Gura baino gutxiago

Gura baino gutxiago

Ibai Maruri Bilbao

Azken asteetako euriari esker, Bizkaiko ibai eta errekek emaria lehengoratzea lortu dute. Sikateagatik ur-hornidura arazoak izan dituzten eskualdeetan igarri dute, inguruetako ekosistemek eskertu dute, eta herrialde historikoan dauden zentral hidroelektriko txikiak argindarra gaitasun osoan sortzen dabiltza berriro ere. “Azken bizpahiru hilabeteetan geldi egon gara”, kontatu du Kerman Egiluzek. Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoaren jabe den Minicentrales Argi enpresakoa da; Bizkaian bost zentral txiki dituzte. EEE Energiaren Euskal Erakundearen arabera, hamasei zentral hidroelektriko daude herrialde historikoan sakabanatuta.

Bizkaiko argindar ekoizpenean duten pisua txikia da: kontsumitzen den energiaren %1 baino ez dute sortzen. Herrialdean dagoen zentral handi bakarra Iberdrolak Barazarren daukana da: 1947an Bizkaiko Labe Garaiek eraiki zuten, fabrikarako argindarra sortzeko. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Energetiko Saileko irakasle Igor Peñalvaren esanetan, gainontzekoak txikiak dira. “Ekarpen guztiak ondo etorriak dira, batez ere berriztagarriak badira, baina hidroelektrikoa ez da energia krisiak behar duen konponbidea”. Gehiago sortzeko aukera handirik ez dago. Zentral hidroelektrikoetan argindarra sortzeko, bi elementu behar dira: ur emaria eta jauzia. Orografiari esker, Bizkaiko erreketan jauzia badago, Uraren Euskal Agentziako Hidrologia Plangintza arduradun Iñaki Arrateren arabera; Peñalvak uste du ekoizpenak “behar bestekoa” izateko jauziak ere handiagoak izan beharko liratekeela. Edozelan ere, emaria ez da oso handia izaten, oro har ibai txikiak baitira. “Artibairen edo Learen emaria eta Ebrorena ezin dira alderatu”, nabarmendu du Arratek.

Gaur egun txiki hauetako gehienak udalen esku daudela azaldu du Peñalvak, baina, batez ere, garai bateko industriaren beharrei erantzuteko sortu ziren, enpresek bultzatuta. Berbarako, Errotazarkoa errota izan zen lehenengo, eta 1910ean lortu zuen argindarra sortzeko baimena. “Durangoko enpresa batek ustiatu zuen 1970eko hamarkadara arte: enpresak hondoa jo zuen, eta bertan behera geratu zen. Antzeko zerbait gertatu zen beste hainbat zentral txikirekin. 1980ko hamarkadan Espainiako Gobernuak energia berriztagarrien aprobetxamendurako lege bat onartu zuen, eta laguntzak egon ziren halako zentralak berreskuratzeko. Orduan zaharberritu ziren eta ipini ziren martxan asko”, kontatu du Egiluzek.

Dimako zentralak Industria Ondare izendapena du. Jatorrizko instalazioak erabilgarri ditu: besteak beste, 1924ko Boistch markako turbina biak. 280 metroko jauziari esker, 300 kilowatteko potentzia sortzen dute bien artean. Eraikina eskualdeko beste batzuen antzekoa da, bi solairukoa: goikoa bizileku moduan erabiltzeko, eta behekoa, makinen eta transformadoreen geletarako.

Argindar hori Iberdrolari saltzen diote. Egiluzen arabera, “inguruan bertan” kontsumitzen da: “Indusi auzoan eta Diman”. Jose Luis Unamunok ere argindar konpainiari saltzen zion Arratzuko Uarkako zentralean sortutakoa. Orain zarratuta dauka. Uraren Euskal Agentziarekin izandako arazoak tarteko, jubilatu denean energia hidroelektrikoa ekoizteari utzi, eta eguzki planak ipini ditu: handik kontsumitzen du berak ere, eta soberakina Iberdrolaren sare nagusira sartzen du.

Dimako Errotazar zentral hidroelektrikoa

Erakundeen parte hartzea

1932ko zentral txiki bat da Arratzukoa, Gandarias-Urkijo familiarena. Unamunoren aitita ibili zen muntatzen; lan istripuz hil zen. Ondoren, Unamunoren osabak hasi ziren beharrean. Zentrala zarratu zuten, eta, hainbat urte itxita egon ondoren, Unamunok erosi zuen. 30 bat urtez izan du martxan. Kontatu du Arratzuko Udalak interesa agertu duela: bideragarri izan daitekeen begiratzen ibili da. “Uraren jauzia ona da. 60ko eta 30eko zaldi potentzia dute turbinek. Neguan, batera erabiltzen ditut biak. 40-45 kilowatt eman ditzakete etengabe. Hogei bat etxetarako beste? Uarkako auzoa osorik ondo hornitzeko beste sortzen da hemen: urtean 85.000 eta 100.000 kilowatt artean”. Herrian argindarra bermatzeko aukera bat izan daitekeela uste du; kooperatiba bat sortuta, berbarako. “Teknologia hau eolikoarekin edo fotovoltaikoarekin uztartzen baduzu, ekoizpena handitzea lortuko duzu, bai, baina berriztagarriekin bakarrik ezinezkoa da arazoa konpontzea”, ohartarazi du Peñalvak.

