Zer suposatzen du familia bat izateak?

Gizartea aldatu egin da, eta, horrekin batera, familia eredu estandarra. Gaur egun, guraso bakarreko familiak daude, haurrik ez izatea erabakitzen duten bikoteak, adoptatzen dutenak, sexu berekoak direnak, ezkondu gabeko pertsonek osatutakoak, kuadrillek osatutakoak… Horregatik, Familien Legea aldatzeko garaia zen. Lege horren helburua familia eredu desberdinak aldarrikatzea izan beharko litzateke, eta, batez ere, horiek babestea eta parekatzea, eskubideei dagokienez.

Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutako Familien Lege berria aurrerapausoa izan da arlo horretan, baina, beste asko bezala, motz geratu da familia askoren beharrei erantzuteko.

Lege berriak senide bat edo bizikide bat zaintzeko hiru baimen berri jasotzen ditu, ezkondutako eta izatezko bikoteen eskubideak parekatzen ditu, familia ugarien onurak bi seme-alaba dituzten guraso bakarreko familietara zabaltzen ditu, eta debekatu egiten du gurasoek ikastetxeetan familia-aniztasunari buruzko edukiak eman ditzaten galaraztea.

Eskubideak parekatzeari dagokionez, askorentzat aukera handia galdu da, seme-alaba bakarra duten guraso bakarreko familiak lege horretatik kanpo geratzen baitira. Salatu dute ikusezin sentitzen direla eta lege berri honek ez dituela babesten haien eskubideak.

Legean jasotako beste inkongruentzia bat honako hau da: bi guraso eta bi seme-alaba dituzten familia batean, ume batek ezintasunen bat badu, bi seme-alaba bezalakoa da, eta zaintzeko aparteko laguntza jasoko lukete, familia ugaria izango balitz bezala; aldiz, seme-alaba bakarra duen guraso bakarreko familia batean, umeak ezintasuna badu, ez du euskarri hori jasoko, ez delako familia ugaritzat hartzen.

Eustaten azken datuen arabera, 2019an guraso bakarreko 84.233 familia zeuden EAEn. Familien % 9,2 dira, eta duela 30 urte zeudenak baino 32.000 gehiago dira. Hamarretik zortzitan emakumeak dira buru, ama ezkongabe horien %60 iraupen luzeko langabeak dira, eta hamarretik bostek ezkutuko ekonomian egiten dute lan. Hori dela eta, hainbat ikerketak, Save The Children GKEak egindakoak adibidez, “bazterketa arrisku larrian” dauden kolektibotzat jotzen dituzte. Gainera, pobrezia-arriskua identifikatzen duen AROPE tasak adierazi du guraso bakarreko familienak bikoiztu egiten duela bi gurasoko familiek duten arriskua.

Datu kezkagarri horiengatik, Bizkaiko Batzar Nagusietan balioesten ari da guraso bakarreko familia bizkaitarrek beherapen fiskalak lortzeko aukera: Batzar Nagusiek titulu bat garatzeko eskatu dute, gaur egun lurraldean dauden guraso bakarreko 47.000 familia baino gehiago aintzat hartuko dituena. Lege berri honek, ordea, entzungor egiten dio 2020an Espainiako Senatuan onartutako mozio bati: Senatuak administrazio publikoei agindu zien guraso bakarreko familiak babesteko esparru juridikoa sortu zezatela.

Familien Lege berriak urratsak egiten ditu norabide onean, baina oraindik bide luzea dago kontziliazioa hobetzeko eta eskubideak parekatzeko.