Memorian gal ez daitezen

N. S. O.

Euskal Herriko LGTB mugimenduaren sorburua Durango izan zela kontatu zion Imanol Alvarez EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko kideak Ekaitz Herrera kazetariari, Anboto agerkarirako egin zion elkarrizketa batean: “Esan zidan Durangon sortu zela Euskal Herrirako LGTB mugimendu bat eratzeko ideia, 1976ko Euskal Liburu eta Disko Azokan”. Alvarezek aspaldiko lagun batekin egin zuen topo azoka hartan. “Lagun hura Erresuma Batuan bertako Gay Liberation Front gayen askapen mugimendua ezagututa bueltatu zen Euskal Herrira, eta Imanoli esan zion Euskal Herrian ere halako mugimendu bat sortu beharko luketela”. Mugimendua geroago Bilbon “ofizial egin” bazuten ere —1977aren hasieran—, hazia Durangon jarri zutela ekarri du gogora kazetariak.

Datu hori jakinda, argitu behar zituen galdera asko sortu zitzaizkion Herrerari: “Zer gertatu da hemen? Zer historia daude? Zer ibilbide izan du LGTB mugimenduak?”. Horiek guztiak argitu eta informazioa liburu batean biltzeko lanean ari da. “Idatzita geratu behar du. Ez badugu idazten, haizeak eramango du”, esan du.

Bi etapa

Lanari ekin dio jada. Elkarrizketa batzuk egin ditu, eta, ondorio batzuez gain, lanak hutsune batzuk ere izango dituela jabetuta dago. 1970eko hamarkadako hastapenetatik hasi eta ia gaur egunera arteko ibilbidea irudikatzea du helburu.

EHGAMek Durangaldean bi fase izan zituela azaldu du: “Durangoko Azokako sorrera eta horren osteko garaia” dago, batetik. Aro hark hilabete gutxi iraun zuela esan du. “Militanteak nekatu egiten ziren, edo batzuek Bilbora jotzen zuten, eta hango mugimenduan engaiatzen ziren”.

Bestetik, 1990eko hamarkadakoa ekarri du gogora: “Bigarren etapa bost gaztek abiatu zuten, 1990eko hamarkadan. Euren burua heterodisidentetzat zeukaten militanteak ziren, ez zirenak identifikatzen sistema heteroarekin, eta euren bizitza, sexualitateak eta identitateak ez zituzten bizi nahi Bilbon, hirietan edo sexilioan, baizik eta Durangon bertan, euren eskualdean”. Durangaldeko EHGAM eratu zuten orduan, eta, Herreraren esanetan, horrekin hasi zen mugimenduaren “bigarren aroa” eurenean.

Lau urteko aktibismoa eraman zuen horrek eskualdera. “Tentsioak, lorpenak zein garaipenak” uztartu ziren etapa horretan. Garai hartan muntatu zuten “seguruenik Durangaldeko lehenengo LGTB txosna izango zena, Elorrioko jaietan”, ekarri du gogora. Mugimendu hura “mugarri txiki bat” izan zela esan du Herrerak: “Batez ere, LGTB mugimendua gizarteratu zuten, eta ikusgai egin zuten euren jardunbide politikoa”.

Ibilbidea osatzeko zailtasunak aurkitu ditu. Besteak beste, hiesaren bizipenei lotutako testigantzarik ez du lortu, oraingoz. “Gai hori tabua da, estigmatizatuta dago”. Generoari dagokionez, 1970eko hastapenetako emakumeen lekukotzak aurkitzea zailago gertatzen ari zaio. “Batek esan duenez, lesbianak ikusezinago egon dira, sexualitatea kendu izan baliete bezala. Gayak bazterrean zeuden, eta lesbianak ikusezinak ziren”. Joera hori aldatzean ari dela esan du Herrerak.