Urtea ospatzea Atenaskoen erara

Urtea ospatzea Atenaskoen erara

Amaia Igartua Aristondo

Antzinako Atenasen, urteak bazituen 354 egun, edo 365 pasatxo, edo 384. Neur baitzitekeen ilargiaren arabera, baina baita eguzkiari erreparatuta ere, eta aldi berean zerabiltzaten bi moldeok: bata hilabeteak ezartzeko, bestea nekazaritza urtea ordenatzeko. “Oso zaila zen bi egutegiak bateratzea”, Itziar Martija Bilboko Berreginen Museoko teknikariaren hitzetan. Eta, hala ere, buruhausteak buruhauste, jai andana bat sortu zuten urtaroen inguruan, orduko poliseko erlijioaren bizkarrezurra izan zirenak, eta, gaur egun, xehe-xehe kontserbatu direnak —hilabeteen izenak eta kokapena ezagutzen baitira—. Atenas klasikoko festibalen, errituen eta ohituren ibilbide bat proposatu du Berreginen Museoak, gurtzen ziren jainko-jainkosen eskulturen erreprodukzioen eskutik: Bizitzaren neurria. 2023ko maiatzaren 21era arte bisitatu ahalko da. Martijak komisariatu du erakusketa, eta jainkosak eta emakumeen errituak lehenetsi ditu bilduma atontzerakoan.

Borghese dantzariak piezak irekitzen du erakusketa. Bost emakume ageri dira. “Horai-ak islatzen dituzte. Antzinako Grezian, ez ziren erabiltzen orduak ordezkatzeko, baizik eta denboraren iragana eta urtaroak irudikatzeko”. Haiek aitzakia, antzinako neurketa sistema laburbildu du komisarioak. “Eguzki erlojuari koadrante deitzen zitzaion. K. a. V. mendean, esaterako, erabiltzen zen bakarrik solstizioa eta ekinokzioa noiz gertatuko ziren jakiteko; K. a. III.etik, egunaren orduak zenbatzeko erabili zuten”. Jaialdi gehienak nekazaritzari lotutakoak ziren, eta, hortaz, premiazkoa zen bakoitzari zegokionean ospatzea; beti ez zen asmatzen, ordea.

ATENA

Poliseko babeslea zen Atena, eta hiriak harengandik hartu zuen izena, hain justu. Hori hala, jainkosa horri eskainitakoak ziren hiriko jaialdirik esanguratsuenetakoak. Kasko, gezi eta ezkutuarekin irudikatu ohi da Atena, soineko luze batekin ere hainbatetan, hiriaren defentsa militarrarekin lotuta gehienetan. Eta, zehazki, hala ageri da jantzita museoak berriki eskuratutako erliebe batean. “Berezia” da, halere, Martijaren irudiko, jainkosak pentsatzen edota atsekabetuta baitirudi, komisarioaren arabera. Elementu bat du parean, eta, aditu batzuen arabera, hilarri bat izan daiteke, Maratoiko batailan zendutakoen omenezkoa, Martijak azaldu duenez.

Baina berme belikoa izatetik harago zihoazen Atenaren dohainak: zerikusia zuen, besteak beste, lanarekin eta artisautzarekin, eta alde horiei ere erreparatzen zitzaien ospakizunetan. Esate baterako, lanaren jainkosa gisa ohoratzen zuten Khalkeietan, eta olibondoaren babesle gisa Arreforietan.

Baina Panateneak ziren hari eskainitako festibalik esanguratsuenak. Atenasko urte hasieran ospatzen ziren, hekatonbeonen —oraingo uztail-abuztuan—. “Uste dute hilabetea hala deitzen dela Panateneen jaialdian sekulako sakrifizioa egiten zelako: ehun behi hiltzen ziren Ateneari eskaintzeko”. Akropolian, harri batean zizelkaturik, hilketa horiek nola egiten ziren eta haragia nola banatzen zen aletzen da, nahasgarri, mezua erdi ezabatua dagoelako jada. Baina, Martijak azaldu duenez, karguaren araberakoa izaten zen banaketa, eta hondarrak —koipea eta azala— jainkoei eskaintzen zizkieten.

