Txotxongiloen lekua aldarrikatuz 41. aldiz

Txotxongiloen lekua aldarrikatuz 41. aldiz

Mikel Garcia Martikorena

Txotxongiloak arte eszenikoetan duten lekua erreibindikatuko du aurten 41. aldiz Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdiak. 1982tik etengabe aritu da Bilbao TX Festival jaialdia xede horrekin, eta aurten ez da gutxiago izango. Bihartik datorren asteko igandera arte, azaroaren 27ra arte, Bilboko eta Bizkaiko beste hainbat udalerritako kale eta agertokiak panpinez beteko dira. Jaialdiak hamar ikuskizun plazaratuko ditu guztira; gehienak, beste herrialde batzuetatik ekarriak. Gainera, jaialdiak iraun bitartean, zenbait prestakuntza eta erakusketa izango dira, txotxongiloen mundua ezagutarazteko asmoz.

Izan ere, Juanjo Corrales jaialdiko zuzendariaren arabera, TX Festivalen egitekoa “tokiko ekoizpenak babestea” da, horretarako, “euskal artista titiriteroen sorkuntzarako, prestakuntzarako eta proiekziorako baliabideak eskainiz”. Hori egin ahal izateko lehen pausoa publikoa “eratzea” da, haren ustez.

Publiko hori ez da soilik Bilboko erdigunetik aterako, baizik eta Deustu, Otxarkoaga eta San Ignazio auzoetatik, eta Lezamatik, Arrigorriagatik, Larrabetzutik, Areatzatik eta Muskiztik. Azken horretan lehen aldiz izango dira TX Festivaleko txotxongiloak. Jaialdiari egoitza bat ezarri beharko balitzaio, Deustuko Fundicion aretoa izango litzateke, antolatzaileen ustez, bertan egongo baitira “diamanteak”. Baina, Corralesek jaialdiaren aurkezpenean azpimarratu zuenez, lekuen aukeraketa kontzienteki egin da “txotxongiloak kohesio sozialerako tresna gisa” erabili ahal izateko: “Jendearen iruditerian kontrako muturretan dauden lekuak lotzeko bide bat izan nahi dugu; Arriaga eta Otxarkoaga bezalakoak, esaterako”.

Panpina bat, helburu asko

Hala ere, txotxongiloak kultur adierazpen gisa ulertzeak bestelako helburuak gehitzen dizkio jaialdiari. Izan ere, Josu Camara jaialdiko antolaketaren arduradunetako baten aburuz, kulturaren zeregina da “jendea humanizatzea eta humanitatea indartzea”. Aldarrikatu du txotxongiloek badutela horretarako indarra, publikoarekiko “oso hurbileko artea” delako, eta beste garai batera eramaten duelako ikuslea: “Txikitan jostailuekin sortutako harremana berreskuratzen da”.

Horretaz gain, jaialdiak bi asmo nagusi dituela gaineratu du Camarak: nazioartekotasuna ematea kanpoan egiten denari, eta bertako titiriteroei plaza bat ematea. Azpimarratu du nazioarteko artistak ekartzeak bertakoak “elikatzeko” balio duela, eta nazioartean harremanak sortzeko “oso baliagarria” dela ere aipatu du.

Euskal Herriko artistei dagokienez, Camararen aburuz, jaialdia baliagarria da haien lanen inguruan interesa pizteko eta gero kanpora esportatzeko. Talde honen barruan dago Maren Basterretxea. Jaialdian egongo diren bi euskal herritarretako bat da Basterretxea, eta jaialdiaren azken egunean antzeztuko du bere aurreneko obra, Fundicionen: Igaro. Iraganeko ametsen nostalgia da obraren ardatz nagusia.