuten: Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Bilboko Udalarena, besteak beste. EAJren zerrendetan aurkeztu zen Padura 1979ko hauteskundeetan. “Alderdiak erabaki zuen anexionatutako herriek ere ordezkariak behar zituztela Bilboko Udalean: hiru joan ziren Erandiotik, beste bat Sondikatik, eta ni Zamudiotik. Gure egitekoa zen gainbegiratzea inork ez ziola prozesuari trabarik jartzen”. Gogoan du desanexioa eztabaidan zegoela ere Bilbotik ez zela “ia dirurik” bideratzen herriotarako. “Niretzat harrigarria zen: alde egin edo ez erabakitzen genbiltzanean ere ez gintuzten hobeto tratatu”.

Bilbo anexioak

Inbertsio faltaren ondorioz, anexio urteetan, bost herriok denboran ia aurrera egin gabe geratu ziren. Ostera, ordutik “nabarmen” garatu direla uste du Erandioko alkateak: “Agian, ingurukoek duten zerbait faltako dugu, baina, seguruenik, haiei ere bai guk dugun beste zeozer. Ez dut zalantzarik: gaur egun Erandio herri modernoa da”. Hala ere, aitortu du oraindik badituztela anexio hark utzitako ondorio txarrak. Esaterako, industriak haienean duen kokapenak talka egiten du kasu batzuetan Erandiok diseinatu duen hirigintza ereduarekin. “Guk, gure beharrei erantzunez, ez genituzke fabrikak dauden toki horietako batzuetan ipiniko, baina orduan Bilboren interesak lehenetsi ziren”.

Bilbo anexioak

Industriaren bultzada

Herriotako industriak Bilboko Udalari ordaintzen zizkion zergak herrian bertan geratzea izugarria izan zen lehen udal gobernu haientzat. “Egun batetik bestera, Zamudiok zeukan dirua laukoiztu egin zen”. Gainera, 1990eko hamarkadan Bizkaiko Parke Teknologikoa haienean zabaldu izana sekulako bultzada izan zela aitortu du Padurak. Gaur egun, horri esker, biztanleko diru sarrera gehien duen udala da Zamudiokoa. Dena den, argi utzi nahi izan du parke teknologikorik izan ez balute ere herriaren bilakaera ona izango zatekeela: “Gainontzeko herriek ere lortu dute industria erakartzea. Denok izan dugu bilakaera ona. Dirurik ez izatetik izatera pasatzen zarenean, eta zuk zeure burua zure beharren eta lehentasunen arabera kudeatu dezakezunean, dena daukazu irabazteko”.

Bilbo anexioak

Azken lau hamarkaden balantzea, bada, ona da. Baita gaur egun Bilborekin duten harremana ere. Udalen arteko elkarlana “erabatekoa” dela azpimarratu du Olibanek. Bilborekin, berbarako, itsasadar ertzeko bidegorriaren proiektua dute esku artean. Txorierriko herriekin, berriz, gazteei eta enpleguari lotutako programa bana dute martxan. Hiriburuarentzat ere desanexioa “onuragarria” izan dela uste du Bilbaok. Asmo hark aurrera jarraitu izan balu, proiektuaren arabera, hiri berriak zaharraren “akats berak” egingo zituen, eta, hura bezala, “degradatu”. Ostera, Bilbok hiri moderno bihurtzeko aukera izan du.

Bilbo anexioak

Argazkiak, ordenean:

1. Proiektua. Bilboko agintariak hiri berriaren proiektuari begira, 1960ko hamarkadaren hasieran. / La Gaceta del Norte
2. Ospakizunak. Sondikaren desanexioaren jaia, 1983an, Sondikan. / Bilboko udal artxiboa
3. Udalak. Erandioko Udala eratzeko osoko bilkura, 1983ko urtarrilean. / Erandioko Udala
4. Anexioa. Erandioko ikuspegia, 1960ko hamarkadan. / Bilboko udal artxiboa
5. Ibarra. Sondika eta Asua ibarra, 1960ko hamarkadan. / Bilboko udal artxiboa
6. Udaletxeak. Loiuko udaletxea, 1980ko hamarkadan. / Bilboko udal artxiboa
7. 40. urteurrena. Bost herrietako alkateek, Bilbokoak eta Herri Administrazioetako foru diputatuak abenduaren 29an Sondikan egindako ekitaldia. / Erandioko Udala