“Mundua ez da irudikatzen duten bezain okerra; jendea ona da”

“Mundua ez da irudikatzen duten bezain okerra; jendea ona da”

Olatz Enzunza Mallona

Nomada gisa definitzen du bere burua Ana Zamorano bidaiariak (Sodupe, 1992). Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasi zuen, eta, hitzaldiak eta lana tarteko, ez du denbora libre askorik izaten. Hala ere, ez dio bidaiatzeari uko egiten: uda aldera, bizikleta hartu, eta bi edo hiru hilabeterako joaten da munduko txokoren bat bisitatzera. Hurrengo helmuga prest du dagoeneko: Indiako Himalaia edo Pakistan bisitatuko ditu. Herenegun, Balmasedako Mendi Astean kontatu zituen bere ibilerak.

Nondik datorkizu bidaiatzeko zaletasuna?

Amarengandik jaso dudala esango nuke. 10 urte inguru nituenetik bidaiatu dugu familian, eta hala sortu zitzaidan afizioa. Amak beti hitz egiten zigun munduko kultura askotaz, eta neuk ere hainbat liburu irakurtzen nituen.

Nora bidaiatu ohi zenuen familiarekin?

10 urte nituenetik 18 urte bete arte, ia Europa osoa ezagutu genuen, baita Afrikako iparraldeko hainbat leku eta Ipar Amerika ere.

Eta nola bidaiatzen zenuten?

Normalean, autoz edo hegazkinez mugitzen ginen. Ez geneukan denbora askorik, eta, ahizpak eta biok genuen adina aintzat hartuta, abenturatxo bat zen. Ikasketa handia izan zen niretzat.

Zein izan zen bakarrik egin zenuen zure lehenengo bidaia?

Alemaniara joan nintzen. Lagun bat han zegoen, Erasmus programaren bitartez, eta bisitan joan nintzen. Herrialde osoa zeharkatu genuen auto-stop egiten, eta tren geltokietan ere lo egin behar izan genuen. Hala ere, Gambiara egindakoa izan zen nire bakarkako lehen bidaia.

Nolako esperientzia izan zen?

Oso polita. Ama konbentzitzea izan zen zailena. 20 urte nituen, eta Afrika oso mitifikatuta dago oraindik ere. Egia esan, denetarik gertatu zitzaidan lehenengo bidaia horretan, baina konponbideak aurkitu, eta aurrera egitea lortu nuen.

Aurrez, baina, boluntariotza bat egin zenuen, Nikaraguan.

Bai, hala da. 18 urte bete baino hilabete lehenago, Sodupeko Udalak boluntariotza programa bat jarri zuen martxan, eta horretan parte hartzera animatu ninduten. Hiru joan ginen Sodupetik, eta asko markatu ninduen esperientzia izan zen. Hilabete egon ginen han, gizarte lanak egiten.

Horren ondoren egin al duzu beste boluntariotzarik?

Bai. Nikaraguatik itzuli eta denbora gutxira, Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasten hasi nintzen unibertsitatean, eta, han nengoela, beste boluntariotza bat egiteko aukera izan nuen: El Salvadorren. Hiru hilabete egon nintzen han, herriko beste kide batzuekin batera. Harrapatu egiten du Hego Amerikak, eta, unibertsitatea amaitu bezain laster, Hego Amerika osoa bizikletaz zeharkatzeko ideia izan nuen buruan bueltaka.

Ingalaterran ere izan zinen bi urte, ingelesa ikasten.

Unibertsitateko azken urtean, Ugandan egon nintzen. Handik itzuli eta astebetera joan nintzen Ingalaterrara. Bulego batean aritu nintzen lanean. Ingelesa hobetzea zen nire helburua; izan ere, aukeratu nuen bizitza mota egiteko, funtsezkoa zen hizkuntza hori menderatzea.

Normalean, zein hizkuntzatan komunikatzen zara bidaietan?

Keinuekin… Kontua da esentzia berezi hori mantentzen duten herrialdeetara joaten naizela normalean. Kirgizistanera edo Iranera, esate baterako. Leku horietan ez dakite ingelesez hitz egiten; beraz, keinuen bitartez ulertzen dugu elkar. Hori da politena, nire ustez: modu erraz batean, asko transmititu diezazuke pertsona batek.

Bizikletaz bidaiatzen duzu. Nolatan aukeratu zenuen garraiobide hori?

Egia esan, inoiz ez naiz izan bizikletazalea. Mendian asko ibilitakoa naiz, baina ez nuen bizikletan ibiltzeko ohiturarik. Hala ere, banekien gustatu egingo zitzaidala, eta hala izan da.

Nora egin zenuen zure lehen bidaia bizikletaz?

Andeetara. Bidaia baino bi egun lehenago iritsi zitzaidan bizikleta, gainera. Oso barregarria izan zen. Batere entrenatu gabe joan nintzen Andeetara. Inguruko lagunek barre egiten zidaten, baina oso ondo moldatu nintzen. Desberdina da bidaiatzekoan egiten den txirrindularitza mota: zenbat eta bizipen gehiago izan, orduan eta gehiago gozatzen duzu. Apurka-apurka joan nintzen, buruari eta gorputzari kasu eginez. Neure burua gehiago ezagutzeko balio izan zidan bidaia horrek.

Ana Zamorano

Bizikletaz egindako lehenengo bidaia. Hego Amerika osoa zeharkatu zuen bizikletaz Ana Zamoranok, 2018an. Txilen hasi, eta Mexikon amaitu zuen. Irudian, Boliviako emakume batekin. / Ana Zamorano

Everest (Himalaia, Nepal, 8.848 metro) eta Annapurna (Himalaia, Nepal, 8.091 metro) mendien beheko kanpalekuetan ere egona zara.

