Mikel Garcia Martikorena
“Gaitza da urteari hasiera hobea emateko erarik topatzea”, esan zuen Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak Emakumezkoen Esku Pilotako V. Bizkaia Txapelketaren aurkezpenean, astelehenean. Datorren ostiralean hasi, eta, hilabetez —otsailaren 10era arte, hain zuzen—, zortzi pilotarik Bilboko Bizkaia frontoia pilotakadaz beteko dute. Txapelketa binakakoa da, eta lau bikoteak norgehiagoka ibiliko dira ligaxka batean. Partida gehien irabazten duten bi bikoteak sailkatuko dira otsailaren 10eko finalerako.
Hirugarren jardunaldia izan ezik —Zallako pilotalekuan izango da—, ligaxkako beste bi partidak eta finala Bilbon jokatuko dituzte, Bizkaia frontoian. Ligaxkako partidak urtarrilaren 13an, 20an eta 28an izango dira, 18:00etan, eta Bizkaia frontoiaren Facebook kontuan egongo dira ikusgai. Finala ETBk emango du, 18:00etan hori ere. Txapelaz gain, pilotari onenaren saria ere banatuko dute.
Txapelketaren aurkezpenean jakinarazi dituzte lau bikoteak: Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses, Amaia Aldai eta Nora Mendizabal, Madalen Etxegarai eta Enara Gaminde, eta Leire Garai eta Andrea Capellan. Pilotariek ez dute bikotekidearen berri izan aurkezpenera arte. Horrek irudi ikusgarriak utzi ditu: batera arituko zirela entzutean Aldaik eta Mendizabalen elkarri eman dioten besarkada, esaterako.
Impala enpresako Amaia Arebiotorrek pilotarien gaztetasuna azpimarratu du. Izan ere, jokalarietatik lau adingabeak dira oraindik. Horietatik bik debuta egingo dute Bizkaia Txapelketan datorren ostiralean. Arebiotorrek horren garrantzia nabarmendu du: “Bizkaia Txapelketak aukera ematen die gazteei jokatzeko; horri esker, kirolaren etorkizuna ehunduz doa”. Emakumezkoen pilotaren ehuntze hori da, besteak beste, txapelketaren xedeetako bat, Bilbaoren aburuz. Horren erakusgarri da, diputatuaren ustez, aurreneko alditik orain arte jarraitzaileen artean egon den ikuspegi aldaketa: “Egun pilotariak dira, eta ez pilotan jokatzen duten emakumeak”.
Munduko Txapelketa xede
Ehuntze horrek “gero eta esperientzia handiagoa izatea, gehiago jokatzea, eta, beraz, maila hobea izatea” eragiten du, Arebiotorreren ustez, baita ikusgaitasuna “handitzea” eta gero eta ikusle gehiago erakartzea ere. Arebiotorrek argi du txapelketa geroz eta ezarriagoa dagoela esku pilotaren egunerokoan; adibide modura jarri du Capellan, txapelketan parte hartuko duen aurreneko errioxarra (Espainia) baita. Bilbaoren ustez, urteetan txapelketarekin lortutako mugarriek eragin dute “pilotari gazteek pizgarritzat edukitzea”.
2018tik egindako lanak “bidea zabaltzeko” balio izan duela dio diputatuak, eta helburu jakin bat jarri dio emakumezkoen pilotari, bere osotasunean: 2030eko Munduko Txapelketa. Bilbon jokatuko da txapelketa hori, eta pilotari ikusgaitasuna emango diola uste du Kirol foru diputatuak: “Euskal Herrian, eta bereziki Bilbon, euskal pilota indartzeko erakusleiho ezin hobea izango da”.
Jendea erakarri eta gerarazteko helburuarekin, euskal pilotariak ahalik eta “hobekien” heltzea du helburu Lorea Bilbaok, “urrezko dominak etxean utz ditzaten”. Horretarako kirol ehun indartsua eratzeko beharra plazaratu du, kontratuetatik eta txapelketetatik hasita.