Bizitza bat, pinturaz pintura

Bizitza bat, pinturaz pintura

Amaia Igartua Aristondo

Geografia eta biografia: bi alde horiei erreparatzen die Ricardo Toja margolariari (Gordexola, 1932-Plentzia, 2012) egindako omenaldiak Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare aretoan. Artistaren heriotzaren hamargarren urteurrenean, areto osoa hartu dute Tojaren lanek, ataritik bertatik abiatzen den ibilbide tematiko eta kronologiko bat osatuta. Tojaren askotariko gaiak biltzen ditu mostrak, eta askotariko formatuak daude ikusgai, orobat: bai natura hil mardulak, baita marrazki txikien bildumak ere. Molde figuratibora jo zuen, oro har, baina kubismoa eta abstrakzioa ere jorratu zituen, eta horren isla ere ageri da erakusketan.

Toja hil zenetik eskaini dioten lehen erakusketa da, eta otsailaren 25era arte bisitatu ahalko da. Bilduma pribatuetatik eta publikoetatik elikatu dute. Esate baterako, Bilboko Arte Ederren Museoak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Merkataritza Ganberak eta BBK-k utzi dituzte artelanak.

Obrek artistaren bizitzaren berri ematen dute, bizi izan zen toki eta paisaien bitartez. Izan ere, gertukoa pintatzen zuen Tojak, baina hark ezberdin ikusten zuen denen begi bistan zegoena, Gorka Mayor komisarioaren arabera —Alicia Fernandezekin batera antolatu du bilduma—. “Ebidentea ez zen horretan sakontzen zuen”. Mayorrek umetatik izan zuen harremana Tojarekin: Plentziakoa da Mayor, eta udalerri horretan etxe bat erosi zuen artistak, 1972an; Mayorren aitak birgaitu zuen eraikina, preseski. Artista “metodiko eta arduratsu” gisa gogoratzen du komisarioak.

Hainbeste, ezen ingurukoak asaldatzera heldu baitzen hainbatetan, Mayorren hitzei erreparatuta: pintatu nahi zuen horri argazkia ateratzen zion, eta estudioan ekiten zion margoari. Artistak behin eta berriro orrazten eta ukitzen zituen bere lanak, beti topatzen baitzuen biribildu gabeko xehetasunen bat, nahiz eta ingurukoei ederto zegoela iruditu. Agian, perfekzio grina horrengatik hartzen zuen bere gain prozesu artistiko osoa, markoa ere berak ipintzen baitzuen. “Artisautza izaera ematen zion ofizioari”, Mayor komisarioak azpimarratu duenez.

Uharteek liluratuta

Erakusketa ez da Tojaren koadroekin hasten, halere. Atarian, artistari buruzko bi ikus-entzunezko proiektatzen dira. Horietako batean, Tojak berak solastatzen du bere bizitzaz eta obraz, Jesus Serranok eta Idoia Jauregik 2010ean sortutako ekoizpen batean. Bigarrenean, artistaren seme Miguel Tojak Bernardo Atxaga idazlearen testu bat irakurtzen du, 1992ko marrazki erakusketa baterako idatzitakoa. Alfabetoko letrez baliatu zen Atxaga orduko hartan Tojaren jardunaz aritzeko, eta, orain, haren estiloa xehatzen du bisitarientzat. Argiaz mintzo da, esate baterako. “Ez da kanpoko argia mihisera ekarria; ez da uniformea; hainbat laminatan mamitzen da, eta transformatu egiten du ukitzen duena”.

Hain justu, bisitariak Atxagarekin egingo du topo ostera ere, ataria igaro eta koadroak ikusten hasten denean. Aurreneko piezetako bat Asteasuren (Gipuzkoa) panoramika bat baita; hau da, Atxagaren jaioterriarena. Horrekin batera, Gordexola eta inguruak agertzen dituzte lehenengo lanek, Tojaren haurtzaroko tokiak: Herrerias ibaiaren ertzeko paisaiak, baserriak eta mendiak, Berbizko San Joan baselizaren ingurua eta Bikirrio mendia. Eta hasieratik antzeman daitezke Tojaren ibilbide osoan errepikatu ziren elementuak eta teknikak: rotring bidez marraztutako landak, puntillismoz osatutako paisaiak, frutak, barazkiak… “Berrikuntzak sartu zituen, baina beti jo zuen toki ezagunak marraztera”, argitu du komisarioak.

