“Lehengo futbolariak naturalak ziren; oraingoak itxurak kezkatuta bizi dira”

Irratiko lankideen artean San Mamesera joan ohi zen bakarra zelako hasi zen Sara Estevez futbol kronikak idazten. Kirol kazetaritzaren aitzindaria izan da Bizkaiko irratigintzan.

Ibai Maruri Bilbao

Athleticen historiari eta Bizkaiko irratigintzari estu lotuta dago Sara Estevez Caparros Maraton kazetariaren ibilbidea (Bilbo, 1925). Hil hasieran bete zituen 97 urte, baina burua oso argi du: urteak, izenak, gertaerak…, ez du ezer ahazten. Badaki aitzindari izan zela, baina ez zaio iruditzen aparteko ezer egin duenik. Duela lauzpabost urtetik, Bilboko adinekoen zentro batean bizi da, eta hango bizilagunekin komentatzen ditu orain futbol partidak. Nostalgiaz egin du errepasoa.

Nondik datorkizu futbolerako halako zaletasuna?

Ez dakit futbolerako aparteko zaletasunik izan dudan. Athletic gustatzen zitzaidan. Bilbotarren DNAren parte da hori. Gure familiaren lagun batzuen edo auzokoen, ez dut ondo gogoan zer ziren, katuen izenak ere futbolarien izenak ziren. Ume-umetatik familiako bat izan zen Athletic.

Ez zenuen kazetari izateko ikasi. Zelan iritsi zinen irratira?

Orduan Radio Bilbao baino ez zegoen Bizkaian. Gazteen Fronteak irrati akademia bat sortu zuen [Falangeren gazte erakundeak], antzerki jarduerak eta halakoak egin ahal izateko. Handik sortu zen Radio Juventud [1951]. Han egin ginen gu irratigintzako profesional. Gaur egungo irratiarekin alderatuta, oso ezberdina zen. Orain, esatariak entzuten ditut, eta pentsatzen dut ez dutela behar den prestakuntza jaso. Ez dakite hitz egiten. Ez duzu ulertzen zer esaten duten. Guri eskatzen ziguten lehenengo geure burua barrutik entzuteko, jakiteko zelan hitz egin behar dugun. Gaur egun, oso azkar hitz egiten dute irratian. Jose Luis Balbin [TVEko] kazetariak esaten zuen bizitza ez dela halako abiaduran pasatzen. Akademia hartan, profesional asko sortu ginen, gero beste irrati batzuetan ibili direnak.

Zerk bultzatu zintuen irrati akademia hartara joatera?

[1936ko] Gerra hasi zenean, nik Viuda de Epalza saria irabazi nuen, eta harekin batxilergoan ikasi ahal izateko beka jasoko nuen. Nik eskola publikoan ikasi nuen. Gerra bukatu zenean, urte hartan saria lortu genuenok dagoeneko ez genuen batxilergoa ikasi ahal izateko adinik. Hasieran, bulegotxo batean egin nuen lan. Gero, Erandioko kimika fabrika batean hasi nintzen idazkari, Unquinesan. Zuzendaritzako idazkaria nintzen, eta horretan ibili nintzen 1972ra arte. [Lan biak uztartu zituen]. Burua alai mantentzeko, akademia horretara joaten nintzen. Radio Bilbaoko zuzendariak astero egun batez saio bat egiteko aukera ematen zigun. Han ibiltzen ginen gero Radio Juventud sortuko genuenok. Bakoitzak bere arloa zuen. Behin galdetu zuten: “Futbolera nor joaten da?”. Gehienak mutilak ziren, baina ni nintzen futbolera joaten zen bakarra, abonatua nintzen eta. [Orduan emakumeak ezin ziren bazkide izan, soilik abonatuak]. Modu horretan hasi nintzen Athletic jarraitzen irratirako. Orduan ere Athleticek lan handia eskatzen zuen.

Orduan ere hainbeste informazio sortzen zuen futbolak?

Bai. Gure eguna Athleticen gora-beherak jarraitzea zen. Gaur egun, agian, gehiegizkoa da. Ordukoa gertukoagoa zen. Ingelesen Zelaian hasi zen Athletic. Guk entrenamenduetara joateko aukera izaten genuen. Orduan ez zegoen dena hain estu lotuta. Agian, arratsaldean joan eta Zarra [Telmo Zarraonandia] ikusten zenuen bera bakarrik entrenatzen.

Gogoan al duzu lehen partida?

