‘Munduenea’ ipuin bildumarekin, kulturen arteko zubiak eraikiz

‘Munduenea’ ipuin bildumarekin, kulturen arteko zubiak eraikiz

Mikel Garcia Martikorena

Datozen urteetan Bizkaira urtero 20.000 eta 25.000 etorkin berri iristea espero da, Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, eta populazioaren %10etik gora osatzea. Aniztasun hori gizarteratzen laguntzeko, Labayru fundazioak Munduenea Munduko ipuinen etxea ipuin sorta kaleratu du. Astelehenetik daude salgai aleak, eta Durangoko Azokan —abenduaren 8an—ipuin kontalari bat izango dute Sagu ganbaran, 18:00etan. Hamar ipuinek osatzen dute bilduma, bakoitzak Bizkaian bizi den beste kultura bat ardatz hartuta. Igone Etxebarria Labayru fundazioaren zuzendariak gaur zortzi Bilbon bildumaren aurkezpenean azaldu duenez, “euskararen bitartez kulturen arteko zubia” eraikitzea da Labayruren xedea argitalpen horiekin.

Euskara “beste hizkuntzetako hiztunentzako zubia” bihurtzeaz gain, beste bi helburu nagusi baditu egitasmoak, Etxebarriaren esanetan: kulturartekotasuna bultzatzea eta Euskal Herrian bizi diren beste kultura batzuk ezagutzea. Beste kulturek eta hizkuntza aniztasunak dakarren aberastasuna ipuinen bidez erakusteko, kontakizunak euskaraz zein etorkinen jatorrizko hizkuntzan daude idatzita. Horrez gain, erabilitako hizkuntzaren gaineko datu batzuk ageri dira; hala nola ezaugarriren bat, munduan non erabiltzen den edota hamar berbako hiztegia.

Ipuin sorta osatzen duten hamar hizkuntzak aukeratzeko, aldundiak joan den urtean argitaratu zuen hizkuntza aniztasunen txostena erabili dute. Bizkaian 120 hizkuntza inguru hitz egiten direla azpimarratu du Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, Bizkaian hiztun gehien dituztenak ezagutzeko erabili du Labayruk txostena. Hauek dira: arabiera, errumaniera, frantsesa, galegoa, katalana, portugesa, txinera, urdua, wolofera eta jorubera.

Mundueneak mundutarren etxea esan nahi duela azaldu du Etxebarriak. Labayruko zuzendariak azpimarratu du bilduma “mundu osoko” ipuinek osatzen dutela, baina horiek idatzi ahal izateko ez direla “oso urrun” joan, “Bizkaian baitaude”. Halere, eta aniztasuna egon badagoen arren, bakoitza “bere kideekin” bizi da, Etxebarriaren ustez. Ez da “kulturartekotasunik” lortzen horrela, kulturak partekatu eta horietatik ikasteko “batera bizitzea derrigorrezkoa” baita, hark esan duenez.

Aniztasuna lantzen

Iritzi berekoa da Arauzo: “Aniztasuna lurraldeko errealitatea da, eta aniztasun horrek gestioa behar du”. Jose Ignacio Rodriguez foru aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako zuzendariaren ustez, aniztasuna “sustatu eta babestu” beharra dago: “Bizikidetzak zailtasunak izan ditzake. Munduenea eta antzeko egitasmoek lan horretan laguntzen dute”.

Aniztasunaren aldeko lanketa hori umeetatik hasi behar dela argi dute hirurek. Rodriguezek uste du haurren ikuskera aberasteko tresna “benetan baliagarria” dela ipuin bilduma. Are gehiago, Labayruko zuzendari Etxebarriak bildumaren aurkezpenean azpimarratu du umeek munduko kultura ezberdinak ezagutzeko eta “muga politikoetatik at begiratzeko” balio dutela liburuok. Gainera, umeek “etxeko kultura” ipuinetan ikusiko eta partekatuko dute: “Ipuinei esker, euren kultura ikaskideei erakutsi ahalko diete”.

Horrez gain, Labayrurentzat helburua “beti” helduak euskalduntzea dela aipatu du Etxebarriak, eta, “umeengana gerturatuz gero, gurasoetara jotzeko aukera handitzen” dela esan du, eta haien euskalduntzea erraztu.