“Historian bertsio asko daude, eta batzuetan ez da egia kontatzen”

Interes pertsonalari jarraikiz, bere jaioterri Markina-Xemeinen bizi izandako hirukote alemaniar nazi baten istorioa ikertu du Jon Arrizabalagak. Ondorioztatu du arma industriari eta herriko fabrikari lotuta egon zirela.

Maria Ortega Zubiate

Historiaren eta memoria historikoaren zale sutsua da Jon Arrizabalaga Gonzalez (Markina-Xemein, 1993), bereziki XX. mendea zartatu zuten gerrena. Urteak daramatza horiei buruz irakurtzen eta ikasten. Orain, herriko historia “ilun” bati argi emateko asmotan bere lehen liburua argitaratu du, Alemanaren mamua, eta, izenak iradokitzen duen bezala, herriak babes eman zien nazi bikote baten eta beraien kidearen istorioa kontatzen du.

Zer ondorio atera duzu ikerketan? Markina-Xemein nazien babesgune izan zen?

Nik uste dut argi dagoela baietz. Liburuaren hasieran diot, eta uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea: nik puzzle handi baten piezatxo batzuk elkartzea lortu dut. Baina ez naiz heltzen puzzle handi baten markoa osatzera. Oso historia handia da, eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan loturak ditu; izozmendiaren punta baino ez dut lortu argitzea.

Zein izan zen lotura hori? Herriko arma fabrika aipatzen duzu liburuan.

Markinan bi gizon nazi kokatzen ditugu, eta euretako baten emaztea, eta izan zuten loturarik arma industriarekin, noski. Alde batetik, bikotea daukagu: Willhelm F. Mallet eta Ruth Elisabeth Adams; eta, beste alde batean, bikoteko gizonaren bazkidea daukagu: Otto Skorzeny. Skorzenyren kasuan, dokumentatuta dago Esperanza y Ciarekin, herriko arma fabrikarekin, negozioak egin zituela; eta CIAko dokumentuek nahiko argi uzten dute beste euskal arma fabrika askorekin komertzial lanak egiten zituela. Malletek ere bai, baina konkretuki Esperanza y Cia izena ez dut aurkitu; beste batzuk aurkitu ditut.

Nola erabaki zenuen honi buruzko liburu bat ateratzea?

Hasi nintzen hau ikertzen, testigantzak jasotzen, argazkiak agertu ziren… Lagun artean komentatzen genituen ikerketari buruzko konturik berrienak, eta une batean konturatu ginen eleberri bateko istorioa zirudiela kontatzen ziguten guztiak. Lagun batek esan zidan idatzi egin behar nuela, eta azkenean animatu nintzen.

Zenbat denboraz aritu zara ikertzen?

20-21 urte nituela hasi nintzen hau ikertzen, eta orain 29 ditut; beraz, zortzi bat urte. Ez da izan jarraitua, ordea: noizean behin zerbait berria ateratzen zen, eta beste urte batzuetan, ezer ere ez. Baina jarraian azken urtean egin dut, iaztik.

Zerk eraman zintuen kasu hau ikertzera?

Liburuan azaltzen dudan moduan, historia asko gustatzen zait. Ikertzen hasi nintzenean, nik dokumental asko ikusten nituen 1936ko gerrari buruzkoak, memoria historikoaren inguruko taldeen inguruan ibiltzen nintzen, eta beste. Dokumentalak ikusten nituen, baina banekien nire herrian ere egon zirela horrelakoak, eta jakin-mina horrek sortu zidan. Egun batean, lagun artean ibili ginen berbetan Bekobentako Eskolako alemaniarren inguruan, eta ikertzea erabaki nuen.

Niretzako interesgarriena izan da DBHtik hasten garela Nurenbergeko epaiketak ikasten, Bigarren Mundu Gerra aztertzen, eta badirudi oso urrun dagoela hemendik, milaka kilometrora. Baina bat-batean konturatzen zara hori ikasten egon zaren eskola dagoen tokian bazkaltzen zuela epaiketa horietan epaitutako jeneral batek.

Historian bertsio asko daude, eta batzuetan ez da egia kontatzen. Ez da kontatzen Francoren Espainiara nazi mordo bat joan zirela, eta nik pentsatzen nuena baino hurbilago daude istorio ilun horiek.

Beraz, interes pertsonalak bultzatuta hasi zinen ikerketan, ala bazuen herriko historia jakinarazteko aldarrikapen bat ere?

Hasieran, interes pertsonala nuen, ez nekien-eta zer aurkituko nuen. Alemaniar ezezagun horiek ikertzen hasi nintzenean, ez nekien izango ote ziren beste garai batean etorritakoak, nazismoarekin zerikusirik izango ote zuten, edo zer ote ziren. Baina agertzen joan ziren gauzekin, dokumentazioarekin eta testigantzekin begitandu zitzaidan interesgarria izango litzatekeela hori herriari kontatzea.

Autoeditatua da liburua. Zergatik egin duzu horrela?

Autoeditatzeko erabakia hartu nuen, modu independente batean nahi nuelako kaleratu, eta, gero, ahalmena izan nahi nuen nahi dudan prezioa jartzeko, nahi dudan salmenta puntuetan jartzeko, eta nahi ditudan aurkezpenak egiteko, inori azalpenik eman barik. Baina ez naiz ni bakarrik ibili. Nerea Mandiolak egin ditu zuzenketak, beste lagun batzuk ere aritu dira horretan; azken batean, testu bat hiruzpalau pertsonak zuzentzea ondo egoten da. Eta diseinua Mikel Unamunzagak egin du.

Markina-Xemeingo kasua aztertu duzu, baina badiozu beste herri batzuetara ere heldu zirela. Topatu duzu informaziorik?

Bai, badakigu Skorzeny Lekeition ere izan zela, adibidez. Oraindik ez dut asko bilatu, baina badaukat asmoa. Markinako kasua garrantzitsua da, Skorzeny eta Mallet gizon garrantzitsuak zirelako; bata ezaguna, eta bestea, ez. Baina, bestalde, herri askotan daude antzeko kasuak, bikote alemaniarrak bizi izan ziren etxe asko daude. Ikertu beharko lirateke, bai, uste dut herri askotan aurkitu ditzakegula antzeko istorioak.

Alemaniarrak bizi ziren etxean gaur egun eskola publikoa dago, baina mantentzen da haien arrastorik herrian?

Nik ez dakit gaur egun arma fabrikak lotura horiek mantentzen dituen, ez dakit hariren bat badagoen garai horretako Esperanza y Cia haren eta gaur egungoaren artean. Baina argi dago Euskal Herriko armagintza sektoreak gorakada handia izan zuela naziak komertzial moduan erabilita, eta enpresa asko zeudela komertzial alemaniarrekin negozioak egiten mundu osoan barrena.

Bi aurkezpen egin dituzu: herrian bertan eta Ondarroan. Zelako harrera egin dio jendeak liburuari?

Jendeari beti gustatzen zaio herriko istorio ezezagun bat jakitea, pixkatxo bat bada ere, zoritxarrez ezin dudalako gauza handirik kontatu. Markina-Xemeinen arrakasta izan duela uste dut, jendeari gustatu zaio horrelako istorio ilun bat irakurtzea, historiazaleak garelako gure herriaren inguruan berba egiten denean, edota, beste batzuk, baita alde morboso batekin ere. Ondarroan ere izan zan jendea; ez horrenbeste, noski, ez delako bertako istorioa, baina bazuten interesa.