Bihotz kirurgia Basurtuko ospitalean geratuko da, oraingoz

Arabako Auzitegiak behin-behinean eten du Eusko Jaurlaritzak zerbitzua Gurutzetako ospitalera lekualdatzeko erabakia. Basurto Bizirik plataformak aurkeztu zuen helegitea.

Mikel Garcia Martikorena

Basurtuko ospitaleko bihotz kirurgiako zerbitzua Gurutzetako ospitalera lekualdatzeko plana urtarrilaren 20an jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Egun hartan izan zuten erabakiaren berri ospitaleko langileek. Kirurgia zerbitzua itxiko zuten, eta 30 langiletik gorako taldea Bilbotik Barakaldora mugitu, Basurtutik Gurutzetara, haien iritzia entzun gabe. Eusko Jaurlaritzaren argudioa zen zerbitzua ospitale bakarrean metatuz gero, eraginkorragoa izango dela. Izan ere, Jaurlaritzak dioenez, zenbait ikerketaren arabera, zirujauek zenbat eta ebakuntza gehiago egin, orduan eta lan hobea egingo dute. Ideia horren aurka agertu dira Basurtuko zirujau gehienak hasieratik, eta Basurto Bizirik plataforma sortu dute. Urtarriletik, hamaika protesta egin dituzte lekualdatzea geldiarazteko; eta, oraingoz, behin-behinean etetea lortu dute: azaroaren 17an ziren zerbitzua ixtekoak Basurtun, baina, plataformak jarritako helegiteak direla eta, etenda dago prozesua.

Azken epaia joan den astean eman zuen Arabako Administrazio Auzitegiak. Lekualdatzea behin-behinean etetea erabaki du: “Baliabideak gaur egun Basurtuko ospitalean daudenez, interes orokorrak, lehentasunez, ditugun baliabideak mantentzera garamatza, eta ez ixtera, lekualdatzera eta moldatzera”, dio epaiak.

Basurto Bizirik plataformako kide eta Basurtuko bihotz kirurgiako buru Jose Miguel Ormaetxek adierazi duenez, epaia “ontzat” jotzen dute ospitalean, eta espero du bere horretan geratzea, Jaurlaritzak helegitea jarri arren. Epaiarekin, “bihotz kirurgia Basurtun mantenduz hobeto ibiliko dela erakusteko” denbora irabazi dute, Ormaetxek esan duenez. Iritzi berekoak da Arabako Administrazio Auzitegia. Izan ere, joan den astean emandako epaian, azpimarratu du funtzionatzen duen eta eraginkortasuna erakutsia duen zerbitzu bat mantentzea hobe dela eraginkorragoa izango dela ziurtatuta ez dagoen beste sistema batera igarotzea baino.

“Megaospitalea”, arazo

Jaurlaritzak dioen arren eraginkortasuna handitzea dela lekualdatzearen helburua, Basurto Bizirik plataformak ez du uste benetan hori denik arrazoia. Azaldu duenez, proiektua justifikatzeko aintzat hartu diren ikerketen arabera, zirujau bakoitzak ebakuntza gehiago egiten baditu “soilik” hobetzen dira emaitzak, ez ospitale batean gehiago metatzen badira. Hortaz, hori betetzeko, zirujauak kaleratzen dira —Jaurlaritzak ez du halakorik aipatu—, edo, zirujauen ustez, beste arrazoi bat egon behar da lekualdatzeko.

Proiektua aurrera eramanez gero, Gurutzetakoa izango litzateke Osakidetzaren sare osoan bihotz ebakuntzak egiteko gai izango litzatekeen ospitale bakarra. Plataformaren ustez, “Jaurlaritzak megaospitale bat sortu nahi du Gurutzetan, Espainiako Estatuko ospitale hoberenekin lehiatzeko gai izango dena”. Baina, gaineratu duenez, Gurutzetakoa ez dago horretarako prestatuta, ez baitu hainbeste jende artatzeko azpiegiturarik: “Proiektua aurkeztu zenetik, Gurutzetan ez dituzte ugaritu zainketa intentsiboko unitateko oheak, ezta ebakuntza gela gehiago eraiki ere”.

Plataformaren ustez, itxarote zerrenda handitzeko baino ez luke balioko aldaketak: “Basurtun, gaur egun, zortzi edo bederatzi hilabeteko itxarote zerrenda dugu. Zerbitzua Gurutzetara eramanda, han ez direnez gai izango hainbeste paziente hartzeko, itxaronaldiak luzatu egingo dira”. Luzapen horren ondorioz, dioenez, ebakuntza behar duten gaixoak ospitale pribatuetara bideratuko lituzkete. Plataformak salatu du “Bizkaiko osasun zerbitzuen ezkutuko pribatizazioa” dela zerbitzuak Gurutzetan zentralizatzearen arrazoietako bat.

Inbertsio zentzugabea

Gurutzetako azpiegitura eskasia eta horrek ekarriko lukeen pribatizazioa ez dira bihotz kirurgia lekualdatzeak ekarriko lituzkeen arazo bakarrak, plataformak dioenez. Basurtuko ospitalean —350.000 herritarri zerbitzua ematen die—, hamabost milioi euroko inbertsioa egin zuen Jaurlaritzak duela bost urte, bihotz kirurgian punta-puntako instalazioak egon daitezen, eta Basurto Bizirik plataformak ez du inbertsio hura ulertzen: “Lekualdatzea komunikatu zigutenean, esan ziguten plana duela bost urte hasi zela. Ez du zentzurik hamabost milioiko inbertsio bat egiteak itxi behar zuten zerbitzu batean”. Bihotz kirurgiako langileek jakin badakite ezinezkoa dela ospitale denetan zerbitzua eskaintzea, baina, “jada inbertsioa eginda”, ez zarratzeko eskatu dute.

Dirua, baina, ez da galera bakarra. Plataformaren ustez, lekualdaketarekin “bost urte atzera egingo luke zerbitzuaren kalitateak, eta hor geldituko litzateke, inoiz aurrera egin gabe”. Gainera, ezinezkoa litzaieke zenbait prozedura egitea gaixoen bizitza jokoan ez egoteko: “Kardiologian, arriskutsuak diren prozedurak egiten dira, arazorik egonez gero momentuan ebakuntza beharrezkoa dutenak. Horiek egiteari utzi beharko genioke, beharrezkoak izan arren”.