“Pertsona orok izan behar du duintasuna bermatua izateko eskubidea”

“Pertsona orok izan behar du duintasuna bermatua izateko eskubidea”

Mikel Garcia Martikorena

Bost urte bete dira Bizkaiko Pentsionisten Mugimendua sortu zutenetik. Bost urte Bilboko udaletxearen aurrean jarri eta pentsioen %0,25eko igoeraren aurka mobilizatu zirenetik. Egun gutxira, hainbat herritara hedatu zen, eta, urteen poderioz, mugimenduak bestelako helburu batzuk ditu: gutxieneko pentsioa, esaterako. Mobilizazio eta borroka guztietan aldatu ez den gauza bakarretako bat Carlos Ruizen (Santander, Espainia, 1949) presentzia izan da. Hori ez da Ruizek bere bizitzan egin duen aurreneko borroka soziala: Etxebarriko Bandaseko greba historikoan egon zen murgilduta, esate baterako. Iraultzaren sugarra pizturik du barnean, baina festarako denbora ere izan du bere bizitzan. Izan ere, Bilboko Aste Nagusia eratu zutenetako bat izan zen, Txintxarri konpartsan.

Nola sortu zen pentsionisten mugimendua?

Kasualitatez. Gure bizitzan hainbat gizarte mugimendutan ibilitakook mezu anonimo bat jaso genuen Whatsapp bidez. Mezu horretan, Bilboko udaletxearen parean protesta egitera gonbidatzen gintuzten. Mobilizazio horren helburua zen pentsioen %0,25eko igoeraren aurka agertzea. Hasieran, lau katuk hartzen genuen hitza. Bigarren egunerako konturatu nintzen mugimendu bat sortu behar zela, horrek konpromisoa eskatzen zuen arren. Ezin zen bukatu %0,25aren aurkako adierazpenarekin soilik, bestelako beharrak genituen —eta ditugu oraindik ere—.

Bigarren egun hartatik aurrera, zenbait herritan zabalduz joan zen mugimendua: Barakaldo, Sestao, Portugalete, eta abar. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zitzaigun [Hego] Euskal Herri mailan antolatzea. Guztira, 82 herritara zabaldu ginen. Koordinazio lanak egin ditugu Bizkaitik Espainiako Estatu osoan. Horrek bide eman du mugimendua urteetan mantentzeko.

Lehen aldian mezu anonimo baten bidez izan zen, baina gero nola antolatu zarete?

Aurretiko hamaika borroketatik ezagutzen genuen elkar gehienok; hortaz, erraza izan zen gure artean koordinatzea. Argi genuen ezin zela egun bateko zerbait izan; hamaika arazo daude gizartean. Egun mantentzen dugun sistema ezarri genuen: herrietan sortutako komiteen ordezkarien asteroko bilera, asteazkenetan. Horietan, astean aurrera —edo atzera— emandako pausoen aurrean nola jardun erabakitzen dugu. Informazio eta koordinazio kanalak ere ezarri ditugu. Asteroko buletina oso garrantzitsua da guretzat. Pentsioen ingurukoak zein garrantzitsuak iruditzen zaizkigun bestelako gaiak jasotzen ditugu bertan; bankuak, prezioen igoera edota osasun sistema, esaterako.

Zer emaitza izan dituzue?

Lorpenak oso garrantzitsuak dira, haiek gabe jendeak ez duelako motibaziorik jarraitzeko. Hasi eta denbora gutxira %0,25eko igoera muga apurtzea lortu genuen. Lorpenek berebiziko garrantzia dute, neurrien helburua pentsioen sistema pribatua ezartzea baitzen. Hori egiteko, sistema publikoa ahultzen zuten. Gure kalkuluen arabera, %40 inguruk ez dute gutxieneko pentsio baterako eskubiderik. Hori dela eta, gutxieneko oinarri baten beharra plazaratu dugu. Horretarako, Europako Batasuneko itun soziala izan genuen oinarritzat, zeinak jasotzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ziurtatu behar direla.

Kopurua nahikoa da?

Azken bost urteotan, inflazioak prezioak asko puztu ditu. 1.080ko kopurua eskas geratzen dela uste arren, eskaera bere horretan mantentzen dugu, uste baitugu mugimenduari garaipen esanguratsu bat eman behar diogula. Pertsona orok izan behar du duintasuna bermatua izateko eskubidea.

Noiz piztu zitzaizun txinparta iraultzailea?

