Lortu dute

Lortu dute

Ibai Maruri Bilbao

Usansolon ez dute ahaztuko 2022ko azaroaren 23a. Egun hartan, ordura arte Galdakaoko auzo izandakoa Bizkaiko 113. udalerri bihurtzea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek osoko bilkuran. Hiru hamarkada luze iraun duen borrokak eman die azkenean fruitua. Lortu dute usansolotarren gehiengoak nahi izan duena erakundeek onartzea. Bidean hainbat traba gainditu behar izan dituzte; besteak beste, 2012an Batzar Nagusiek Bizkaian udalerri gehiago sortzea debekatuz onartu zuten foru araua. Eta, orain ere, beste lege baten begiradapean daude, neurri batean. Izan ere, Espainiako Estatuko legediak udalerri berriak sortzeko 5.000 biztanleko gutxieneko muga eskatzen du, eta Usansolo ez da iristen. Bizkaiko foru arauak, ostera, 2.500 biztanletan du langa ipinita. Beraz, datozen hilabeteetan, udalerria sortzeko pausoak ematen dituzten bitartean, Estatuko Abokatutzak erabakiari helegiterik jarriko dion zain egon beharko dute Usansolon; PSE-EEk iragarri du gerta daitekeela helegitea.

Aurrekariak badaude. Urriaren 15ean Zierbenak Abantotik bereizi zeneko 30. urteurrena ospatu zuen, eta, egun hartan Iñigo Ortuzar alkateak gogoratu zuenez, Zierbenako segregazioa ere eten egin zen tarte batez, epaitegietan bukatu zuelako auziak. Kasu hartan, Abanto izan zen helegitea ipini zuena: segregazioa baimendu ahal izateko Espainiako Estatu Kontseiluaren txostena falta argudiatu zuen. “Horregatik esaten dut, helegiteak jartzeko epea bukatu arte, adi. Begiratu guri ere; zer pozik joan ginen, eta helegitea jarri ziguten”, ohartarazi zuen Ortuzarrek Bizkaiko Hitza-ri egindako adierazpenetan.

Pozik joan ziren Zierbenako herritarrak Gernika-Lumoko Batzar Etxera 1992an, eta pozik joan dira Usansolokoak aurten. Desanexioaren aldeko Usansolo Herria plataformak autobusa ipini zuen herritik Gernikara joateko. Dozenaka lagun elkartu ziren Batzar Etxearen barruan eta kanpoko aldean. “Gogoratzen dizuet gonbidatu gisa etorri zaretela, eta, beraz, aldeko edo kontrako adierazpenik ez egiteko eskatzen dizuet”, ohartarazi zien Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak usansolotarrei, lehen txaloak jo zituztenean.

Aretoko pantailetan bozketaren emaitzak agertu zirenean, gonbidatuek bete zuten Otaduik agindutakoa, baina nabari zitzaien emozioa. Osoko bilkuran zeuden 49 batzarkideetatik —51 dira—, 39k eman zuten segregazioaren aldeko botoa: EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaiakoek. PPkoek abstentziora jo zuten, eta PSE-EEkoek aurka bozkatu zuten; Juan Otermin bozeramaile sozialistaren ustez, Usansolo udalerri bihurtzea “legez kanpokoa” da, Espainiako legedia “Bizkaikoaren gainetik” dagoelako: “Guk Usansoloko herritarren borondatea errespetatzen dugu, baina legea ere bai. Orain desanexioari bide ematea frustrazio iturri izan daiteke etorkizunean”.

Ostera, Herri Administrazioetarako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Elixabete Etxanoberen arabera, ez dago inolako dudarik auzi honetan Bizkaiko erakundeei dagokiela erabakia hartzea. Hark esan zuen usansolotarren borondateari bide eman nahi izan diotela, baina, era berean, “eskumen propioen defentsan” ere aritu direla diputaziotik. EH Bilduko eta Elkarrekin Bizkaiako bozeramailek EAJk auzi honetan egindako “ziaboga” gogoratu zuten, jeltzaleak luzaroan desanexio prozesuaren aurka egon izan direlako, bai Bizkaiko Batzar Nagusietan, bai Galdakaoko Udalean. Galdakaoko udal gobernutik desanexioaren alde egindako apustua nabarmendu zuen EH Bilduko bozeramaile Bea Ilardiak.

