Bendejaren eta agroekologiaren aldeko kanpaina, Uribe Kostan

Bendejaren eta agroekologiaren aldeko kanpaina, Uribe Kostan

Olatz Silva Rodrigo

“Uribe Kosta da Costa Rica; hemen lur zati bat erosteko, aberatsa izan behar zara”. Hala dio Agroasanbladako kide Lander Labajok. Duela hamar urte baino gehiago, agroekologiak Uribe Kostan zituen gabeziaz ohartuta, Agroasanblada sortu zuten eskualdeko hainbat ekoizlek eta kontsumitzailek. Egun, ekoizleak daude bakarrik; hala nola, Labajo: “Proiektu agroekologikoei bultzada bat emateko eta geure burua ezagutzera emateko sortu genuen”. Bultzada hori lortzeko, pandemia aurretik Agroasanbladako kide bat bendeja egiten hasi zen Getxoko Itzubaltzeta auzoan, eta, iazko udan, udalak isuna jarri zion kalean barazkiak saltzeagatik. Isunari aurre egiteko kanpaina jarri du martxan Agroasanbladak; besteak beste, otzara baten zozketa egingo dute urtarrilaren 24an.

“Duela hiru urte, Udaltzaingoa lehenengo aldiz joan zen kidearengana, eta produktuak konfiskatu zizkion”, gogoratu du Labajok. Elkartasuna adierazteko, hurrengo astean taldekide guztiak bertaratu ziren, baita Bizkaiko beste produktore batzuk ere. “Oso ondo funtzionatu zuen, eta herriak oso ondo erantzun zuen”. Salaketak bideratu eta isunak idatzi arren, ez zuten ezer jaso. Idazki bat ere bidali zuten udalera. “Bideragarritasun bat ematea zen gure helburua, eta ez beti liskarretan egotea, baina erantzunik ez”.

1.900 euroko isuna

Pandemia ostean, kideak bendeja berreskuratu zuen Itzubaltzetako elizaren aterpean. Eta, berriro, udan Udaltzaingoa agertu zen. Agroasanbladak berdin erantzun zuen. Hala ere, “oraingoan ez diote barkatu”. 1.900 euroko isuna ordaindu behar du. “Ezin du bere gain hartu”. Eta Agroasanbladak ere ez. Hori dela eta, erresistentzia kutxa bat sortzea erabaki dute. Horretarako, hainbat ekintza egingo dituzte. Lehenengoa, zozketa bat izango da. “Agroasanbladako baserrietako, Bizkagaineko [Errigoitiko kooperatiba] eta beste proiektu batzuetako produktuekin saski eder bat osatu dugu”. Txartelak bi euroan jarri dituzte salgai, Algortako Baster tabernan. Irabazlearen zenbakia urtarrilaren 24an argitaratuko dute Hiruka aldizkariaren webgunean.

Beste ideia batzuk ere badituzte. Izan ere, taldeak deialdi ireki bat egin zuen, isunari aurre egiteko eta bendejari bidea egiteko. Herritar batzuk ere agertu ziren, eta hainbat ideia atera ziren. “Bertso bazkari bat prestatzea pentsatu dugu, edo gure baserrietako soroetara bisitak antolatzea eta bertan ekimen kulturalak prestatzea: antzerkiak, kontzertuak…”. Arratiako Agroasanbladak ere martxoan elkartasun bazkari bat prestatzeko asmoa du.

Getxoko Udalari idazki bat baino gehiago bidali dizkiote, baina erantzuna “isiltasuna” izan da. Are gehiago, uda ostean, udalak kalez kaleko salmentari buruzko ordenantza berria egiteko kontsulta publikoa abiatu zuen, urriaren 20tik azaroaren 3ra arte. Agroasanbladak bakarrik egin zituen ekarpenak. “Hamar testu sartu genituen, baina hortik ere ez dugu erantzunik jaso”. Ikusita zein izan den hiru urte horietan udalaren jarrera, Agroasanbladak ez du bere denbora “galtzen” haiekin.

Erraztasun falta

Uribe Kostako agroekologiaren egoera “latza” da. “Pribilegiatu gutxi batzuek familiaren baserria dute, eta lurrak ere bai, baina beste askok euren proiektua hemen aurrera eraman nahi izan dute, baina ez dago modurik”. Oraintxe, zazpi ekoizle inguru daude taldean. “Oso gogorra da; ekoizle batzuek mila euro baino gutxiago lortu izan dituzte hilabetean”, dio Labajok. Azpimarratu du ez dagoela erraztasun handirik.

Behar eta gabeziei erantzuna emateko sortu zuten Agroasanblada, eta gauzak aurrera eramateko bideak bilatzeko. Ekoizle gehienek kontsumo taldeekin egiten dute lan, eta saskiak banatzen dizkiete familiei. “Azokak prestatzen hasi ginen. Beste modu bat behar genuelako hau bideratzeko”. Horren harira, bendeja. “Gure prekaritatetik irteteko, ez dago gauza berririk asmatu beharrik, baizik eta antzinako formulak gurera ekarri; bendeja betidanik egon izan da hemen”.

Bendejak “harreman osasuntsuak” bideratzen dituela adierazi du Labajok: ekoizleek eta erosleek harreman zuzena dute. “Giro bat sortzen da”. Horrez gain, erosleen artean ere harremana sortzen dela azpimarratu du. Bendejak, gainera, “identitatea” ematen dio produktuari: “Gaur egun erosten diren elikagai gehienek ez dute identitaterik, eta bendejan, eskuak, bihotza eta gorpua jartzen dituzu”. Identitate galtze hori makrokate multinazionalek ahalbidetu dute. Labajoren arabera, herriko komertzio txikiek asko sufritzen dute. Eta ekoizleek ere bai, ezin direlako supermerkatu handien prezioekin lehiatu. “Berangon identitate gabeko supermerkatuak ireki dituzte, eta aukera dute prezioak gureak baino merkeagoak jartzeko”.

Argi du etorkizunari “buelta bat” eman behar zaiola. “Nekazari eskoletan ikasten duten gazteek, euren proiektua martxan jarri nahi badute, eskualdetik alde egin behar dute”. Hori egiten badute, euren bizitza soziala “saldu” egiten dute. “Determinazio, gogo eta indar handia behar dute gazteek hori egiteko”. Etorkizunari aurre egiteko, borrokari “eutsi” behar zaiola uste du: “Etorkizuna argitu behar dugu; esperantza beti dago hor”.