Bandas en Frio Echevarri fabrikaren greban [1966-1967]. Atzo izan balitz bezala oroitzen dut. Greba hasi zenean, lanbidea ikasten ari nintzen han. Helduaroan lehen pausoak ematen nenbilen, eta familia osoa zein lankide denak horrelako greba batean murgilduta egoteak asko eragin zuen nire pentsatzeko eran. 1964an jada greba batean parte hartu nuen, lanean hasi eta gutxira, baina ez zen ezer izan geroko egun haietan bizi genuenarekin alderatuta. Etxebarrin, bertatik bertara bizi izan nuen greba bat hutsetik nola antolatzen den, eta hori nola zigortu eta zapaltzen zuten.

Bigarren egunean, fabrika barruan zeuden grebalariak irtenarazi zituen Guardia Zibilak, kolpeka. Hori izan zen errealitatearekin izan nuen aurreneko kontaktua. Gero, ezkutuko bizitza bat eramatearen beharra heldu zitzaidan bilerak egin ahal izateko, eta, oro har, greba aurrera eraman ahal izateko.

Nolakoa izan zen greba hura?

Dena isilpean egin behar izan genuen, Elizaren alderdi baten laguntzarekin. Nolabaiteko egitura zutenez, oso lagungarriak izan ziren. Haiek gabe ezinezkoa izango zen guretzat informazio orriak inprimatzea, gero langileen eta familien artean banatu ahal izateko. Basaurin, Etxebarriko San Antonion, Barakaldon, Lutxanan, eta abar. Pedro Olabarriaren moduko apaizekin egin genuen topo. Haiekin batera, ikusezina zen laguntza sare bat eratu zen.

Horri esker zer lostu zenuten?

Egunero bilera egotea ahalbidetu zuen, gertatzen ari zena bizilagunei kontatzea eta dirua biltzea. Dirua biltzea nahitaezkoa zen grebalarien familiak mantendu ahal izateko. Izan ere, sei hilabetez egon ginen greban, soldatarik jaso gabe, noski. Grebaren ostean gertatutakoari erantzuteko baliagarria izan zen ere sarea. 36 langile deserritu zituzten, eta lan egiteko eskubidea galdu zuten. Gainera, langile askok etxebizitza zerbitzua kentzeko mehatxua jaso zuten. Jendea antolatuta egotearen garrantziaz konturatu ginen Bandaseko grebari esker, eta langile borrokan eta frankismoaren aurkako mugimenduetan aldaketa bat eragin zuen. Informazio orriak banatzen zituenetatik hasi, eta abokatuekin harremanetan zeuden langileetaraino denak ziren garrantzitsuak. Harreman horietatik eratu zen aurreneko langile komisio iraunkorra.

1973ko martxoaren 7a, Basauri.

Gaur egun bizi dugun egoera lortzeak hainbat hildako utzi zituen bidean; haietako bat nire alboan hil zuten poliziek. Oraindik gogoan dut balak utzitako zuloa non dagoen. 1973an, Gasteizko martxoaren 3ko gertakariak zirela eta, manifestazio bat egitera gindoazen Basauriko kuartelen parean protesta egiteko. Gaur egun Agirre lehendakariaren kalea denaren sarreran, farmaziaren alboan, Guardia Zibilaren jeep bat gelditu eta tiroka hasi zitzaizkigun. Kargagailu oso bat hustu zuen gure aurka. Nire alboan zegoen Vicente Anton Ferrerori buruan jo zion bala haietako batek. Oraindik gogoan dut nola lurretik hartu eta farmaziara sartu genuen bi kidek. Garaiko autobus txiki batean sartzen ahalegindu ginen, baina botikariak argi utzi zigun Vicente jadanik hilda zegoela.

1960ko hamarkadako azken urteak, frankismoaren bukaera, trantsizioa, demokraziaren hasiera, eta, orain, pentsiodunen mugimendua. Uste duzu zure belaunaldia bereziki iraultzailea dela?

Belaunaldi guztietan bezala, talde txiki batek bagenekien borroka egiteak berebiziko garrantzia duela. Izan etxean ikasi zutelako, izan frankismoak utzi zigun esperientziagatik. Garaiko lan baldintzak oso eskasak ziren, eta horiek aldatzeko borroka egin behar genuela bagenekien batzuk. 14 urterekin hasi nintzen lanean, eta hasierako soldata 32 pezeta ziren. Horrekin ezin zenuen bizitza proiektu bat hasi.

Hori dela eta, gizarteko talde batek nondik gentozen eta zergatik geunden egoera hartan ezagutzeko beharra izan genuen. Askok marxismora jo genuen, borrokarako behar hori guregan barneratuz. Frankismoaren bukaerak haizeak nahasi zituen. Espainiako Estatua Europako bestelako herrialdeekin berdindu behar zen, lege eta lan baldintzei zegokienez. Aldaketa sakonak egin behar ziren, eta konturatu ginen gizartean txertaturik zeuden ideiekin ezinezkoa zela. Hortaz, horiek aldatzen saiatu ginen.

