Saskibaloia lemazain Bizkaian

Saskibaloia lemazain Bizkaian

Mikel Garcia Martikorena

Hirua. Saskibaloian zenbaki berezia oso; jaurtiketa bakar batekin lor daitekeen puntu kopururik handiena. Hiru, Bidaideak Bilbao BSR gurpil gaineko saskibaloi taldeak urrea eskuratzen daramatzan urteak. 2019an Europako Txapelketa izan zen, iaz Espainiako Liga, eta, aurten, Espainiako Kopako txapeldun izateko garaia heldu zaie. Maiatzaren 22an lortu zuten garaikurra Malagan (Andaluzia, Espainia), ACE Gran Canariari 72-67 gailenduz.

Egun hartan, hiruak ere garrantzia izan zuen. 6,75 metroko gutxieneko distantziaz eginiko jaurtiketak baliatu zituzten bilbotarrek partida irabazteko. David Mourizek egin zituen gehienak —zazpi, hain zuzen—, eta finala 25 puntu eta jokalari hoberenaren sariarekin bukatu zuen. Taldeak hiru aldiz —hirua berriz ere— jokatu behar izan du Kopako finala irabazi ahal izateko.

Hori, baina, ez da Bizkaiko saskibaloiak aurten izandako garaikur bakarra. Adimen urritasuna duten pertsonentzako saskibaloi egokituak liga berria du, azarotik. Bizkaiko sei talde elkarren lehian ibiliko dira maiatzera arte Liga Rural Kutxa izeneko txapelketan. Lehoiak Gorabide, Bilbao Basket Fundazioa, OSK Bar El Chiringuito Portugalete, Haszten Saski, Getxo Haszten SBT eta Alzola BSK Basauri dira liga osatzen duten taldeak. 16 urtetik gorako jokalariek har dezakete parte.

Bizkaiko saskibaloiaz hitz egitean, ezin dira Lointek Gernika eta Surne Bilbao Basket alde batera utzi. Gernikarrek aurten 25 urte bete dituzte, eta, denboraldi txarra izan ez duten arren, seguruenik ez da amestutako urteurrena izan, ezin izan baitute garaikurrik altxatu. Ligan, final-laurdenetan kanporatu zituen Perfumeria Avenidak (Salamanca, Espainia) —liga bereganatu zuen taldea—. Aurten hasitako denboraldian, halere, emaitza onak biltzen ari da Lointek Gernika: Eurocupera sailkatu zen Belgikako Phantoms kanporatuta, eta ligaxkan oraingoz jokatutako bost partidetatik hiru irabazi ditu —multzoan bigarren postuan egoteko balio izan dio—. Emaitza horiek joan den urtean lortutakoak hobetu dituzte, bi norgehiagoka irabazi baitzituzten soilik.

Surne Bilbao Basketi dagokionez, urte lasaia izan da aurtengoa. 2020-2021ean amildegi ertzean ibili ostean, 2021-2022an erraz mantendu ziren lehen mailan. 9. sailkatuta, play off postuen atean geratu dira. Denboraldi honetan, Txapeldunen Ligan lehiakor dabiltza bilbotarrak, aurreneko lau partidetan bakarra galdu baitute. Espainiako ACB ligan, berriz, urte lasaia izatea espero da, eta, agian, kanporaketa jokatzeko aukera izango dute; izan ere, 2022. urtea final-laurdenetarako sailkatzeko postuetatik gertu bukatuko dute.

Traineruen altxorra

Saskibaloia ez da izan garaikurrak ekarri dituen kirol bakarra. Itsasoak txapeldun argi bat izan du aurten: Urdaibai. Bou Bizkaia izan da aurtengo trainerurik azkarrena, Eusko Label liga eta Kontxako Bandera Bermeora ekarriz. Sei urte igaro behar izan dira bermeotarrek Donostia abordatu eta Kontxako Bandera berriz ere bereganatzeko; aurtengoarekin, sei dira Busturialdera ekarritakoak. Seigarrena erraz irabazi du Urdaibaik, bigarrenari, Donostiarrari, 8.55 segundoren aldearekin gailendu baitzitzaion bigarren egunean. Aurrenekoan, Donostiako taldeari 7,7 segundoren tartea atera zion.

Eusko Label liga zortzigarren aldiz lehorreratu da Bermeon. Txapelketa hura, baina, Kontxako Bandera baino zailtasun handiagoarekin bereganatu du Urdaibaik. Guztira zazpi bandera irabazi zituen arren, azken estropadan soilik bi punturen aldea zuen Hondarribiarekin. Urduritasunak, halere, ez zuen eragin negatiborik izan Urdaibaiko arraunlarien artean, eta Portugaleten jokatutako azken estropada irabazi eta liga etxera ekarri zuten. Urdaibairen zazpi banderei Ondarroak irabazitako bat gehitu behar zaio; benetan berezia izan zen, bandera Ondarroan bertan irabazi zuelako.

Futbolak ez du pozik eman. Athleticen, gizonezkoak Europako ateetan gelditu dira 2021-2022 denboraldian, Espainiako Ligan 8. bukatu baitzuten; halere, ondo hasi dute denboraldia, eta Txapeldunen Ligako postuetan daude orain, laugarren. Emakumeen kasuan, aldiz, gorabeherarik gabeko denboraldiak izan dira, taula erdian geratu baitira. Bide beretik doaz aurten. Beheragoko mailetan, maiatzean, Amorebietak ezin izan zion Bigarren Mailari eutsi, bertan mantentzetik bi puntura gelditu zen arren, eta 1.RFEF mailara jaitsi da. Gernikak, Espainiako Kopan Leganes garaitu zuen arren, ezin izan du Eibarrekin, eta txapelketatik kanpo gelditu da.