CoruƱako [Galizia] Deportivoren aurka izan zen, 1945ean. Athleticek galdu egin zuen, baina gero urte hartan Ligako txapeldun izan zen. Orduko San Mamesen hamar pezeta ordaindu behar izaten zenuen sarrera orokorra. Lehen jokalaria zelaian agertzen zenerako, jauzi egin eta lehen lerrora joaten ginen orduko ume edo gaztetxoak. Dena zen ezberdina; ezin dira orduko futbola eta oraingoa alderatu.

Zelan idazten zenituen kronikak? Orduan ez zen kazetarientzako lekurik egongo.

Bazkide izan aurretik, ahal nuen lekutik. Gero, nire eserlekutik idazten nituen, koadernotxo batean oharrak hartuta. Ezkutuan hartzen nituen, inork ez zekielako irratiko kronikak idazten zituena emakume bat zela, ni nintzela. Partida bukatu eta berehala joaten nintzen irratira, kronika idaztera, gero lankide batek irakur zezan zuzenean.

Zergatik ez zenuen zuk irakurtzen? Paco Blancok jartzen zien ahotsa zure kronikei.

Orduan, mikrofonoan hitz egiteko ahotsak aukeratzen ziren, eta gizonenak izaten ziren normalean. Seguruenik ni ez nintzen gai hain ondo irakurtzeko nire testuak. Gaur egun ez zaio hainbesteko garrantzirik ematen horri, baina orduan, bai. Primeran irakurri behar zen. Ni erredaktorea nintzen hasieran. Urte asko igaro ziren ni hizketan hasi nintzen arte. UEFAko Kopan hasi nintzen gehienbat, baina ez askorik ere: kazetari batek egiten zuen partidaren kontakizuna, eta nik iruzkinak egiten nituen. Gero, futbolaz gain, gauza gehiago egin ditut, eta orduan bai. Radio Juventud Radio Nacional de EspaƱaren parte izatera igaro zenean, erredakzioko burua izan nintzen, eta albistegiak egiten nituen: 08:00etakoa, hiru probintzietarako [Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa].

1973an jakin zuten entzuleek Blancok irakurtzen zituen kronika haiek zureak zirela, Sara Estevez zegoela Maraton ezizen haren atzean. Zergatik Maraton?

Eskolan kontatu ziguten Filipides soldadu greziarraren historia: Maraton hiritik Atenasera lasterka joan zela persiar armadaren garaipena iragartzera, eta albistea emandakoan hil egin zela. Kazetariok ere esfortzu hori egin behar izaten dugu askotan albisteak emateko, eta horregatik aukeratu nuen ezizen hori.

Bizkaiko Radio Juventuden arrakasta itzela izan zuen Stadium irratsaioko erredaktorea eta zuzendaria izan zinen. 1984an desagertu arte, herrialdeko irratigintzan gaueko saiorik entzunena izan zen.

Irratiko lehen zuzendariak erakutsi zigun oso bizkorra zela. Denek esaten zuten irratsaioak porrot egingo zuela, baina arrakasta itzela lortu zuen. Zergatik? Zuzendariak 22:00etan aireratzea erabaki zuelako, eta txikiteroak ordu horretan etxeratzen zirelako. Egin barre, baina horrek zer ikusi itzela izan zuen arrakasta hartan. Gure entzuleak gizonezkoak ziren; garai hartan, emakumeei ez zitzaien futbola hainbeste interesatzen.

Zelan egiten zenuten saioa?

Kolaboratzaile sare handia genuen. Athletic zen talderik erakargarriena, baina erregional mailako talde guztien informazioa ematen genuen, eta horrek erakartzen zuen jende asko. Partida pila baten berri ematen genuen domeka guztietan. Batzuetan gogorra egiten zen hainbeste emaitza entzutea, baina entzule bakoitzak bere taldeak egindakoa jakin eta entzun nahi izaten zuen, eta adi egoten zen.

Zelan lortzen zenuten informazioa? Orduan ez zegoen gaur egungo baliabide teknikorik.

Esaterako, ez dakit zer taldeko entrenatzailearen amaginarrebak konpromisoa hartua zuen gurekin suhiak esandakoa guri kontatzeko. Gaur egun dena oso mekanikoa da; gehiegi.

Aitzindariak izan zineten kirol tertulia egiten eta telefonoz jendea elkarrizketatzen.