Egun, sentimendu iraultzaile hori galdu egin da?

Jende gazteak ez du jaso gertatu zenaren inguruko informazio zuzenik. 20 urte inguru dutenek dena posible den ideia gizartean sustraiturik zegoen garaia bizi izan dute. Demokrazian bizi gara, eta horrek norberaren bizitzaren inguruan erabakitzeko beharraren ideia lausotu du. Hor dago ezberdintasunik handiena. Guk frankismoa bizi genuen, badakigu zer gertatzen den zure askatasunaren alde borrokatzen ez bazara. Baina demokrazian gaudenetik eta ongizate soziala ezarri denetik, nolabaiteko itsutasunean bizi gara. Bizitzaren irudikeria eratu da, eta horren aurka erantzutea zaila da oso.

Hori aldatuko da?

Jende gaztea gogogabetasun eta konformismo handiarekin nabaritzen dut, baina haien bizi baldintzak gero eta okerreragoak dira; ezinezkoa zaie bizitza propio bat izatea, askotan ezin dira gurasoen etxetik joan. Gutxi barru egun bizi duten egoeraren aurka egingo dute. Uste dut klima krisia izango dela etorkizun hurbil batean iraultzarako txinparta piztuko duen arrazoia. Hori da dudan itxaropena, gutxienez.

Egia da indibidualismoak egungo gizartean eragin handia duela. Baina indibidualismoak ez du jaten ematen. Albokoarekin harremanetan egotea beharrezkoa da, nahi edo nahi ez. Denok besteekiko dependentzia dugu. Halere, beharrezkoa da pentsatzeko era aldatzea. Esfortzu handia egin beharko da, ez baita ezer aldatu lan handirik gabe.

Bestelako ekintza sozialen sorreran ere egon zara murgilduta; Bilboko Aste Nagusiarenean, esaterako. Nola sortu zenuten?

Jai herrikoi batzuk antolatzeko aukera sortu zen, eta norbaitek erantzun behar zuen horren aurrean. Garai hartan ez zen konpartsarik, ezta auzo elkarterik ere; gizartea bizilagun elkarteetan eta talde politikoetan zegoen antolatuta. Hortaz, aurreneko konpartsak sortu genituen hamaika mugimendu sozialetan geundenok. Aste Nagusia bestelako eremuetan aurrera eramaten genituen borroketatik jaio zen. Hasieran zortzi konpartsa ziren. Ordu hartan sortu ziren asko egun jada ez dira mantentzen; neu hasi nintzena, esaterako: Txintxarri, Otxarkoagako konpartsa.

Nola oroitzen dituzu aurreneko urte horiek?

Ez genekien oso ondo nola irtengo ziren jaiak, eta gertatzen zenaren arabera moldatzen ginen. Lan ordu asko egin genituen lehenengo Aste Nagusiak aurrera eramateko. Jaiek balio izan zuten bizilagun elkarteetatik eta langile mugimenduetatik gentozen jendea borroka egiteko baino zerbait gehiagorako batu ahal izateko. Gure artean ondo pasatzeko antolatzen genuen zerbait zen.

Ni garai hartan lanean nengoen; hortaz, 16:30ean lantokitik irten, eta 17:00etan han nengoen txosna prestatzen. Muntaketa lanak gauerdira arte irauten zuen askotan. Aurreneko txosna haiek karparik gabe egin genituen; egurra eta eguzki ohialak erabiltzen genituen soilik. Ez genuen txorrotik, eta dena kristalezko edalontziekin egiten genuen.

Kristalezkoak izanik, ez zenuten arazorik izan?

Hamaika. Gaueko ordu txikitan edalontziak eta botilak lurrera erortzen hasten ziren. Egia da egun baino askoz gauza gutxiago zerbitzatzen genituela: zurrakapotea, kalimotxoa eta ardoa. Garagardoa ere saltzen genuen, baina ez zen hainbeste, eta, gainera, botilan zetorren; beraz, ez zegoen edalontziaren beharrik. Hori bai, ahaztu egun jartzen den ahozapiaz. Edalontziak garbitzeko, Areatza erdiguneko iturrian ontzi bat jartzen genuen, eta bertan ur pixka bat botatzen genien

Noski, denbora aurrera joan ahala, osasun kontuekin lotutako neurriak jartzen hasi ziren. Konpartsa batzuei ogitartekoak saltzea bururatu zitzaien. Ez ziren egun egiten direnak bezalakoak; parrilla bat jarri, eta txorizoa eta solomoa egiten genituen. Geroago etorri ziren plater sofistikatuagoak Bilboko Aste Nagusira.