Jaia Gernikan eta Usansolon

Bozketa amaitu eta osoko bilkurako gai ordenako hurrengo puntua eztabaidatzen hasi zirenean, barruan zeuden usansolotarrek aretoa utzi zuten. Kanpoko aldean adarraren soinuekin eta trikitiaren hartu zituzten ateratzen ari zirenak. Besarkadak etengabeak izan ziren. Malkoren batzuk ere erori ziren. Hozkailu batzuetatik xanpain botilak atera, eta topa egin zuten. Pastelak ere izan zituzten. “Lortu dugu gure helburua. Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da. Bihurtu gara. Bidearen amaierako azken pausua izan da”, aldarrikatu zuen Monika Mena Usansolo Herria plataformako bozeramaileak.

Eguerdirako itzuli ziren Gernikatik Usansolora. Herria beren-beregi apainduta zeukaten. Han izan zituzten gainontzeko herritarrak zain, ospakizunekin hasteko prest. Besteak beste, topa egin zuten berriz ere xanpainarekin eta Luhartz taldearen erromeriarekin egin zuten jaia. Han zebilen Idoia Otxandio, esaterako: jaiotzez galdakoztarra den arren, betidanik bizi izan da Usansolon. “Bizitzako egunik zoriontsuenetakoa” izan zen azaroaren 23a harentzat. Baita Ainara Arrese Fernandezentzat ere: “Gure aitak bizitza osoa eman zuen Usansolo herri moduan ikusteko lan egiten. Tamalez, duela hiru hilabete hil zen, desanexioa ikusi gabe. Harengatik joan gara Gernikara”, kontatu zuen itzuleran.

Menarentzat “amestutakoa baino politagoa” izan zen azaroaren 23 hura. Baina orain lanean jarraitzea dagokie: udalerria zerotik sortu behar dute. Foru arauak adierazten duen legez, Bizkaiko Foru Aldundiak osatutako kudeaketa batzordeak beteko ditu udalaren funtzioak, maiatzeko foru hauteskundeetara arte. Hango presidentea izango da behin-behinean alkate. Azken udal bozetako (2019) emaitzak kontuan hartu behar dira osatzerakoan: Usansolo Herriako zortzi zinegotzi, EAJko bi eta EH Bilduko bat.

Batzorde horren egitekoetako bat izango da, berbarako, Usansoloko udaletxea aukeratzea. Udal berriak 25 langile izango ditu. Liburuzaina, eskolako atezaina eta udaleko zenbait zerbitzu kudeatzen dituen kultur etxeko langile bat dagoeneko Usansolon ibili dira lanean. Horiek hirurak kenduta, beste 22 lanpostu sortu beharko dira, Menak desanexio egunean iragarri zuenez.

Usansolok zerbitzuen kalitateari “eutsi” behar dio legez. Eskainiko dituen zerbitzuen zerrenda luzea da; besteak beste, ospitalea, kiroldegia, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe zerbitzua, liburutegia, ludoteka, haurtzaindegia, adinekoen zentroa eta zentro zibikoa. Bestelakoak ere kudeatuko ditu: kale argiak, hondakinak batu eta tratatzea, herri garbiketa, ur hornidura, saneamendua eta estolderia, loretzaintza, kirola eta kultur jarduerak sustatzea, euskara sustatzeko programak eta euskara irakastea, bedintasun programak, esku hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala haur, gazte eta familiekin, eta etxez etxeko arreta zerbitzua. Oraingoz, Galdakaoko Udalarekin batera eskainiko ditu beste zerbitzu batzuk: hilerria eta hileta zerbitzuak, bulego teknikoaren zerbitzua, Musika Eskola, helduentzako eskola publikoa eta euskaltegia. Batera eskaintzen dituzten bitartean, gainera, Galdakaok ordainduko ditu.