48 bertsolari hasi dira lehian Bertsolari Gazteen BBK sariketan

48 bertsolari hasi dira lehian Bertsolari Gazteen BBK sariketan

Olatz Enzunza Mallona

Astelehenean hasi zen Bizkaiko Bertsolari Gazteen 30. BBK sariketa, Markina-Xemeinen. Ilusioa nabaria da aurtengo aldian. “30 urte ez dira gutxi. Berezia izango da, eta merezi bezala ospatuko dugu”, aurreratu du Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Bizkaiko zortzi eskualdetako 48 bertsolari arituko dira kantuan, eta lurraldeko bertsolari gazteen talderik onena bilakatzea izango dute helburu. Finala abenduaren 1ean izango da, Bilboko BBK aretoan.

Baldintza bi ditu sariketak: eskualdeka eta taldeka jokatzen da. Sei bertsolarik osatuko dute eskualde bakoitzeko taldea. Horietatik hiru, 18 urtetik beherakoak izango dira, eta, gainerako hirurak, berriz, 19 eta 25 urte artekoak. Aurten, zortzi eskualdetako gazteak arituko dira lehian: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe-Txorierri eta Uribe Kosta. Saio bakoitzean puntu gehien eskuratzen duen taldeak egingo du aurrera.

Bizkaiko bertsolari gazteak jendaurrean kantatzera ohitzea da txapelketaren helburu nagusia. “Ahalik eta gazte gehienei plaza eskaintzea da asmoa”, kontatu du Olabarriak. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen laguntza izango du sariketak aurten ere.

Talde izaera indartu guran, taldeko plan bat izango da BBK sariketako sari nagusia. Garaikurrak jasoko dituzte finalistek, baina txapelketan parte hartu duten gazte guztientzako asteburu-pasa bat izango da sari nagusia. Horrez gainera, kantaerarik onenaren saria ere banatuko dute.

Berrikuntza bat ere izango du aurtengo aldiak, Olabarriak jakinarazi duenez. Aurreko aldietan bezala, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izango dira kanporaketetako ikusleak; baina finalaurrekoetako ikusleria euskaltegietako euskara ikasleek osatuko dute: “Arratsaldez izango dira saio horiek, eta ikusle mota guztiei atea zabaltzeko asmoz egin dugu hautu hori”. Hala ere, sarrera librea izango da, eta edonork izango du bertaratzeko aukera.

Markina-Xemeingo Plazabarripeko kultur aretoan jokatu zen lehenengo kanporaketa, astelehenean. Lea-Artibaiko eta Arratiako taldeak aritu ziren lehian, eta Lea-Artibai gailendu zen azkenean. Bi egun geroago, asteazkenean, Uribe Kostako taldea nagusitu zitzaion Hego Uribeko taldeari, Leioako Betiko ikastolan.

Datorren astean izango dira hurrengo bi kanporaketak: Bilbon eta Mungian. Kanporaketak amaitzearekin batera, finalaurrekoen txanda helduko da. Zornotzan eta Barakaldon jokatuko dituzte horiek, eta bi finalerdiotan gailentzen diren taldeek jokatuko dute finala, abenduaren 1ean.

Ospakizun festa

1993an egin zuten lehenengoz BBK sariketa, gazteen artean ahozko kulturaren adierazpiderik errotuena sustatzeko asmoarekin. Hiru hamarkada bete ditu jada, eta 30. urteurrena ospatzeko “ekitaldi berezi bat” egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Finaleko sariketarekin batera egingo dute ekitaldia, eta “hainbat kontu” prestatu dituztela azaldu du Olabarriak: “Bertso sortak, argazki zaharren erakustaldia, brindisa…; denetarik egongo da. Baita libreko saio bat ere”.

Sariketaren 30 urteko ibilbidean noiz edo noiz parte hartu duten bertsolariak jardungo dira kantuan libreko saioan, eta bakoitzak eskualde bat ordezkatuko du. Hauek izango dira zortzi bertsolariak: Ibon Iza (Arratia), Onintza Enbeita (Busturialdea), Igor Elortza (Durangaldea), Asier Alcedo (Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldea), Oihana Bartra (Hego Uribe), Nerea Ibarzabal (Lea-Artibai), Etxahun Lekue (Uribe Butroe-Txorierri) eta Jone Uria (Uribe Kosta).

Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak adierazi du gaur egun punta-puntan dabiltzan Bizkaiko bertsolari askoren lehen plaza izan dela BBK sariketa: “Bizkaiko bertsolaritzaren harrobia da, eta sariketari esker joan dira bertsolari gisa ere handituz”.

Oihana Bartra da horren adibide. “Jendaurreko nire lehenengo bat-bateko saioa izan zen BBK sariketa”, esan du Bartrak. Urduritasunez oroitzen ditu hasierako urte horiek, baina irribarrea ere atera zaio oroitzapenekin: “Ahotsak dar-dar egiten zidan, eta sekulako estualdia igaro nuen, baina taldean aritzeak asko laguntzen du. Sariketa oso garrantzitsua izan da nire ibilbidean”. Antolatzaileek espero dute txapelketak sendo jarraitzea.