Ea zer dagoen gaur euskaraz

Ea zer dagoen gaur euskaraz

Ibai Maruri Bilbao

Gaur hasi eta datozen zazpi egunetan pantailen bidez euskaraz kontsumitzeko eta sortzeko konpromisoa hartu du Andoni Solorzano sondikoztarrak, baina badaki kostatuko zaiola: “Ez dut sorpresarik espero. Seguru nago zailtasunak izango ditudala”. Pantailak Euskaraz plataformak martxan jarritako Pantailaldia ariketan hartuko du parte. Bizkaiko boluntarioa izango da, gainera, eta egunero nola doakion kontatuko du sare sozialetan —Twitter eta Instagram erabiltzen ditu—, #Pantailaldia traola erabilita. Besteak beste, Euskaraldirako beroketa moduan aurkeztu dute plataformatik ariketa hori, eta, hartan bezala, honetan ere gura duten herritarrek izena emateko aukera izan dute. Pantailaldiarekin, herritarren hautuan indarra egiteaz gain, horretarako zer zailtasun dauden azaleratu gura dute.

Solorzanorenean, batez ere, gauez kontsumitzen dute telebista, urte biko umea oheratzen dutenean: ohiko telebistan ETB1 kontsumitzen dute tarteka, baina, batik bat, plataformak. Kexatu da eskaintza oso urria delako euskaraz. “Ez dakit zenbat telebista kate ditugun. 60ren bat? Baina euskaraz oso-oso gutxi daude: ETB1, ETB3, Hamaika, Oizmendi [Busturialdeko eta Lea-Artibaiko tokiko telebista] eta besteren bat baino ez. Plataformetan ikusten dugu fikzioa, eta hor eskaintza oraindik txikiagoa da”. Kontsumitzen duen gehiena zientzia fikzioa izaten da, eta badaki telebistan dituen aukeren artean ez duela horren eskaintzarik topatuko: “Zientzia fikzioa ikusteko, ordainpeko plataformetara jo beharko dut, badakit-eta ohiko euskarazko telebista kateetan ez dudala ezer topatuko, baina plataformetan ere ez dakit euskaraz zer egongo den”.

Sakelakoan ere asko ibiltzen da Solorzano, sare sozialen erabiltzailea delako. “Whatsapp eta bestelakoak ez daude euskaratuta. Nik gehienbat Twitter erabiltzen dut; han agertzen zaidana filtratzeko aukerarik ez dago. Igual badago eraren bat horretarako, eta egunotan jakingo dut zelan egin”. Pentsatu du egunotan agian gutxiago sartu beharko duela sare sozialetara, nahiz eta Pantailaldia dela-eta txio gehiago idatzi beharko dituen.

Azken batean, esan du euskaraz kontsumitu ahal izango dituen eskaintzetara egokitu beharko duela. “Euskaldunok ohituta gaude, aspalditik, dagoenarekin konformatzera. Telebistan ere hori egiten dugu: dagoena ikusi, eta ez une horretan nahi duguna”. Iruditzen zaio garai batean euskarazko telebistak orain baino eskaintza “zabalagoa” izaten zuela, eta “errazagoa” zela gustuko gauzak aurkitzea.

Zineman, okerrago

Pantailaldian kontsumitzeko beste aukera bat zinema aretoetan izango dute. Arlo horretan egoera okerragoa dela esan du Solozanok. Sondikakoan ez da euskarazko filmik ematen. “Inguruan zer aukera dauden begiratuko dugu. Bilbo paraje dugu, eta han igual aukeraren bat edo beste izango dugu”. Begiratu du, oro har, zer-nolako eskaintza topatu dezakeen egunotan, eta ikusi du 700ren bat filmetatik soilik bost bat daudela euskaraz.

Umea oraindik gaztetxoegia dela-eta, ez diote sakelakoa erabiltzen uzten. “Inguruko familietan, haren adinekoek erabiltzen dituzte, eta badakigu pare bat urte barru guk ere ezingo dugula saihestu”. Esan du ume txikientzat eduki gehiago daudela euskaraz, nagusientzat baino. “ETB3n marrazki bizidunak daude ume txikientzat. Hiru klubaren plataforman ere bai, Interneten. Youtuben ere bai. Baina 12 urtetik gorakoentzat askoz eduki gutxiago daude, eta, orduan, erdarara jotzen hasten dira gura duten hori topatzera”.

Saiatzen dira umeari ipintzen dizkioten abesti guztiak eta noiz edo noiz erakusten dioten bideoren bat euskarazkoak izan daitezen. Haren esanetan, ikusten du inguruko familietan ez dagoela halako kontzientziarik, eta topatzen dutena jartzen dietela sarritan umeei, zer hizkuntzatan dagoen kontuan hartu gabe; iruditzen zaio horrek zuzenean eragiten diela umeen hizkuntza ohiturei.

Ia mila lagun euskaraz berbetan Bilbon

Bilboko Udalak eta euskaltegiek deituta, ia mila lagun IX. Berbagunean elkartu ziren herenegun, Bilboko Azkuna zentroan (goiko argazkian). Goizez eta arratsaldez, hirurehun laguneko txandak atondu zituzten. Helburua izan zen talde txikietan elkartu eta nahi zutenari buruz euskaraz berba egitea.