Urtero ospatzen ziren Panateneak, baina, lau urtean behin, Panatenea Handiak egiten zituzten. Haietan, Ateneari jantzi berri bat oparitzen zioten. Hala erakusten du museoko beste erliebe batek. Jainkoaz gain, kaneforak eta arreforak ageri dira piezan, familia oneko neskak, zeintzuek desfilean eta opari ematean parte hartzen baitzuten, Martijak zehaztu duenez.

Bizitzaren neurria 2

DEMETER

Demeterren gurtza Antzinako Grezia osora hedatua zegoen. Nekazaritzaren jainkosa zen, laboreen emankortasuna bermatzen zuena, gariarekin lotutakoa gehienbat, eta Atenasen hainbat jaialdi egiten ziren haren omenez. Ezagunenak Eleusisko Misterioak ziren. Parte hartzaileek debekatuta zuten errituei buruz hitz egitea; hori hala, ikertzaileek gutxi dakite misterio hauen inguruan, baina hipotesia badute, nolanahi ere: Martijaren esanetan, litekeena da Pertsefoneren bahiketarekin lotuta egotea.

Demeterren alaba zen Pertsefone gaztea, eta, egun batean, loreak jasotzen ari zen bitartean, Hadesek ikusi egin zuen, berarekin maitemindu zen, eta beheko mundura eraman zuen, lurrean egindako zulo handi batetik. Infernuko erregea zen Hades, eta infernuko erregina izango zen Pertsefone ordutik aurrera. Desagerpenaz jabetu zenean, Demeter alabaren bila ibili zen mundu osoan zehar, baina, Zeusen aginduz, inork ez zion esan zer gertatu zitzaion gazteari. Bitartean, ordea, jainkosaren desesperazioarekin bat, lurra antzutu egin zen, eta jendea gosez hil. Zeusek berak argitu zion non zegoen alaba, eta Demeterrek infernura jo zuen hura erreskatatzera.

Alabaina, mitoak dio infernuan edan edo jan ezkero, pertsona hori ezin dela handik atera, edo ez betiko, behintzat. Eta Pertsefonek granada zatitxo bat irentsi zuen. Beraz, alaba eta ama urte erdian elkartzen dira, eta Pertsefonek Hadesekin igarotzen ditu gainontzeko hilabeteak: Demeterren pozak udaberria eta uda eragiten ditu; alabaren faltak, udazkena eta negua.

Litekeena da Pertsefone bilatzea Eleusisko Misterioetan. Begiak itxita egoten ziren, eta, azken egunean, epopleia izeneko erritua gauzatzen zen: uste denez, iniziatuak galburu bati begira egoten ziren egun osoa.

Bizitzaren neurriak 4

DIONISO

Beste friso zati batean gelditu da Martija: emakume bat ageri da, dantzan bezala, eta satiro bat haren parean. Estasi bakiko betean dago andrea, edo, bestela esanda, mozkortuta. Hala nola ardoaren jainkoa baitzen Dioniso (edo Bako), eta segizioak biltzen zituen haren inguruan, mozkor, dantzan eta abesten joaten ziren lagunek osatutakoak, tartean erliebean agertzen diren menadea eta satiroa. Mitoen arabera, Dioniso Atenasera heldu zenean, bizilagunek uko egin zioten hura gurtzeari, eta jainkoak inpotentziarekin zigortu zituen hiriko gizonak. Sendatzeko, jainkoari ongietorria egin behar izan zioten prozesio batekin, bazkari batekin, eta dibertsioarekin, orokorrean; eta hori bera errepikatzen zuten, urtero, bai Atenasen —Hiriko Dionisiak—, baita inguruko herrietan ere —Herriko Dionisiak—. Prozesioetan figura falikoak eramaten zituzten, eta sexua jaialdi hartako protagonista ere bazen, Martijak azaldu duenez. Hiriko denek parte hartzen zuten, baita emakumeek eta esklaboek ere, eta rolak aldatzen zituzten egun horietan.

Baina bazuen festibalak hain arrunta ez zen beste alde bat ere: antzerkia. “Dionisoren jaietan asmatu zen”, nabarmendu du komisarioak. Akropoliko Dionisoren antzokian —oraindik ikus daiteke—, antzerki lehiaketak antolatzen zituzten festibalari bukaera emateko, eta lan tragikoak zein komikoak taularatzen zituzten.

Bizitzaren neurriak 3