Nola lotu hiria, aldiria eta landa

Nola lotu hiria, aldiria eta landa

Amaia Igartua Aristondo

Jaialdien lehen aldiak bereziak izaten dira, zerbait hastearen ilusioak nekea murrizten duelako; jada hauspoa makalduta ekiten zaizkie bigarren eta hirugarren edizioei, nekezago; eta proiektuok laugarren eta bosgarren aldietan kontsolidatzen dira. Azalpen labur horrekin adierazi du Bia biurteko forumaren ibilbidea Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) Bizkaiko ordezkaritzako eta forumeko presidente Asier Benavidesek, eta nabarmendu du, era berean, aurtengo jaialdiaren mugarri izaera, bosgarren aldiz antolatuko baitute. “Oso berezia da, gure inguruko antzeko kongresu asko bertan behera gelditu direlako finantzaketa faltagatik”. Hiria leheneratzea du hizpide festibalak, oro har, eta hitzaldi sorta bat izaten da ardatza. Horiek asteazkenetik ostiralera bitartean izango dira. Bestelako ekintza batzuk ere egingo dituzte 2023ko lehen hiruhilekora arte.

2030 Lurraldeak: Desberdintasunaren erronka du izena aurtengo forumak. “Hizpidera ekarriko dugu berdintasunik ezaren erronka; batez ere, hiri barrukoa eta hiri eremuen eta landa eremuen artekoa”, azaldu du Benavidesek. Horretarako, NBEren garapen jasangarriaren helburuekin egin dute bat, zehazki 10.arekin —”lurraldeen barruko desberdinkeria murriztea”— eta 11.arekin —”bilatzea jasangarriak, inklusiboak, seguruak eta egokigarriak izango diren komunitateak”—.

Hori horrela, erronka horiek kudeatzeaz jardungo dute hizlariek, arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik. “Hiriaren inguruan hausnartuko dugu, nola berroneratu daitezkeen auzo kaltetuenak balioesteko, eta gogoan izango dugu zer-nolako aukera diren Next Generation funtsak hori dena egiteko”. Bestalde, aldiriak eta landa eremua ere izango dute jomuga, arkitekturaren “erronketako bat” baitira, presidentearen iritziz. “Enklabeetako biztanleen arteko berdintasun eza nola murriztu, lurraldeen aniztasuna babestea eta kontsumo jasangarria sustatzea izango ditugu mintzagai”.

Askotariko mintzaldiak

Asteazken arratsaldean ekingo diote forumari, Bilboko Bizkaia aretoan. Ines Sanchez de Madariaga arkitektoak hitzaldi bat emango du 19:35ean inklusioaren erronkaz, eta azalduko du hori nola gauzatu den Europako hainbat herrialdetan. Sanchez de Madariagaren iritziz, inklusioa da “hirietan garraio publikoko sistema onak izatea, mota guztietako ekipamenduak, espazio libreak eta etxebizitzaren eskaintza arrazoizkoa”.

Bost hitzaldi eta mahai inguru bat eskainiko dituzte ostegunean, online, berreskurapen funtsez eta erabilera eta berdintasuneko espazio berriez. 10:00etan, Agustin Hernandez Ajak aldarrikatuko du berreskurapen funtsek auzo ahuletara joan beharko luketela, han baitago premia gehien, haren arabera. 10:25ean, Txari Vallejo arkitektoak Opengela egitasmoaz jardungo du, Bilboko Otxarkoaga auzoko eta Eibarko Txonta auzoko (Gipuzkoa) esperientziez, hain zuzen: hirien birsorkuntza ardatz duten bulego batzuk dira opengelak, eta eraikinen birgaitze integralarekin zerikusia duten kudeaketak zentralizatzen dituzte: hala nola, agiriak betetzea eta diru laguntzak kudeatzea.

10:50ean, Sonia de Gregorio arkitektoa auzo ahul direlakoez ariko da ikuspegi historiko batetik. 11:15ean, Jose Mansilla Lopez antropologoak espazio publikoaren arantzak izango ditu hizpide: hirietako harreman sozialen erakusle den heinean, espazio publikoan desberdintasuna, bazterketa eta gatazka sozialak gailentzen direla dio. 11:40ean, Ignacio de la Puerta Rueda Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariak hiri berroneratzearen kudeaketaren esperientziak kontatuko ditu. 12:30ean, Gorka Cubes eta Idoia Legarreta arkitektoek, Nolakoa izango litzateke bere biztanleen parte hartzearekin diseinatutako hiria? galderari erantzungo diote, besteak beste:

Ostiraleko hitzaldiak ere online izango dira, eta jopuntuan izango dituzte, oro har, landa inguruaren kudeaketa jasangarria eta landa inguruaren eta hiriaren arteko oreka. 10:00etan, Ruben Mendez Cebrian Publizitateko eta Harreman Publikoetako lizentziaduna kontzientzia kooperatiboa orokortzearen onurez ariko da. 10:25ean, azpiegitura berdeaz mintzatuko da Itxaro Latasa Zaballos Geografian lizentziaduna, eta banda zabala heda dadin bultzatzeko dei egingo du Gorka Estebez Mendizabal Ekonomia eta Enpresa zientzietako lizentziadunak, 10:50ean.

BIA

11:15ean, landa eremuko proiektu handiak eta komunitateak aurrez aurre jarriko ditu Raul Paramo Flores soziologo eta pedagogoak, eguzki plakez solastatuko da Vicent Ripoll Catala irakasletzako diplomaduna 11:25ean, eta Enkarterriko egoeraz mintzatuko da Maria Elena Lacilla Larrrode arkitektoa 11:40an. Landa inguruaren kudeaketa jasangarriaren inguruko mahai ingurua hasiko da 12:30ean.

Bia sariaren banaketak itxiko du aurtengo foruma, Euskalduna jauregian. Juan Herreros arkitektoari egokitu zaio aurten. “Gaur egun, joera dago saritzeko ez nazioarteko arkitekto izarraren figura, zeinak proiektu oso ezagun bat duen; baizik eta oraingo sentsibilitatea biltzen duten arkitektoak: gizarte kontzientzia, ekologia…”, Benavidesen hitzetan. Herrerosen kasuan, Bilboko proiektu batean islatu ditu ezaugarri horiek; esate baterako: Carreras Mugica galeria artistikoaren berriztatzean.

Ibilaldiak, lehiaketak…

Profesionalen hitzaldiez gain, bestelako ekintzak ere antolatzen ditu Bia plataformak. Hainbat lehiaketa abiatuko dituzte gaurtik aurrera, eta hiru erakusketa hartuko ditu EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzak: elkargoaren sarien erakusketa, azaroaren 28ra bitarte, eta, abenduan eta urtarrilean, Lina Bo Bardi eta Matilde Uzelai arkitektoen inguruko erakusketak bisitatu ahalko dira. Horrez gain, azaroaren 5, 6, 12, 13, 19 eta 20an, bisita gidatuak egingo dituzte itsasontziz itsasadarrean zehar gertatzen ari den hiri berroneratzeren inguruan; 12an eta 19an, bizikletaz ere egingo dituzte ibilaldiak, prozesuaren beste ikuspegi bat eskaintzeko; eta Enkarterrietara bisita bat egingo dute autobusez bihar, hausnartzeko pandemiaz geroztik aldiri bilakatu den landa eremuaz.

Asier Benavides