Hego Amerika zeharkatu ondoren joan nintzen haietara. Indian egon nintzen bi hilabete, eta hurrengo hilabetean Nepalera joan nintzen. Asko erakartzen ninduen.

Askok esaten dute bidaiari ona izateko oso gutxirekin bidaiatzen ikasi behar dela. Zuri ere hala iruditzen zaizu?

Inolako zalantzarik gabe. Motxilarekin bidaiatzean ikasten da hori, baina, bizikletaren kasuan, are muturrekoagoa da egoera: zenbat eta pisu gehiago izan, orduan eta gehiago kostatuko zaizu aurrera egitea. Bizikletaz egin nuen lehenengo bidaian, kasurako, 55 kilo materialekin abiatu nintzen, eta 30 kilorekin amaitu nuen. Ura izatea da garrantzitsuena; gainerakoa bigarren maila batean geratzen da. Horrez gainera, herrialde bakoitzera egokitzen jakitea ere garrantzitsua da.

Gazte-gaztetatik hautatu zenuen hala bidaiatzea. Zailtasunik izan al zenuen?

Ziur nengoen hala bizi nahi nuela. Beraz, ez zitzaidan askorik kostatu erabakia hartzea. Aurrezkiak nituen, eta denbora, osasuna eta gogoa. Nire bizitzako garairik onena zen, eta aukera aprobetxatu nahi nuen.

Eta, hasiera hartan, izan zenuen erreferenterik?

Ez, eta emakumeak are gutxiago. Gerora egindako bidaietan jende asko ezagutu dut, baina oraindik ere kostatu egiten da emakumezkoak aurkitzea.

Nola prestatzen zara bidaia bat egin aurretik?

Mentalki prestatzea da garrantzitsuena. Ziur egotea da gakoa, eta zeure burua bidaia egiteko prestatu behar duzu. Zoria alde izatea ere garrantzitsua da, eta, alde horretatik, ni zorteduna izan naiz.

Hobeto bidaiatzen da bakarrik?

Desberdina da. Nik oso gustuko dut bakarrik bidaiatzea. Nahi duzuna egiteko eta nahi duzun modura antolatzeko askatasun osoa duzu; baina, aldi berean, badaude beste pertsona batzuekin bizi nahi dituzun momentuak ere. Beste batekin bidaiatzeko orduan, kontuz ibili behar da: pertsona egokia izan behar da, edozertara moldatzeko gaitasuna izan behar du…

Inoiz esan al dizute zerbait emakumea eta bidaiaria izateagatik?

Sarritan. Gehienak harritu egiten dira, eta seme-alabak eta senarra non utzi ditudan galdetzen didate. Boliviako emakume batek esandakoak, esate baterako, zer pentsatua eman zidan: inork ez ninduela maite eman zidan aditzera. Orduz geroztik ere, hainbatetan galdetu izan didate, eta, egia esan, zer pentsatua ematen du. Ziur nago gizonezko bat ikustean ez diotela halako ezer esango.

Eta beldurra sentitu izan al duzu?

Oso gutxitan, baina bai. Beti egon behar da erne, ezustekorik ez izateko. Emakumea izanda, egoera gogorrak bizi izan ditut, eta, alkohola tartean dagoenean, zer esanik ez. Lasaitasuna kudeatzen ikastea da garrantzitsuena. Hala ere, meteorologiari dagokionez bizi izan ditut izualdi gehien. Behin, adibidez, elur ekaitz batek harrapatu ninduen Txile eta Argentina artean. Bizikletan nindoan, eta ez nuen ezer ikusten. Kamioi batean sartu nintzen kamioilari batekin, eta egun eta erdi igaro genuen bertan harrapatuta. Suhiltzaile batzuek erreskatatu gintuzten.

Zer esango zenieke bakarrik bidaiatzera ausartzen ez diren emakume horiei guztiei?

Pausoa ematera ausartzeko. Mundua ez da irudikatzen duten bezain okerra; jendea ona da, oro har. Eta jende gaiztoa edonon dago, baita etxe alboan ere. Pixkanaka joan behar da konfiantza hartuz. Munduko beste aldera bidaiatu beharrean, etxetik gertu eta eroso sentitzen diren lekuren batera bidaiatzeko gomendatuko nieke. Bizitako esperientzia guztiak dira aberasgarriak, eta, apurka bada ere, euren buruarengan konfiantza hartuz joango dira.

Ikus-entzunezko ikasketak egin zenituen unibertsitatean, eta, gaur egun, horretaz bizi zara.

Autonomoa naiz, eta nik nahi dudan moduan antolatzen naiz. Urtean ordu asko sartzen ditut, baina uda aldera bi edo hiru hilabete hartzen ditut beti bidaiaren bat egiteko. Gustuko dut bizitza mota hau.

Egun, edonork ateratzen ditu argazkiak sakelako telefonoarekin. Zure kasuan, zer euskarri erabiltzen duzu?

Argazki kamera. Pisu handia du, baina gero eskertu egiten da: kalitateak ez du inolako zerikusirik.

Zein da zure hurrengo helmuga?

Iranera itzultzea gustatuko litzaidake, baina orain ezinezkoa da, matxinadak baitaude. Bi helmuga nagusi ditut, oraingoz: Indiako Himalaia edo Pakistan.