Etxe bat, aro baten erakusle

Etxe bat, aro baten erakusle

Olatz Enzunza Mallona

XIX. mendearen azkeneko herenean, izugarri ugaritu ziren meategiak Trianoko mendien inguruan. Leihotik begiratu, eta grisa zen kanpoaldeko paisaia: milaka meatzari etenik gabe ari ziren lanean, burdina alde batetik bestera mugitzen zen, eztandak nonahi entzuten ziren… Europako burdin meatze garrantzitsuenetarikoak zeuden bertan, eta hortik datorkio eskualdeari berari ere gaur egun duen izena: Meatzaldea. Oraindik ere, xarma berezia du inguru horrek. Gaur egungo itxurak ez du zerikusirik iragan harekin, baina garai hartako historia bertatik bertara ezagutzeko aukera dago: meatzarien etxea izandako eraikina bisitatu daiteke Trapagarango Zugaztieta auzoan. Bizkaiko Foru Aldundiak 2012an berreraiki zuen etxebizitza hori.

Meategien ugaritzearekin batera, izugarri hazi zen inguru horretako migrazioa. Herritar askok eta askok nekazaritza eremua alde batera utzi eta bizimodu hobe baten bila joatea hautatu zuten. Errealitatea, baina, bestelakoa izan zen: Zugaztietan ez zuten aurkitu bilatzen zuten oparotasunik, eta lan eta bizi baldintza gogorrak sufritu behar izan zituzten. “Hasieran, gizonezkoek bakarrik emigratu zuten, familiarik gabe; gerora hasi ziren meatzarien senideak bertaratzen”, kontatu du Ameli Ortiz Meatzaritzaren Museoko presidenteak. 1890eko hamarkadaren aurretik, egun osoz eta etenik gabe lan egin behar izaten zuten meatzariek, eta, urte hartan egindako grebaren eraginez, hamar orduko lanaldia ezartzea lortu zuten. 1910era arte ez zen finkatu bederatzi ordu eta erdiko lanaldia.

Greba “indartsu” horretan, lanaldia murrizteaz gainera, beste aldarrikapen bat ere egin zuten meatzeetako langileek: “Meatzariak barrakoietan bizi ziren, oso baldintza txarretan, eta horiek desagertzeko eskatu zuten grebaren bitartez”. Lo egitera bakarrik joaten ziren meatzariak barrakoietara: “Ez zegoen komunik, argindarrik, sukalderik, dutxarik…; eta gaixotasunak ere oso ugariak ziren”, dio Ortizek. Bakoitzean berrogei lagun inguru biltzen ziren.

Beharrizan baten ondorioz eraiki zituzten, beraz, meatzarien etxeak. Bizi baldintzak, gainera, “askoz hobeak” ziren barrakoietakoekin alderatuz gero.

Etxebizitza horiek guztiak elkarren alboan eraiki zituzten, eta, hala, meatzarien auzoak sortu zituzten. Zugaztieta da auzo horien erakusgarrietako bat. “Etxebizitza oso arruntak ziren, egurrezkoak, eta garai hartako bizi baldintzak nolakoak ziren jakiteko balio du”, azaldu du Ortizek. Eta horixe izan zen, hain zuzen ere, zaharberritzearen asmo nagusia: garai hartako historia berreskuratzea. “Etxea erdi apurtuta zegoen. Altzariak zaharberritu behar izan genituen, baina ez zegoen askorik: sukaldeko armairu bat, ohea… Baldintza oso eskasetan bizi ziren”. Dena den, badago arreta ematen duen detailetxo bat: egutegia. Familia bat 1981era arte bizi izan zen etxebizitza horretan, eta orduko egutegia dago esekita sukaldeko pareta batean.

Zugaztietako meatzarien etxea

Museoa baino gehiago

Zehazki, Larreinetatik kilometro batera dago Trapagarango Zugaztieta auzoa. Berez, inguruak ez du galdu meatzari herriaren xarma, eta, etxe-museoaz gainera, beste hainbat dira garai hartara bidaiatzeko aukera ematen duten arrazoiak. Besteak beste, ikusgai daude minerala ateratzeko erabiltzen zituzten bagonetak eta sektorearekin zerikusia duten hainbat objektu.

Ustiapena bertan behera geratzearekin batera, lurpeko ura azaleratu egin zen, eta, trukean, hainbat putzu sortu ziren inguru hartan. Ordutik Zugaztieta “aisialdirako gune paregabea” dela azpimarratu du Ortizek.

Putzuen eremu hori eskulturen parke natural izendatu zuten 2007an. Burdinarekin zerikusia duten hamasei lan daude eremuan, Euskal Herriko beste horrenbeste eskultorek eginda.

Handik kilometro gutxira, Gallartan, Meatzaritzaren Museoa bisitatzeko aukera ere badago. “Hona datozenek bertatik bertara irudikatu dezakete zer-nolako baldintzetan bizi ziren eta lan egiten zuten meatzariek garai hartan”, gaineratu du Meatzaritzaren Museoko presidenteak.