Ekoizpen hidraulikoa errentagarria izateko, argindarraren prezioa da gakoa. Gutxienez megawatt-ordu bakoitza ehun euroan ordaintzea beharko lukete, zentrala bideragarria izateko. “Azken urteetan gorabehera askogaz gabiltza. Orain, esaterako, oso altu dago, baina pandemia urteetan hondoa jota egon da prezioa, eta orduan ez zen errentagarria. Halako zentral batek mantenu kostu handiak ditu, eta, prezio batetik behera ordaintzen bada, ez da bideragarria”, esan du Egiluzek. Azaldu du Madrilen ipintzen dela argindarraren prezioa, eta horrek enpresa handiei egiten diela mesede. Horregatik, uste du erakunde publikoek zentral hidroelektriko txikiei laguntzeko zerbait egin beharko luketela.

Gogoratu du 1980ko hamarkadan energia berriztagarrien aprobetxamendurako lege hura onartu zenean argindar konpainia handiek ez zutela halako zentralekiko batere interesik agertu: “Esaten zuten Frantziatik energia nuklearra merke baino merkeago ekar zezaketela. Bai, baina hauek hemen daude, eginda daude, erabiltzeko moduan daude; aprobetxa ditzagun, ez? Batez ere orain, energiarekin dugun arazoa izanda”. Lege hark prima batzuk jasotzen zituela esan du, eta orain ere lege aldetik moduren bat topa daitekeela zentral hauei laguntzeko.

Captura de pantalla 2022-12-01 a las 14.21.39

Egiluzen esanetan, 1970eko hamarkadan zarratu ziren gehienak zabaldu ziren 1980ko hamarkadan. EEEk Bizkaiko Hitza-ri esan dionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan energia iturri hau gehiago garatzeko aukera “txikia” da. Uraren Agentziako Arrate ere ados dago: “Halako zentral bat martxan jartzeko egin behar diren inbertsioak kalkulatzen badituzu, eta ikusten baduzu zenbateko ekoizpena lor dezakezun, gure arro gehienetan ez da bideragarria”.

Inbertsio garestiak

Gainera, klima aldaketa ere kontuan hartzeko aldagaia dela iruditzen zaio Uraren Euskal Agentziako Hidrologia Plangintzako arduradunari. “Badirudi sikateak gero eta ugariagoak eta luzeagoak izango direla”. Zentral hauek badute onura bat: ez dute ura kontsumitzen; turbinatik igaro ondoren, berriro itzultzen dute. Baina ibaiaren emari ekologikoa mantendu behar da. Beraz, sikateetan zarratu egin beharko lukete zentralek.

Era berean, ura erabili ahal izateko, bildu egin behar da, eta horretarako ezinbestekoa da presa bat eraikitzea, handiagoa edo txikiagoa dela ere. “Arrainei eta bestelako faunari ibilguan gora egiten utziko dioten elementuak behar ditu presa horrek; ezin dira oztopo izan, eta ez da inbertsio merkea”, ohartarazi du Arratek. Legediak argi zehazten ditu baldintzak. Zentral berriei hori eskatzen zaie, eta dagoeneko zaharrei eskatzen ere hasi dira. “Bermatu behar dugu ibaietan egiten diren aprobetxamenduek ingurunean eta ekosisteman ahalik eta inpaktu txikiena izan dezatela”.

Halako inbertsioak egin beharrak behartu zuen Unamuno Arratzuko Uarka zentrala zarratzera. Egiluzek esan du Bizkaiko hainbat errotak ere nahi luketela turbina bat ipini argindarra sortzeko, edo lehendik dutena berriro martxan jarri, baina Urak ipintzen dizkien baldintzengatik ez zaiela errentagarri. Zeanuriko Ibargutxi errota da horietako bat. Satur Larrazabalena eta haren familiarena izan zen. Errotatik gertu turbina bat ipini zuten 1950eko hamarkadan, inguruko bizilagunek adostuta. Horretarako, aparteko etxola bat egin zuten. “Orduan ez zegoen argindarrik etxeetan, eta, modu horretan, inguruko zortzi bat baserritarako ekoizten genuen. Hamabost kilowatt sortzeko gaitasuna baino ez zuen; bonbillak piztuta edukitzeko, eta justu-justu. Orduan, etxeetan ez zen tresna elektrikorik erabiltzen, eta nahikoa zen”.

Arratzuko Urkako zentral hidroelektrikoa

Bizilagunek ordaindu egiten zieten, argindar konpainia balira legez. Kontatu du errota askotan funtzionatzen zutela horrela, euren etxera eta inguruko baserrietara argindarra eroateko. 30 bat urtez ibili ziren horrela Ibargutxi errotan. Gero, Iberduerok bere sarea hedatu zuen, eta etxeetan tresna elektrikoak erabiltzen hasi ziren. Ez zuen zentzurik errotan sortutako potentzia txikiko argindarrarekin ibiltzeak, ez zituelako beharrak asetzen, eta jarduera baimenari uko egin zioten.

Duela hiru urte, errota saldu zuen Larrazabalek. Haren arabera, oraingo jabeak, Pedro Elexpek, turbina martxan ipini nahi du berriro, bere kontsumorako argindarra sortzeko, baina Ur Agentziak ipintzen dizkion baldintzak betetzeak inbertsio “handiegia” egitea eskatzen dio. Errotak, ostera, arazo barik funtzionatzen du.

3.000 etxe hornitzeko plakak Usansolon