Bizkaiko erlijio ondarearen jagolea

Bizkaiko erlijio ondarearen jagolea

Amaia Igartua Aristondo

Babesteko baliabide bat izan zen aurrena, kezkak hauspotu baitzuen Bilboko Eleiz museoaren sorrera. Elizetan eta, batez ere, urruneko baselizetan, lapurretak ugaritu ziren XX. mendearen erdialdean, Jose Manuel Gonzalez Cembellin museoko zuzendariaren arabera; Bizkaiko tenpluetako ondareak ez ziren bereziki erasanak izan, baina maiz ostu zuten inguruko lurraldeetan, hala nola Kantabrian, Burgosen eta Errioxan (Espainia) eta Araban. Hori hala, museo bat sortzea erabaki zuen Bilboko Elizbarrutiak 1961ean, arriskuan egon zitezkeen piezak jagoteko eta, bide batez, ondarea aztertu eta katalogo bat taxutzeko.

Zenbait egoitza izan zituen, eta Derioko seminarioan errotu zen hasieran. “Ez zen publikoari zabaldutako museo bat, bakarrik ikerlariak eta interes handia zuten pertsonak sar baitzitezkeen”, Gonzalez Cembellinek zehaztu duenez. 1990eko urteetan antzaldatu zen: batetik, egoitza aldatu zuelako ostera ere, egungora, Bilboko Atxuriko Gizakunde komentura, hiribilduko udalaren eta aldundiaren laguntzarekin; eta, bestetik, publikoari ireki zitzaiolako 1995ean. Gaur egun, gordailu eta ikerketa zentroa ez ezik, Bizkaiko tenpluetako ondarea ere kudeatzen du. “Turtziozen erretaula bat zaharberritzen ari dira, eta gure gain dago enpresa bilatzea, aurrekontua eskatzea, lana gainbegiratzea… Artelanekin egiten den guztia, baita altzariekin ere, guk gainbegiratzen dugu”.

Barrura begira ere, ordea, beharra ez da gutxi. Izan ere, hirurogei bat urte daramatzate tenpluetako piezak jasotzen, eta dagoeneko bilduma oparoa bildu du museoak: 5.000 pieza inguru dituzte. “Islatuta daude estilo guztiak, eta badaukagu eskultura, pintura, urregintza, zeramika…”, aletu du Gonzalez Cembellinek. VII. eta IX. mendeen arteko estelak dituzte, baina orain Bilboko Arkeologi Museoak ditu maileguan; gordailuan daudenetatik, Arantzazuko Andra Mari bat da zaharrena, Amabirjina eta semea irudikatzen dituena; XII. mende bukaerakoa da. Kontrara, berrienak urte gutxi ditu: Iñaki Garcia Erguinek Bilboko San Anton elizako erretaularako egindako bozetoak dira, 2005ekoak. Barroko garaia da oparoena.

Eleiz museoa 2

Bildumak elikatzen segitzen du, edonola ere. Bi bidetatik, batez ere. Tenpluek piezak uzten dizkiete, gorde ditzaten. Eta, gainera, partikularrek ere ekarpenak egiten dituzte. “Gizartea gero eta laikoagoa da. Jende batek obra erlijiosoak izan ditu etxean, baina ez zaizkie interesatzen haien oinordekoei. Aurten, dozena erdi bat heldu zaizkigu horrela”. Bilduma osotik, bostehun bat lan dituzte ikusgai.

Egokitu beharra

Poliki, baina baliatzen ari dira teknologia digitalak, zuzendariaren esanetan. Bildumako piezen argazkiak igotzen dihardute datu baseetara, eta, gainera, obrok hiru dimentsiotan digitalizatzeko asmoa dute, datu baseetan eskuragarri egon daitezen, halaber. Esaterako, orain dela hiru aste hamabost lan digitalizatu zituzten. Geldo doaz, zuzendariaren irudiko, baina uste du aurrerapen teknologikoek prozesua azkartuko dutela aurrerantzean. “Orain dela hamabost urte, bost pieza digitalizatu genituen, eta astebeteko lana izan zen, jende piloarekin, eta makina handiekin; oraingoan, hamabostak lagun batek egin ditu, egun bakarrean”.

Eleiz museoa 3