Gaurko paseoan

Esekitoki baten arropa lehortzen den bitartean behekoaren leihotik argi gutxiago sartzen da. Jantziak zabal, izarak luze, matxardak paralelo, oso polit uzten dugu nahiz eta auzokideari kaltea sortu, beheko leihora argi gutxi heltzen baita. Halakoa gertatzen da batzuetan saretik botatzen diren iritziekin ere, ez baitago aukerarik argia guztiontzat berbera izan dadin. Arrazoia izatearekin konformatzen gara, gure arropa lehor izatearekin konformatzen garen bezala.

Etxe barnekoak dira garbitu behar diren lehenengoak eta horregatik ekartzen ditugu Enkarterrikoak esparru honetara. Horregatik Kolitzapetik ikusten ditugunak dira leku hau hartzen dituztenak. Edozein kasutan, gertatzen zaizkigunak badaudelako Euskal Herriko beste gai askorekin loturik.

Larrialdietan beti agertzen dira kamuflajez jantzitako salbatzaileak laguntzera. Ez dela politizatu behar idazten dute sareetan haien beharra aldarrikatzen dutenek: begiak itxita onartu beharko genuke militarizazioaren marka zuria. Haiek ume badira, gu ez gara haurrak: 1989an intsumisioaren borrokara lotu ginenok aldarrikatu genuen gastu militarrak gizartearen beharrak asetzeko behar genituela.

Ez da garai horietako nostalgia. Aurrera begira, baina atzeko ispiluarekin, angelu itsuak, kamioietan itsasten diren mezuak bezala. Enkarterrin, baita Enkarterrin ere, beharrezkoak direnak medikuak, suhiltzaileak, babes zibilerako behar ditugu sosak, ongi prestatuta eta egoki hornituta egon daitezen baliabide horiek. Militarrek aurrekontuak ziurtatuta dituzte etengabeko goraldian, %60 azken hamar urte hauetan, eta kontuan hartu gabe “aurrekontu ezkutua”, defentsarekin estuki lotua dagoena, nahiz eta beste departamentuen aurrekontuetan agertu.

Beste neurri batean bada ere, hanpatuak eta hutsalak Gabonetarako argi-dekorazioak dira, herri guztietatik zabaldu direnen horiek bezala. Ez genituen beharrak sortzen dizkigute, ditugun gabeziak mozorrotzen. Lasterketa absurdo horretan ez dago lehiatzerik; ezin dugu bide propio bat eraiki, hiri handien itzalak beti harrapatuko baikaitu. Kale kantoietan landatutako diseinu kaxkarreko objektuek azaleratzen dituzte barrutik falta zaizkigun argiak. Ez daukagun tximista ez du piztuko edozein lekutatik hartutako eraginak. Nortasun hori kosmopolita bezain faltsua eta antzua da. Herrietan sakabanaturik dauden farola fernandinoekin gertatzen den moduan.

Egunerokotasunean nabaritu behar da inguruko komertzioa babesten dugula, ez bakarrik tarte honetan dirua alferrik xahutuz, kutsadura luminikoa sortuz. Hasi beharko gara pentsatzen nola sortu eredu propio bat, ezinezkoa dela beste batzuena jarraitu hertsiki: beti ibiliko gara atzetik eta berandu. Horiekin parekatuz, fotokopia txarra, ez dugu besterik egingo. Energia modu eraginkor batean erabili. Horrela hurbiltzen gara urteko azken hilabete honetara. Urte amaiera zein hasiera, bizitza ospatzeko, iraultzarako dantzak prestatuz.