Azkenerako kronika gehiegi ziren, eta ez genuen ez astirik egiteko, ez denborarik sartzeko, eta tertulia modura lantzen hasi ginen. Telefonoa asko erabiltzen genuen, erosoagoa zelako jendea elkarrizketatzea lortzeko. Ahalegintzen ginen talde guztiak berdin tratatzen, ez haserretzeko. Erregional mailako futbol partidak ere oso garrantzitsuak balira bezala hartzen genituen, entzule askorentzat Munduko Txapelketako finalaren parekoak zirelako. Noiz edo noiz arbitroa geure autoan eroaten genuen zelaitik, zaletuak jipoitzeko zain zituelako. Batez ere, Bermeon gertatzen zen hori, oso oldarkorrak ziren-eta hango zaletuak.

Askatasuna zenuten nahi zenutena egiteko eta esateko?

Oro har, bai. Gogoan dut behin esan nuela beste bati ostikoa eman zion jokalaria kaleratzea gehiegizkoa iruditu zitzaidala. Zuzendariak esan zidan hori ezin nuela esan. “Ez dut esandakoa aldatuko. Uste dut eskubidea duela huts egiteko. Debekatu ahal didazu nahi dudana esatea, baina ezingo nauzu behartu esan nahi duzuna esatera”. Athleticek San Mamesera sartzea debekatuta zigortu gintuen irratietakook, nik esandako zerbaitengatik.

Futbolaz gain, beste kirol batzuk ere lantzen zenituzten irratsaioan. Esaterako, herri kirolak, eta euskaraz, gainera.

Aretxa I.a zen kronika horiek egiten zituena. Herri kiroletan aritzen zen. Oso ondo egiten zuen berba euskaraz eta gaztelaniaz, eta kronikak egitea proposatu genion. Hizkuntza biak txandakatzen zituen. Astelehenero bere tartea izaten zuen herri kirolez berba egiteko. Arrakasta itzela izan zuen tarte hark ere. Beste kirol batzuk ere sartzen genituen: eskubaloia, esaterako, ospea hartzen ibili zenean; gero ahuldu egin zen. Irratiak azkartasuna eta arintasuna zuen, eta askotariko kirolak lantzeko aukera ematen zigun. Prentsa idatziko lankideek arraro begiratzen gintuzten.

Futbola asko aldatu da ordutik, ezta? Zelan ikusten duzu egun?

Gaur egun jokalari batek tiroan huts egiten duenean, esaten dizute atzazkalak huts egin diola. Zelan atzazkalak huts egin? Gero ohartzen zara futbolariek hainbeste hobetu dutela teknika, non behatzak ere mugitzen dituzten, eskuetako atzamarrak bezala. Aldi berean, ikusi nahi nituzke egungo jokalariak ordukoen arropekin eta baloiekin jokatzen.

Athletic ere asko aldatu al da?

Izugarri. Lehengo jokalariak naturalagoak dira; oraingoak itxurak kezkatuta bizi dira, orrazkera arraro horiekin. Lehen jokalariak ezagutu egiten zenituen; egungo kazetariek kontatzen didatenez, oraingoek debuta egin eta aste bira ez dute elkarrizketarik eman gura izaten, euren burua ja izartzat daukatelako. Gaur egungo Athleticek asko kezkatzen nau. Hauteskundeek zur eta lur utzi ninduten. Jokalariei halako soldatak ordainduko badizkiezu, diru sarrerak handitu beharko dituzu ezinbestean. Adibidez, Williams anaiei ordaintzen zaiena gehiegizkoa dela iruditzen zait. Baina, tira, gero beste futbol talde batzuetako soldatak ikusten dituzu, eta izugarria da. Ez dut ulertzen.

Zer iritzi duzu gaur egun egiten den kirol kazetaritzaz?

Oihu egiten baino ez dakitela. Espektakulua bihurtu da. Uste dut esatariek pentsatzen dutela haiek direla protagonistak. Andreak ere badabiltza gaur egun zeregin horretan, eta gizonezkoen oihu berak egiten dituzte. Niri ez zait gustatzen. Gainera, ikusten dut oraingo kazetariak gehiago dabiltzala kirolarien hanka sartzeak bilatzen, haien arrakastak kontatzeko irrika izaten baino.

Andreak kirol esatari eta jokalari ere badira gaur egun.

Bai. Alde horretatik, aldaketa handia egon da. Baina, egia esan behar badut, ez dut askorik jarraitzen emakumeen futbola.

Orain ez zara zelaira joaten. Zelan jarraitzen dituzu partidak?

Telebistaz ikusten ditut, ez zaizkidalako irratiko oihuak gustatzen, baina soinua kentzen diot. Telebistak hori du ona: ikusi egiten duzunez, ez duzu behar norbaitek gertatzen dena kontatzea.