1936ko gerran, familiarekin Barakaldoko Lutxana auzora lekualdatu zen, eta Kanariar Uharteetara (Espainia) joan ziren bizitzera Bigarren Mundu Gerran. Han, gerran errepresaliatuak ezagutu zituen. Era berean, hango eraikinek, haitzek, koloreek eta landareek Tojaren iruditegia puztu zuten orduan, eta bere obra artistikoa bustiko zuten etorkizunean. 1970eko eta 1980ko urteetan, Kanarietako paisaiarekin egin zuen topo berriro, Mayor komisarioak azaldu duenez, eta, ordutik, irlak gailendu ziren nabarmen bere ekoizpenetan. Haien argiak islatu zituen, batetik: ageri da, esaterako, puntillismoz taxututako etxe zuri bat, begetazio oparoz inguratuta, formatu nahiko handian.

Bestetik, itzalak ere izan zituen hizpide. Izan ere, 1990eko urteei “garai iluna” deritze Mayorrek, figura abstraktuak eta bihurrituak pintatu baitzituen sarritan, errai itxurakoak, baita paisaia suntsituak eta zuhaitz izoztuak ere. “Kanariak dira, industrializazioak aldatu eta gero”. Modu horretan interpretatu ditu Miguel Toja semeak.

Bizitzaren azken urteetako lanak biltzen ditu ibilbideko azken zatiak. Horietan, naturak jarraitzen du protagonista izaten, baina dagoeneko galdua du aurreko urteetako kutsu ilun hori. Galiziako paisaietara jo zuen orduko hartan. Gaztetatik zuen harremana Galiziarekin, eta 2005ean hara lekualdatu zen, Costa da Mortera hain justu, bere abizenaren jatorria argitzeko asmotan. Zehazki, hango haitzak, geruzak eta betak pintatu zituen, kasurako; elementu identifikagarriak dira, baina, Tojaren begiradatik, arrarotuak ageri dira, semearen esanetan. “Beste ikuspuntu bat bilatzen zuen”. Enkoadraketa itxiekin erdietsi zuen hori, adibidez. Estrategia bera erabili zuen beste gai batzuk islatzeko, eta, hori horrela, natura hil itxurako koadro batzuetan ere erabaki hori hartu zuen; esate baterako, Frutas, cerámica y Campligli obran (2000-2003). “Objektuak kokatzen zituen lehen-lehen planoan”, komisarioak azaldu duenez.

Ricardo Toja

Arrokez gain, kostaldeko bestelako elementuak ere erabili zituen Tojak azken garai hartan, baliabide estetiko gisa jo baitzituen itsasargiak, barraskiloak…. Eta, ostera ere, detailez josi zituen elementuok, itzalekin jolastuta, eta tolesak baliatuta. Bukaeran, aro abstrakto bat ere izan zuen, 2000. hamarkadatik aurrera, batez ere —nahiz eta Tojarentzat hori ez zen abstrakzioa, Mayorren arabera—. Paletak lixatzen zituen, lurrean ipini, eta seme-alabekin batera sortzen zituen artelan abstraktu horiek, Miguel Tojak gogoan duenez.

Euskal erreferentziak

Kanariek arrasto sakona izan zuten Tojarengan, Madrilen ere egon zen bizitzen, eta egoitza artistiko bat egin zuen Oslon, baina bere sorkuntza ibilbideak Bizkaia du oinarrian, eta euskal artistak ditu eredu, batik bat. 1945ean, Kanarietatik Bilbora itzuli zen, eta hango mundu artistikoan murgildu zen, gerrak hautsitako gazte horien munduan, hain zuzen. Jorge Oteizaren eskutik egin zuen murgiltzea, hura izan baitzen bere maisuetako bat. Garai hartan, gainera, kubismoak garrantzia hartu zuen bere ekoizpenean, Juan Gris izan baitzen Tojaren erreferentzietako bat; aurrerago ere, moldea berreskuratuko zuen. Esan daiteke bere jardunaren sustraiak bota zituela egoera hartan, komisarioak esandakoari erreparatuta. “Erabili zituen koloreak euskal eskolak erabilitakoen jarraipena dira”.

Ricardo Toja

Koloreak ez ezik, baina, Tojaren artelanetan pista asko daude euskal eragina iradokitzen dutenak. Eta nabarmena da, bereziki, Jose Maria Uzelai pintoreak utzitako lorratza. Begi bistakoa da, komisarioak azaldu duenez. “Zeruak Uzelairenak dira”, zehaztu du; era berean, harenak dira Tojaren gaietako ugari, Mayorrek zerrendatu duenez: leihoak, otarrainak, liburuz betetako mahaiak, iturriak…

Ricardo Toja