Eguraldi txarrari bizilagun onak

Bilbo krisi sakonean sartu zen 1980ko hamarkadan, burdinaren industriaren beherakadaren ondorioz, eta horrek hiria bere garapen ekonomikoaren oinarriak birpentsatzera behartu zuen. Urte haietan, bilbotar izatearen sentimendua ia ez zen existitzen herritarren artean, nortasun propioa zuten auzoetan babesten baitziren. Aste Nagusia martxan jarri arte itxaron behar izan zen hura konpontzeko. Jai herrikoi haiek auzoetako jendea erdigunera hurbilarazi eta konpartsak osatuz elkarrekiko loturak indartu zituen. Egitura hauskor horrek populazioa berriro zatitu zezakeen proba gogorra jasan zuen 1983an: uholdeak, hain zuzen. Urte hartako abuztuaren 26an, uholde larriak gertatu ziren Bilbon eta Euskal Herriko udalerri ugaritan, tanta hotz delako batek eragindako aparteko euri-jasen ondorioz. Hala ere, zorigaiztoko gertaera hark ez zion talde sentipen gero eta handiagoari amaiera eman. Aitzitik, zoritxarrak mugarri nabarmena ezarri zuen herritarren artean. Auzokideak, elkartuta, hondakinak kentzen aritu ziren, gau eta egun, kaleak berreskuratzeko. Bizi izan zituen ororen oroimenean geratu dira gertaera haiek, eta datorren urtean, uholdeen berrogeigarren urteurrenean, gogora ekarriko dituzte auzo elkarteetatik.

Bilbotar bakoitzak, auzo bakoitzak, bere historia du. Arangoitin beti kontatu digute denetarik egon zela. Esaterako, merkatari batek, negozioa egiteko, uraren prezioa igo zuen, auzotarren gorrotoa bereganatuz. Beste dendari batzuek, ordea, oinarrizko gaiekin —esnea, ura, ogia eta pixoihalak—, paketeak banatu zituzten plazan. Bizilagunek menditik zetorren ura komunetarako erabili zuten, hornidura moztuta zegoelako. Udalak zisterna kamioiak bidali zituen; ustez edangarria zen urarekin, baina, fidatzen ez zirenez, arropa garbitzeko erabili zuten ur hura. Auzoa kezkatuta zegoen Deusturantz jaisten zen uhar itzelagatik. Horregatik, lanari ekin zioten auzoko horma zulatzeko. Azkenean, ura aldapan behera bideratzea lortu zuten, kalte handirik eragin ez zezan.

Asteazkenean aurkeztu ziren egun haietako espiritua herritarrengana hurbilarazteko egingo diren ekimenak. Motorrak berotzeko, Bilboko Konpartsen egutegia sortu da, uholdeei eta horien ondorioei aurre egiteko herritarrek erakutsitako kemena jasotzen duten irudiak erabilita. Gainera, konpartsek eta auzo elkarteek erakusketa bat aurkeztuko dute auzoetan, eta solasaldiak egingo dira, uholdeak lehen pertsonan bizi izan zituzten pertsona guztien pasadizoak eta esperientziak trukatzeko. Halaber, hainbat tour egingo dira gertatutakoa testuinguruan jartzeko, aratusteak baliatuko dira garai hura birsortzeko, konpartsek sorpresaz beteriko Aste Nagusi berezia agindu digute, baina xehetasunak ezagutzeko abuztura arte itxaron beharko dugu.

Argi dago berrogei urteren ondoren gure hiribilduak aldaketa asko jasan dituela, baina bere herritarren elkartasunak bere horretan dirau. Horren adibide dira osasun krisian sortutako elkartasun sareak, auzo guztietako bizilagunak elkartu eta beste aldi gogor bati aurre egin izana. Batasunak indarra egiten du, eta elkarrekin errazagoa izango da edonoiz eta edonolako ezbeharrei aurre egitea.