Molinos Vascosen jabea salatuko dute, ondarea ez zaintzeagatik

Molinos Vascosen jabea salatuko dute, ondarea ez zaintzeagatik

Ibai Maruri Bilbao

IOHLEE Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak Bilboko Molinos Vascos izandakoaren jabeak salatuko ditu, ondarea ez zaintzea egotzita. 1923an eraikitako irin fabrikari Kultura Ondare izendapena eman zion 2009an Eusko Jaurlaritzak, baina eraikina bertan behera utzita dago, ez da mantentze lanik egin eta, elkartekoek aspaldi ohartarazi zutenez, estalkia erortzeko arriskuan dago. Hori gertatu aurretik, epaileak konponketa lanak egitera behartzea nahi dute. “Dokumentazioa prestatzen ari gara, urtea bukatu aurretik aurkezteko”, azaldu du IOHLEEko presidente Javier Puertasek.

Elkartekoak aspaldi hasi zuten eraikina babesteko borroka. “Jabeek ezin badute mantendu, egin dezala Bizkaiko Foru Aldundiak”. Izan ere, Eusko Legebiltzarraren 6/2019 legearen arabera, ondare izendatutako eraikinen mantenua jabeek egiten ez dutenean, herrialdeko diputazioak egin behar du kargu. “Zer ikusirik ez duen, baina argigarria den adibide bat: Zaldibarko zabortegia amildu zenean, Eusko Jaurlaritzak egin zituen egonkortze lanak, gero enpresari faktura pasatzeko. Kasu honetan antzeko zerbait litzateke”, azaldu du.

Auzia Bizkaiko Batzar Nagusietara eroatea lortu zuten, eta iazko maiatzean Lorea Bilbao Kultura, Euskara eta Kirol foru diputatuak iragarri zuen jabeei sei hilabeteko epea emango zietela eraikinaren teilatua konpontzeko. “Iazko azaroan bukatu zen epe hori. Beste urtebete ere pasatu da, eta inork ez du ezer egin. Jakin dugunez, diputazioak beste sei hilabete luzatu zien epea, baina hori ere pasatu zen aspaldi. Argi ikusten dugu jabea den familiak eta diputazioak ez dutela eraikina konpontzeko borondaterik”.

Salaketa jabeen aurkakoa da, legeak hura egiten duelako erantzule nagusi. “Esango balute ez dutela gastuari aurre egiteko gaitasunik, epaileak ikusiko luke zer neurri har ditzakeen: diputazioa behartu konponketa lanak egitera, desjabetu…”. Puertasek esan du aukera guztiak argi zehazten dituela legeak. Baina ez bakarrik zigorrak, baita haien ondasun bat ondare izendatu dieten jabeek zer eskubide dituzten ere. Elkarteko presidentearen arabera, ez da egia izendapenok zama bat direnik jabeentzat: “Ondasun horien mantentzerako diru laguntzak eta bestelako erraztasunak ere jasotzen ditu legeak”.

Zutik dirauten Bizkaiko irin fabrikarik garrantzitsuenetakoa da Molinos Vascos. 1923an eraiki zuten. “Balio historiko handia du, baina baita teknologikoa ere: [Espainiako] Estatuan hormigoi armatuz eraiki zuten lehen eraikinetakoa da. Fabrikako siloak, esaterako, hormigoiz armatuz egindakoen artean kontserbatzen diren zaharrenak dira”. Horrez gain, balio ikonografikoa ere baduela azpimarratu du: “Zorrotzako muturrean dago. Bilboko itsasadarrak bi mende luzez izan duen paisaia industriala mantentzen laguntzen digu”.

Zaharberritu baino gehiago

Orain, bada, lehentasuna estalkia konpontzea da, euriak hondatu ez dezan. “Argi dago gure ondasun industriala eta herri lanak babestu egin behar direla, baina babesa legez aitortu ondoren ez bada kontserbazio lanik egiten, izendapena alferrik da”. Baina IOHLEEkoek gehiago ere eskatzen dute: uste dute ezin direla eraikin hutsak izan, eta, ohartarazi dute bizirautea nahi bada, bestelako erabilera bat eman beharko zaiela.

Bizkaian halakoen adibide onak daudela esan du Puertasek. Esaterako, Bilboko alondegi zaharra Azkuna zentroa da gaur egun, kultura, aisialdia eta kirola uztartzen dituen eraikin erraldoia; eta Deustuko Tigre eraikinean, berriz, Correas El Tigre uhal eta lanabes fabrikaren bulegoak egondakoan, gaur egun etxebizitzak daude. Hiriburuan bertan, beste hainbat irin fabrikak ere bigarren erabilera bat dute gaur egun: La Ceres fabrikan, hormigoiz egindako lehen eraikinean, etxebizitzak atondu zituzten. Iralako Harino Panaderarenean Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Arloa eta Osakidetzaren osasun zentro bat daude. El Ponton fabrika izandakoa, berriz, Abusu ikastola da. “Eraikin horiek sekulako potentziala dute, eta erabilera bat ematea da gakoa”. Puertasen arabera, erakundeek badakite zer den egin beharrekoa, eta badakite zelan egin behar duten ere, beste kasu batzuetan egin izan dutelako.