Hizkuntza jasangarriak

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: ‘Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen’. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

Amaia Igartua Aristondo

Ardatza izan daiteke artaburua, bi buruko arranoa, arbola garai bat; izan daitezke jainkotiar edo lurtar; izan daiteke su sakratu bat ere, komunitateari aterpe eta babes ematen diona, eta kideen arteko loturak, iragana eta etorkizuna baldintzatzen dituena. Mitoak askotarikoak dira, unibertsalak, eta, aldi berean, tokian tokikoak; gizarteen bizkarrezurra dira, eta helaraz daitezke; are, kontatu eta idatz daitezke baita hizkuntza gutxituetan ere, jatorri eta mintzaira mordoa baitituzte istoriook. Horietako 11 bildu dituzte Busturian, Urdaibaiko Ekoetxean: maputxe, guarani, huni kui, kichwa, nasa, q’eqchi’, k’iche’, kaqchikel, mayata’an, nawat eta euskal herritarren ele zaharrak ezagutu ahalko dira abenduaren 18ra bitarte, Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen erakusketan.

Liburu batek hauspotu zuen mostra. Garabide elkarteak eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak ikastaroak egiten dituzte indigenekin, hizkuntzen biziberritzea ardatz, eta, tarteka, hango lider batzuk etortzen dira Euskal Herrira horietan parte hartzeko, Ines Garcia Azkoaga EHUko irakasleak azaldu duenez. 2018an, Mondragon Unibertsitatean antolatutako Kultur Ekoizpenaren Tailerrean, hogei indigena egon ziren hiru hilabeteko ikastaroa egiten. Tarte horretan, besteak beste, marrazki eta kontakizun sorta bat egin zuten, “irudikatzeko euren komunitatearentzat adierazgarria zen zerbait, euren ohiturei, kulturari eta mitoei lotuta, euren mundu ikuskera islatzeko”.

Lan “eder” horiei erreparatuta, erabaki zuten kontakizun eta ilustrazioak liburu batean biltzea, parte hartzaileen lanari aitortza egiteko asmo hutsarekin, hasieran. Istorioak jatorrizko hizkuntzan argitaratu zituzten, eta, parean, euskarazko itzulpena ipini zuten. Baina iruditu zitzaien proiektuak merezi zuela aparteko lanketa bat, istoriook erakusten baitute “zer-nolako hizkuntza aberastasuna dagoen munduan, eta denek ez dutela mundua berdin ikusten”. Hori hala, “apustu pedagogikoa” gehitu zioten aurreneko helburuari: helarazteko ez ezik, irakasteko asmoa bildu zuten.

Erakusketa izan zen horren emaitza. Liburuko kontakizunak eta marrazkiak hainbat paneletan islatu dituzte, eta, horiekin batera, eskoletarako fitxa didaktiko batzuk ari dira lantzen, eta tarteka egiten dituzte ikastaroak eta bisita gidatuak. Horrez gain, mostra ibiltaria denez, kontakizunotan gordetako informazioa zabaltzen ari dira. Iaz ekin zioten erakusketari, eta Euskal Herriko zenbait lekutan egon da dagoeneko: Tolosan (Gipuzkoa) izan zen Ekoetxeak hartu baino lehen, eta Otxandion eta EHUren Donostiako campusean egongo da aurrerantzean, oraindik zehaztu ez dituzten datetan.

Askotarikoak dira kontakizunak, Garcia Azkoagak azaldu duenez. “Batzuek kontatzen dute euren herriko mito tipiko bat, herri guztietan dauden horietakoa; beste batzuek, ohiturekin lotutako kontakizunen bat; batek elikagaiei buruz hitz egiten du, eta haien garrantziaz… Oso desberdinak dira, ez dago ildo bakarra; ez dira gauza jakinak”. Formaren aldetik ere, begi bistakoa da aniztasuna: parte hartzaile batzuek poesiara jo dute, bestetzuk prosara; badira xehetasunetan sakontzen dituzten ipuinak, baita motzak eta zuzenak direnak ere; badira literarioagoak, orobat, eta estilo soilagokoak. “Kontuan izan behar da sarritan hizkuntza horietan ez dagoela idazteko ohiturarik”, nabarmendu du Garcia Azkoagak.

Hizkuntza indigenak 2

Hizkuntza eta ekologia

Proiektuaren izenburuan, hizkuntzaren atzetik Ama Lurra dator. Izan ere, estuki lotuta daude biak ala biak, Garcia Azkoagak aldarrikatu duenez. “Komunitate indigenentzat oso garrantzizkoa da hori: hizkuntza ekosistemari lotuta egotea, txertatuta”. Baina da zerbait orokortua. “Gure kultura modernoentzat lausotuta dago harreman hori”, irakaslearen irudiko. Alabaina, kultura indigenetan “oso-oso errotuta” dago. “Zure komunitatean bizi zara, zure hizkuntzan, eta hizkuntza horrek ematen dizu ikuskera bat, inguruan duzuna izendatzeko modu bat. Ikasi egiten duzu, gauzak transmititzeko modu bat ematen dizu”.

Hori horrela, komunitate bakoitzak baditu berezkoak diren ohiturak, izendapenak, landaretza… “Hizkuntza bakoitzak bere garrantzia du, oreka hori mantentzea ere inportantea da. Hizkuntza asko izateak mundua aberatsagoa egiten du, elkarren artean aberastu egiten gara denok”, Garcia Azkoagaren esanetan. Eta hori jasangarritasunarekin lotu du. “Hitz egiten dugunean ekologiari buruz, beti pentsatzen dugu naturan, kontserbazioan… Baina hizkuntzak eta kultura ere sistema horren parte bat dira”.

Hizkuntza indigenak 3

Izan ere, Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen erakusketaren ardatza hizkuntza indigenak izan arren, bildumak badu loturarik euskararekin: batetik, euskal ele zaharrak ere ageri direlako; bestetik, orobat delako jasangarria euskararen sustapena, Garcia Azkoagaren hitzei erreparatuta. “Ekologia sustatu nahi badugu, tokian tokiko produkzioa sustatu nahi badugu, zergatik ez sustatu euskara? Tokian tokiko hizkuntza bat da ere bai, gure ekosistemaren parte da”. Modu horretan ulertzen du berak. “Hizkuntza guztiak garrantzizkoak direla adierazteko modua da, bakoitzak baitu bere lekua munduan, eta tokian-tokian lotura eta garrantzia baitute”.

Euskara izan da adibidea, baina baita akuilua ere. “Euskara izan da proiektuaren abiapuntu garrantzizkoena. Hau posible izan da euskararen biziberritzea egon delako, eta esperientzia hori esportatu ahal izan delako, nolabait. Euskararen izaera gutxitu horretatik ikasi dugunari esker iritsi gara hizkuntza indigenetara”. Hain justu, ikastaroetan, marraztu eta kontatu ez ezik, lider indigenek euskararen biziberritzeaz ere solastatu zuten.

Hizkuntza indigenak 4