Ikusezin jarraitzen dute oraindik

Ikusezin jarraitzen dute oraindik

Natalia Salazar Orbe

Helburu jakin batekin abiatu zuten Gu ere bagara proiektua Julen Nafarrate kazetariak eta Ines Bermejo artistak: 65 urtetik gorako Getxoko LGTBI pertsonei “ikusgaitasuna eman eta euren historiak zabaltzeko”, kazetariak kontatu duenez. Testigantzak emango zizkieten adinekoen bila hasi, eta ez zuten lortu gizarteari bere historia kontatzeko prest egongo zen inor. Pertsona horien bizipenak anonimotasunez kontatzeko aukera zabaldu zutenean lortu zuten, kostatuta izan bazen ere, lekukotzak jasotzea. Nafarratek azaldu du baldintza batzuk bete behar izan dituztela euren bizipenak kontatzeko: “Ezin genituen erabili haien izenak, haien argazkiak ere ez ez gaur egungoak, ezta zaharrak ere—, eta haien historia ere ezin dugu kontatu osorik”. Muga horiek baldintzatuta, proiektuari beste itzuli bat eman diote: Getxoko kaleetara eta metroaren geltokietara zabaldu dute erakusketa bat. Bertan, modu ikusgarrian jaso dituzte adineko LGTBI pertsonen oroitzapenak eta kontakizunak. Esaldi esanguratsuetan laburbildu dituzte haien bizipenak, betiere haien anonimotasuna errespetatuta.

“Gogoratzen dut behin, Gurea zinemetan, bi mutil iraindu zituztela elkarri musuka ari zirelako”. “Hain ederra izanda, ez nuen pentsatzen lesbiana zinenik”. “A zer atsekabe hartu nuen marikoia zinela esan zidatenean. Hala ere, lasai egon, ez zaizu batere nabari”. “Bilboko EHGAMen festetara joaten ginen buruari atseden ematera eta gorputza nekatzera”. Nafarratek eta Bermejok LGTBI kolektiboko adinekoekin hitz eginda jaso dituzten kontakizunetako batzuk besterik ez dira. Era horretako esaldiak dira Getxoko hormetan ikusgai jarri dituztenak.

GU ERE BAGARA PROIEKTUA

Hainbat ondorio

Hein batean lortu dute “gaiari ikusgaitasun puntu bat ematea”. Nafarratek esan du hasieratik ez dutela izan zalantzarik: “Gure lehen helburua izan da pertsona guztiak eroso sentitzea prozesu honetan. Eta konpromisoa hartu genuen haien anonimotasuna mantentzeko”. Horretarako denetariko arrazoiak izan dituzte elkarrizketatuek. “Batzuek, ez dutelako jendearen ahotan egon nahi; beste batzuk, oso diskretuki bizi izan direlako eta horretara ohituta daudelako; eta beste batzuk, erasoen beldur direlako. Batek zuzenean esan zigun: ‘Ez dut aurpegia emango, ultraeskuinaren beldur naizelako’. Hori 80 urteko pertsona batek esateak zer pentsatua ematen du”.

Elkarrizketan bildutako bizipenak kontuan hartuta, hainbat ondorio atera dituzte Nafarratek eta Bermejok. Nafarratek esan du bistan dela gauzak ez direla askorik aldatu: “Zer gertatzen da gaur egun oraindik gure gizartean gure herriko adineko pertsona batzuek ez sentitzeko nahikoa konfiantza euren bizitza kontatzeko? Horrek erakusten du zer-nolako egoeran gauden oraindik”.

Bigarren ondorio nagusia da elkarrizketatuek herritik alde egiteko beharra sentitu zutela: “Sexilio” bezala definitu du Nafarratek. “Zergatik alde egin nuen Algortatik? Lesbiana naizelako”, dio horma irudietako batek. “Hori ez dugu asmatu guk”, zehaztu du kazetariak, “kontakizunetako bat da”, gaineratuta. “Nahiz eta Getxo herri handia izan, batzuek alde egitea erabaki zuten, hemen zail egiten zitzaielako sexu aniztasuna askatasunez bizitzea. Hiri handietara joaten ziren”. Horrek “ezinegona” sortu dio herrian bati baino gehiagori. Itzubaltzeta auzoan, esaterako. “Getxon auzo langilerik badago, hori Itzubaltzeta da. Hamaika borrokatan sartuta egon da. Hala ere, bertako batek esan zigun: ‘Bai, bai, Itzubaltzeta hamaika borrokatan sartuta, baina sexu askapenekoak, batere ez'”.

GU ERE BAGARA PROIEKTUA

Bestalde, proiektuaren bidez, sumatu dute adinekoen artean gero eta nabarmenagoa den bakardadea are handiagoa dela LGTBI kolektibokoen artean, eta, era berean, adinekoak ez direla identifikatuta sentitzen gero eta gehiago hitz egiten den LGTBI kolektibo horrekin. Getxoko Udaleko Sormen beka baliatuta abiatu zuten lana, maiatzean. Emaitzak jasota, Dantzerti antzerki eskolak antzezlan batean islatuko du, Zinegoak-ekin elkarlanean.