Mendia, inklusiorako eta kultur aniztasunerako tresna

Mendia, inklusiorako eta kultur aniztasunerako tresna

Olatz Silva Rodrigo

Argentinan daude Ibilki mendi taldekoak. Azaroaren 1ean joan ziren, eta hilaren 17ra arte egongo dira han. Herrialde hartako X Mas Inclusion en el Deporte elkartearekin batera, mendiko jarduera batzuk egingo dituzte; hala nola, 6.000 metroko bi gailur igoko dituzte: Cerro del Volcan Galan (5.985 metro) eta Cerro Nevado de Laguna Blanca (6.012 metro). Bi taldeetan ikusmen desgaitasuna dutenek hartuko dute parte. Ridoaune Chakouch Laman barakaldarra Ibilkikoekin joan da. “Oso ondo gaude hemen. Mendi horiek igotzeko, denbora behar dugu aklimatatzeko, oso garaiak direlako eta ez gaudelako ohituta horrelako altuerara. Lasai egin nahi ditugu”. Hark adierazi duenez, egunotan hango jendea ari dira ezagutzen. Izan ere, jardueraren helburuetako bat da kultur aniztasuna sustatzea. Horretarako, Catamarca probintziako herritarrekin hainbat jarduera antolatu dituzte.

“Kultura trukea asko interesatzen zaigu”, esan du Christian Lauro Rodriguez Morales Ibilki taldeko idazkari eta gidak. Mendia da “tresna” topaketa horiek antolatzeko. “Altueraren ezaugarriak ez ezik, kultur arloa ere bilatu dugu aukeratu ditugun mendietan”, azpimarratu du Rodriguezek. “Oso ezagunak ez diren eta igoera gutxi dituzten bi mendi aukeratu ditugu. Politak dira, eta Kolon aurreko kulturarako oso garrantzitsuak, bietan aztarna arkeologikoak aurkitu baitituzte”. Menditik hurbil bizi diren komunitate indigenekin batera egin nahi dute esperientzia, gainerako mendietatik eta mendiko turismotik aldenduta.

Ez da Chakouchek parte hartu duen lehen aldia. Marokoko —bere sorterria— Tubkal mendia igo du Ibilkirekin; 4.160 metro inguruko garaiera du. “Niretzat, garrantzi handiko kontua da hori; ikusteko dudan arazoa izanda , ez nuen inoiz pentsatuko lortuko nuenik”, aitortu du Chakouchek. Eta ez zuen inoiz imajinatuko ere mendi txikiak igoko zituenik, “baina Ibilkiko gidariek oso erraz egiten dute”.

“Erretinosi pigmentarioa dut, ikusmen urritasuna”, azaldu du Chakouchek. Norabide barra baten laguntzaz igo zuen Tubkal: “Ia hiru metro luze den aluminiozko barra bat da. Ikusmen desgaitasuna duena erdian jartzen da, eta aurretik eta atzetik, gidari bana. Horrela, seguru zoaz. Barra amildegia dagoen aldean jartzen dute, eta horrek babesten zaitu, eta segurtasuna ematen”.

Marokoko esperientzia “oso positiboa” izan zen harentzat. “Helburua lortu genuen, gailurrera iritsi ginen, eta esperientzia jendearekin batera egitea oso aberasgarria izan zen”. Gainera, “oztopoak apurtzen” lagundu zion: “Askotan, oztopoak gehiago dira mentalak, benetakoak baino”. Oraingo esperientzia ere horrela izatea espero du: “Gogotsu nago, nahiz eta errespetua izan; mendi horietan hotza egingo du, eta ez da erraza izango, baina bi taldeekin seguru joango gara. Helburua lortzea espero du Ibilki taldeko kideak.

Argentinakoekin elkarlana

Getxokoa da Ibilki mendi taldea. Hogei urte daramatzate mendizaletasun inklusiboarekin lotutako jarduerak egiten, eta zeharkako gaiak lantzen dituzte: desgaitasuna, kultura aniztasuna, immigrazioa, errefuxiatuak, emakumeak eta etxerik gabekoak. Bizkaiko Mendizale Federazioaren parte dira, eta Euskal Mendizale Federazioaren eta Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioaren parte ere bai.

“Irteerak pertsona guztientzat antolatzen ditugu”, azaldu du Rodriguezek. Denek elkar laguntzeko, nahasketa egiten saiatzen dira: “Adimen urritasuna dutenak beste talde batzuen gida izan daitezke; edo ikusmen desgaitasuna duen norbaitek beste itsu batzuk gida ditzake”.

Normalean, Ibilkoek bilatu izan dituzte taldeak beste herrialde batzuetan: “Desgaitasuna dutenen elkarteekin edota mendi taldeekin harremanetan jarri ohi gara, bertara joan eta jarduerak egiteko, hala nola Armenian, Norvegian eta Txekiako Errepublikan”. Oraingoan, ez da horrela izan. Pandemia garaian, argentinarrak Ibilkirekin jarri ziren harremanetan. Buenos Airesen eta Argentinako Kordoban, mendiko jarduerak antolatzen dituzte desgaitasunen bat dutenekin.

Bi urtez ibili dira elkarlanean. Ibilkik tailerrak eman dizkie, eta eurek alde praktikoa egin dute. Argentinako taldeak hainbat irteera antolatzen ditu, eta beti gonbidatzen du Ibilki: “Aurten, pentsatu gabe erosi ditugu txartelak, eta hemen gaude orain; dena oso azkarra izan da”.

Argentinako taldetik seik hartu dute parte esperientzian, eta Ibilkiko hiruk. Chakouch eta Rodriguezekin batera, Ruth de la Hera Rodriguez gida joan da hara. Chakouchek bertakoekin duten hartu-emana azpimarratu du: “Hemengo jendearekin dugun harremana ez da ona: oso ona da”.